[Herriz herri] Mendaro. Gaztea, eta gaztetua

[Herriz herri] Mendaro. Gaztea, eta gaztetua

Unai Zubeldia

Lasaia da herria, umeak hazteko aproposa; ingurune ederrean dago, mendiz inguratuta, eta pasealeku zoragarriak dauzka oinez ibiltzeko”. Hortxe Sonia Garcia alkateak (Mendaro, 1974) Mendarori buruz egin duen aurkezpena. Gipuzkoaren ipar-mendebaldean dago herria, Debabarrena eskualdean; 24 kilometro koadro dauzka, eta 2.000 biztanle inguru. Inguruan, Mutriku, Deba, Elgoibar, Azkoitia eta Markina-Xemein ditu.

Oso gaztea da Mendaro, 1983an sortu baitzen herri gisa. “Herria bitan banatuta egon da historikoki; Mutrikuko Udalarena zen errekaren ezkerraldea, eta Elgoibarko Udalarena eskuinekoa. Horregatik, herri izaera daukan arren, auzoek indar handia daukate oraindik. Ez gara bat oraindik”. Hori bai, bi ikur nagusi dauzka Mendarok: txokolatea, batetik; eta ospitalea, bestetik. “Ospitalearen kasuan, bere garaian sona handia eman zion herriari, eta mapan kokatzen lagundu zigun”, azaldu du Garciak. “Lanpostu asko sortu ziren herrian, eta oso proiektu garrantzitsua izan zen. Pozgarria da horrelako zerbitzu bat hain gertu izatea”. Ospitalea herrian bertan izanda, bermatuta egoten da, noski, garraio lotura ona, “trenez eta autobusez”.

Proiektu erraldoiekin erotu gabe, “lan txiki asko” egiten ari direla azaldu du Mendaroko alkateak —bigarren legegintzaldia du jada—. “Aurreko legegintzaldian, esaterako, ikastolako jolastokia estali genuen, eta, horrez gain, udal eraikinak ere egokitu ditugu azken urteotan: pilotalekua eraberritu egin zen, aldagelak ere bai…”. Irisgarritasunari garrantzi handia eman diote herrian. “Adibide gisa, orain dela gutxi igogailu bat inauguratu dugu bi auzo lotzeko, bi aldapa handi zeudelako tartean”. Alkateak garrantziaren eskalan maila berean jarri du energia alorreko eraginkortasuna ere. “Herriko altzariak ere berritu ditugu; zakarrontziak, umeen parkeak… Eguneroko gauza txiki askorekin gauza handiak egiten ari gara”.

Herritarrengana gerturatu nahi horretan, “aisialdi eta kirol gune bat” egiteko proposamena gorpuzten ari dira. “Kirola egiteko azpiegitura oinarrizkoenak dauzkagu gaur egun: pilotalekua; ikastolako jolastokia, eskola kirolerako eta haurren jolasetarako erabiltzen dena ikastolako ordutegitik kanpo; eta kultur etxea”. Kultur etxean eskaintzen dituzte zumba, dantza modernoak, euskal dantza, pilates, yoga eta gainerakoak. “Hori guztia badaukagu, baina azpiegitura osoago bat behar genuen”. Ospitalearen azpialdean, lursail handi bat dago. “Eta han egingo dugu aisialdi eta kirol gunea. Skate parke bat, paddlean jokatzeko kantxa bat, erabilera askotarako kantxa bat, helduek gimnasia egiteko aparatu osasungarriak, umeentzako ur txorrotak, mahaiak eta aulkiak… Oso proiektu polita da”.

Kaleko bizimodua eta baserrietakoa uztartzeko lanean ari da Mendaro. “Baserri asko daude, nahiz eta, gainerako lekuetan bezala, belaunaldi kontua den gehiago”. Erreleborik gabe, noski, zaila da garai bateko izaerari eustea. Baina biziberritzeko prozesuan itxaropen pixka bat badauka, hala ere, alkateak, egun “haur eta gazte asko” baitaude herrian. “Berriz ere txiki gelditzen ari zaigu ikastola, 300 haur baino gehiago dauzkagulako Mendaron. Bi ikasgela dauzkagu ia maila guztietan. Horrez gain, handia da gazteen kopurua ere”. Etorkizunerako berme hori badauka herriak. “Familiek apustua egiten dute herrian bertan gelditzeko”. Eta azken urteotan kanpotik ere jende asko etorri dela gaineratu du alkateak. Mendaroko langabezia tasa %10 da. “Eskualdeko txikienetan bigarrena”.

Euskal hiztunak, “behera”

Kultur arloan “oso herri aberatsa” da Debabarrena eskualdekoa. “Aurretik zegoenarekin alderatuta, azken bi legegintzaldietan asko zabaldu da eskaintza”, adierazi du Garciak. “Haurrentzat, esaterako, ekintza asko egiten dira, horrek bermatzen duelako arrakasta. Gurasoak eta aitona-amonak egoten dira beti umeak dauden inguruan”.

Izatez, oso inguru euskalduna da Mendaro. “Baina, azken hamar urteotan, murriztu egin da euskararen erabilera”, zehaztu du Garciak. “Ueman sartu gara aurten [Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea], eta %68-69 inguruan gabiltza. Datuak ez dira txarrak, baina jaitsi egin da kopurua”.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, hasieran atez atekoaren aldeko apustua egin zuen udal gobernuak —EH Bilduk irabazi zituen 2011ko eta 2015eko udal hauteskundeak, EAJri aurrea hartuta—. “Baina ikusirik gure bailaran aurrerapausorik ez zela ematen, bosgarren edukiontzia ipintzea erabaki zen”. Erabaki hark “oso harrera ona” izan zuela azpimarratu du Mendaroko alkateak. “Batere hobaririk eta ezer gabe, herritarren %80tik gora animatu ziren izena ematera eta edukiontzi hori erabiltzera”. Hondakinak biltzeko sistema berria jarri dute Deban eta Mutrikun. “Eta sistema hori bailara guztira zabaltzen saiatzen ari gara. Gaur egun, txiparekin funtzionatzen duen edukiontzi marroiaz gain, errefusarena ere txiparen bidez kudeatzea da asmoa”.

Arlo ekonomikoari helduta, Garciaren hitzetan Mendaroko Udalak zeukan “zor guztia kentzea” lortuko dute aurten. “Eta ez da gutxi. Proiektu guztiak gauzatu arren, oso egoera ekonomiko onean geldituko da udala”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.