[Museora] Photomuseum. Irudi bat baino gehiago

[Museora] Photomuseum. Irudi bat baino gehiago

Eider Goenaga Lizaso

Photomuseum museoak 25. urteurrena du aurten. Ramon Serras eta Leopoldo Zugazaren bildumak bat eginda sortutako proiektuak indartsu jarraitzen du mende laurden geroago, eta bisitariak hartzen eta argazkigintzarekin lotutako erakusketak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatzen jarraitzen du.

Duela 25 urte, 1992ko apirilaren 19an, Zarauzko hainbat aretotan zortzi argazki erakusketa antolatu zituzten (Walter Reuter, Raoul Ubac, Joan Fontcuberta, Gabriel Cuallado, Pere Formiguera, Cristina Zelich, Humberto Rivas eta Kutxaren Argazki Artxiboa), eta Aproximación a Walter Reuter, fotógrafo y cineasta en el exilio filma proiektatu zuten. Hura izan zen lehen Argazki Bilera, eta ordutik urtero egin dute. Aurten, apirila eta maiatza artean, Juan Muguruzaren Azalak eta Gabriel Cualladoren Argazkiak erakusketak daude Photomuseumen; Bilera 25 urte geroago erakusketa Sanz Enean; Daniel Sanchezen Tokibanatutako mundua Torre Luzean; eta Alvaro Ledesmaren Uholdearen ondoren Zazpi galerian.

1990eko hamarkadaren hasiera hartan, Serrasek eta Zugazak argazkigintzaren inguruko bilduma zabala zutela azaldu dio Hitza-ri Marcelino Altuna Photomuseumeko langileak (Azpeitia, 1960). “Elkarrentzako kide hoberik ezin zuten topatu. Baten bildumak argazkigintzako tresnak eta kamerak zituen batez ere, eta besteak bibliografia zabala zeukan jasota”. Altunak azaldutakoaren arabera, bi bildumak batu eta museo batean jartzeko laguntza eske atez ate jardun beharrean, zortzi argazki erakusketarekin batera beraiek bildutakoa jarri zuten ikusgai Photomuseum. Argazki museo baten eskema izeneko erakusketan.

Behin-behineko erakusketa hura iraunkor egiteko xedea zuten biek, eta Zarauzko Udalak Villa Manuela eraikineko hainbat solairu eskaini zizkien horretarako. Bertan hasi zuen ibilbidea museoak, eta, 2005ean udalak eraikina berritu zuenetik, eraikin osoa hartzen du. Diskurtso museografikoan aldaketa eragin zuen horrek, baina baita museoaren beraren izenean ere: Photomuseum Argazki eta Zinema Museoa da ordutik.

Erakusketa didaktikoa

Argazkigintzaren historia eta bilakaera modu didaktiko eta ulerterrazean azaltzen saiatzen direla esan du Altunak. “Gure bisitari asko argazkigintza adituak edo zaleak dira, baina bestelakoak ere bai; erakusketa honetan edozeinek goza dezake. Izan ere, gaur egun ez dago inor bere bizitzan argazkiren bat egin ez duenik, kamera bat esku artean izan ez duenik, eta horiek gauza asko ikus eta ikas ditzakete hemen”.

Argazkiaren eta argazkigintzaren arlo guztiak ukitzen dituzte Photomuseumen. “Zinema ere argazkigintzatik dator, fotokopia bat ere argazki bat da, erradiografia bat ere bai; argazkia artea izan daiteke, baina dokumentu bat ere bai, foto-kazetaritza ere hor dago… Azkenean, guk azaldu nahi duguna da argazkia mundu zabal bat dela, eta hori dena hemen bilduta daukagu”. Alegia, argazkia irudi bat da, baina askoz gehiago ere bada.

Museoaren antolaketari dagokionez, Photomuseumen beheko solairua behin-behineko argazki erakusketak jartzeko dute atondua. “Urte osoan izaten ditugu erakusketak, ia etenik gabe”. Gainerako solairuak gaika dituzte antolatuak. “Lehenengo solairuan, argazkigintzaren erabilera ezberdinak agertzen dira: zinematografia, inprimategia, zientzia, arkitektura, foto-kazetaritza… Bigarren solairuan, generoak: erretratua, paisaia, natura hila, arte plastikoak, argazkien manipulazioa… Hirugarrenean, argazkigintzaren teknikak, dagerrotipotik argazkigintza digitalera. Eta laugarrenean, prefotografia da gaia, eta argazkigintzaren eta mugimenduzko irudien aitzindariei erreparatzen diegu”. Horrekin guztiarekin batera, Photomuseumen gaiari buruzko liburutegi espezializatu oso zabala dutela azaldu du Altunak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.