Minari, oroimena

Minari, oroimena

Unai Zubeldia

Ospakizunetik urrun dago Intxorta. Orain 80 urte, 1936ko gerran, faxisten erasoaldiei eusten ari zen frontea. Zazpi hilabeteko borroka luzearen ondoren, apirilaren 24an erori zen gudari errepublikano eta nazionalistek osatutako Intxortako frontea —Italiako gerra hegazkinek 100 kiloko 42 bonba, 50 kiloko beste 96 eta 20 kiloko 16 jaurti zituzten Elgeta gainera—. Baina, erasoak eraso, herio betean, erresistentziaren ikur bihurtu zen fronte hori, frankistek behin eta berriz atzera egin behar izan zutelako etengabeko eraso ahaleginean. Minetik asko dauka oroimenak, hilketen, bortxaketen, lapurreten… lekuko izan zelako herria. Baina indarretik eta harrotasunetik ere badauka zati handi bat Intxortako erresistentziak.

Eta, hain zuzen ere, oroimen horri helduko diote Elgetan igandera bitartean. Atzo egin zuten lehen ekitaldia: Memoriaren ganbaratik dokumentala eskaini zuten udaletxean. Eta egitarau bete-betea daukate hurrengo hiru egunetarako ere. Robert Egby eta Nicholas Rankin idazleek hitzaldia eskainiko dute gaur, eta antzerki emanaldiak eta bisita gidatuak izango dira bihar. Orkresta elektrotxaranga taldea ere kalez kale ibiliko da giroa alaitzen. Etzi, berriz, Intxorta Egunean, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Behin Elgetako plazan ongietorria eginda (10:00), Elgeta duela 80 urte antzezpena eskainiko dute segidan, eta gudari eta milizianoak frontera joango dira 11:00etan. Azken urteotan bezala, Intxortako borroken birsortze herrikoia egingo dute ondoren (11:30), eta 12:15ean abiatuko da ibilaldia Elgetara, Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez lelopean.

Zortzi hamarkada geroago, “frankismoaren inpunitatea amaitzeko” eskatu dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak, eta lanketa berezia egin dute “justizia eskaerarekin zegoen zorrari begira”. Alde horretatik, memoria jardunaldiak egin zituzten iazko urrian, eta frankismoaren krimenen aurkako kereilan sartzea erabaki zuen udalbatzak, aho batez. Intxorta 1937 kultur elkartearen izenean, Nerea Villak udalari eskertu egin dio emandako pausoa. “Guretzat oso garrantzitsua da udalak kereila honetan parte hartzea; eredugarri zarete beste guztientzat”.

Biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa ere zabaldu zuten urte hasieran, eta testigantza haiek oinarri hartuta osatu dute 1936-37ko gerran faxismoak eraildako 32 elgetarren zerrenda. “Ezagutzen ez genituen kasu eta hobi batzuk aurkitzen lagundu digute testigantza horiek, eta oso aberasgarria izan da egia osoa ezagutzeko eta justizia eskatzeko”. Hala zehaztu zuen Iraitz Lazkano Elgetako alkateak 80. urteurreneko ekitaldien aurkezpenean.

Omenaldia eta bazkaria

Alkatearen hitzetan, “denetik” dago 32 laguneko zerrenda ilun horretan: “Emakumezkoak, gizonezkoak, herrigunekoak, auzoetakoak, frontearen alde bata eta bestea bizi izandakoak, faxisten okupazioa eta erasoa bizi izandakoak…”. Biktima horiei guztiei omenaldia egingo diete pilotalekuan (13:00). “Intxortako erresistentzian parte hartu zuten herritarrak eta 38 batailoiko gudari eta milizianoak goraipatuko ditugu”, gaineratu du Intxorta 1937 elkarteak. “Haien borroka eta askatasunaren aldeko defentsa eredugarria izan zelako”. Behin omenaldia amaituta, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan bertan; txartelak salgai daude udaletxean. Condor Legioari buruzko erakusketa ere ikusgai izango da kultur etxean.

Minetik eta oroimenetik, 80 urte atzera egin eta igandera bitartean herri baten memoria gogoratu eta aldarrikatuko dute Elgetan. “Hainbeste denboran isilduta egon diren herritar askoren memoria”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.