[Museora] Historiaren etxea. Donostiari begirada

[Museora] Historiaren etxea. Donostiari begirada

Eider Goenaga Lizaso

Urgull mendia kokaleku paregabean dago Donostia ikusteko. Ulia eta Igeldo ez bezala, hiriburuaren erdi-erdian dago, eta, alde batera zein bestera begiratuta, hiriaren mugak ikusten dira, bai lurretik, bai itsasotik. Kokaleku horrek leku estrategiko bihurtu du Urgull bere historian, eta, egun, turisten zein tokikoen joan-etorri etengabearen lekuko ere bada. Eta mendiaren punta-puntan, Historiaren Etxea dago; hantxe aritzen da lanean Agurtzane Garai (Bermeo, Bizkaia, 1977), erakusketaren arduraduna, 2007an ireki zutenetik.

“Historiaren Etxean dagoen erakusketaren izenburua Donostiari begira da, eta hori da erakusketa honetan aurki daitekeenaren laburpena”. Eraikinaren barruan, ikuspegi historikoa lantzen dute, eta hiriaren bilakaera historikoa azaltzen dute. “Gainera, terrazara igotzeko aukera dagoenez, hor ikusten da gaur egungo Donostia; baina, aldi berean, oso argi antzematen da non sortu zen Donostia eta norantz hazi zen”. Donostiak hirigintza aldetik izan duen bilakaerak garrantzi handia du Historiaren Etxean.

Baina, dagoen tokian egonda, barrukoa bezain interesgarria da Historiaren Etxearen kanpoko aldea ere. “Urgull mendian gaude, eta Urgull mendira etorri egin behar da. Mendia, bere osotasunean, balio handiko ondarea da; hiriaren bilakaera historiko-militarraren lekuko da, argi ikusten da bere balio estrategikoa, eta erraz ulertzen da zergatik garai hartan Nafarroako Erresumak erabaki zuen Donostian hiri bat egitea”.

Hain zuzen ere, Donostiaren historiaren abiapuntua Nafarroako errege Antso VI.a Jakituna-k 1180an Donostiari hiri gutuna eman zionean jartzen dutela azaldu du Garaik. “Aurrekariak ere aipatzen ditugu, baina batez ere hiri moduan sortzen denetik aurrerako historiari erreparatzen diogu. Gaur egunera arte ez gara iristen, baina bai gerra zibilera arte”. Garairen hitzetan, hori gaurkotzea izan daiteke hurrengo egitekoa.

Bisitariei begira, helburu bikoitza lortu nahi izaten dutela dio Historiaren Etxeko arduradunak. “Erakusketa maila ezberdinak daude. Hau da, Donostiaren historia apur bat ezagutzen duenak bitxikeria batzuk aurkitzea eta ezagutza horretan sakontzea nahi dugu; eta turistek eta bisitariek, begirada bizkor batean, zertzelada nagusi batzuk jasotzea. Eta museoan aldaketak egin ditugu, pieza berriak jarri ditugu, baina beti eutsi diogu diskurtso bikoitz horri, helburua oso ondo betetzen duela uste baitugu”.

Bi solairutan dago antolatuta erakusketa. Lehenengo solairuan, sartu eta berehala, “hiriaren nortasun ezaugarriak” aurkezten dira: sua, merkataritza, arrantza, Donostiaren izaera liberala… Bigarren atala militarren eta zibilen elkarbizitzari buruzkoa da. “Donostian arrantzak eta merkataritzak pisu handia izan dute historikoki, baina militarki ere garrantzitsua izan da beti. Beraz, bi arlo horiek eskutik joan dira eta hala aztertzen ditugu”.

Solairu berean, ikuspegi ekonomikotik aztertzen dute hiriaren bilakaera. “Eta hor, batik bat, itsasoa dago: arrantza zein merkataritza. Baina, baita landa gunea ere, hori askotan ahaztua gelditzen baita”. Garaik nabarmendu du gaur egun Donostiak hartzen duen lur eremurik handiena lehen landa gunea zela, eta nekazaritza garrantzitsua zela tokiko ekonomian. “Inguruko baserritarren azoka zegoen, baina bitxikeria bat gertatzen zen: hiribildua zenez, azoka egiten zen harresien barruan; baina, aldi berean, gotorlekua ere bazen, eta horrek gauero ateak ixtea eragiten zuen, eta baserritarrek atera egin behar zuten egunero”.

Bigarren solairuan hirigintza ikuspegia lantzen da batez ere. “Ardatza hiria bera da. Hasierako harresiak nolakoak ziren, nola garatu ziren; eta, nola ez, 1864an harresiak eraitsi zirenetik, hiriak nolako bilakaera izan duen, hor gertatu baitzen aldaketarik handiena”. San Telmori buruzko atal bat ere badago solairu horretan.

Bisitari andana

Izan ere, San Telmo museoa obratan zegoela erabaki zuten Urgullen Historiaren Etxea jartzea museoak berak zein Donostiako Udalak; San Telmo museoko hainbat pieza Urgullera eraman, erakusketa atondu, eta ordutik San Telmo museoko erakusketa iraunkor bat da. “Biek elkar osatzen dute: San Telmon, Euskal Herriaren historia ezagutzen du bisitariak, eta, hemen, Historiaren Etxean, Donostiaren historia. Osagarriak dira, eta saiatu gara eta saiatzen ari gara jendeak bi museoak bisita ditzan, baina bisitarien profila oso ezberdina da batean zein bestean”. Kokalekuagatik izan daitekeela uste du Garaik, baina Historiaren Etxeak duen bisitari kopurua ezin da alderatu Gipuzkoako museo gehienek dituzten kopuruekin. “Iaz, 150.000-170.000 bisitari artean izan genituen, eta %50 atzerritarrak izan ziren; aurten, ireki dugunetik hilabete luze igaro den honetan, 16.000 bisitari izan ditugu jada”. Bisitarien %7, bestalde, donostiarrak izaten direla zehaztu du Garaik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.