[Herriz herriz] Orexa. Herria bizi mantentzeko lanean

[Herriz herriz] Orexa. Herria bizi mantentzeko lanean

Rebeka Calvo

Nafarroako mugan dago Orexa. Lizartza pasatu, eta ezkerretara egin behar da errepidean, maldan gora. Herri txikia da, eta ehun biztanleak pasatuta baditu ere, garai batean bezala egiten dute lan herritarrek, parte hartzean eta auzolanean oinarrituta. “Lehendik datorkigun ohiturari eutsi diogu. Ehun biztanletik behera genituenean, udalbatza ireki bezala funtzionatzen genuen; erabakiak alkateak eta zinegotziek bakarrik hartu beharrean, batzarrak hartzen zituen. Legez hartzen ziren erabaki horiek”. Eneko Maioz Orexako alkateak (1984, Donostia) azaldu du bost zinegotzi dituztela orain. “Baina sistema berari eutsi diogu. Batzarrak egiten jarraitzen dugu, eta egiten ditugun ohiko bilkura guztiak batzar bezala egiten ditugu; hor hartzen dira erabakiak, eta, hori bermatzeko, parte hartze ordenantza bat jarri genuen martxan”.

Garai gozoa ari dira bizitzen Orexan: 18 urtetik beherako 34 gazte daude herrian, eta jendearen parte hartzea “eredugarria” da oso. Lanaren ondorio da hori. “Eredu izan nahi dugu; gure txikitasunak aukerak ematen dizkigu. Energia alorrean edo parte hartzean erreferente izateko aukera dugu”, gaineratu du alkateak. “Herrian badugu zentral hidroelektriko bat, eta horrekin zer egin ari gara aztertzen. Ez da posible izango berriz ere martxan jartzea, baina bestelako irtenbideak aztertzen ari gara”. Udal eraikin guztiak pellet berokuntza sistemarekin dauzkate Orexan. “Eta tabernan eguzki xaflak jarri nahi ditugu. Gure txikitasunak aukera asko zabaltzen dizkigu, eta herri txikia izateak dituen abantailak baliatzen ditugu”.

Herrian gazte asko egotea ere “pozgarria” dela dio alkateak, baina erantzukizuna ere badutela gaineratu du. “Momentu onean gaude, eta uste dugu norabide egokian ari garela lanean. Guk gure eredu propioa nahi dugu; 18 urtetik beherako gazteei Orexan geratzeko aukera ematea da gure helburua. Gazte horiek Orexan gustura eta harro egotea nahi dugu”.

Herri txikia izateak “familia baten gisan” lan egiteko aukera ematen die herritarrei. “Familiaren babes hori irudikatzen dut nik. Denek sentitzen dute Orexan guztiok egin behar ditugula ekarpenak, herria aurrera atera eta bizirik mantentzeko, eta jendeak asko parte hartzen du betidanik, bai erabakietan eta baita gauzak antolatzeko garaian ere”. Maiozen hitzetan, hori da horrelako herri txiki bat bizirik mantentzeko gakoa. “Jendearen parte hartzea eta jendeak herria bere sentitzea”.

Proiektuak “luze” joko badu ere, une honetan “berebiziko garrantzia” duten lanetan buru-belarri murgilduta dabiltza herrian; “orainean etorkizuna egiten” ari dira, eta proiektuak badu izena: Orexa Bizirik. “Ia urtebete da legegintzalditik haratago doan proiektua garatzen ari garela. Orexa Bizirik izena jarri genion. Herriak bizirik irautea bermatzea da helburua: batetik, gazteak herrian geratzeko eta bide hori egiteko aukera sortzea; eta, bestetik, herrian bertan bizia eta jarduerak sortzea, bide batez aipatutako parte hartze horretan sakonduz”, azaldu du Maiozek.

Hainbat fase ditu proiektuak, eta erdigunean kokatu duten tabernan ari dira lanean orain; txukuntzen ari dira. “Gure ustez, berebiziko garrantzia du gizarte zentro eta harrera funtzioak beteko dituen taberna egokitzeak. Orokorrean, herri txikiek duten arazoetako bat da ostatuek ez dutela jarraipenik izaten. Azkar itxi eta irekitzen dira, eskuz aldatuz”. Maiozen ustez, “arazo orokorra” da hori. “Taberna funtzio hutsa betetzeaz gain, Orexako taberna erreferentziazko tokia ere bada, elkartzeko tokia. Gure ustez, leku aproposa da parte hartzea sustatzeko eta jendearen arteko harremanak egiteko”. Maiatza erdialdean ekin zieten lanei. “Eta modernizatzen eta txukuntzen ari gara. Guretzat, lehentasuna dauka proiektu horrek, eta guztia kudeatuko duen pertsona egokiaren bila ari gara orain”.

Abendurako ireki nahi dute ostatu eraberritua, eta kanpotik iristen direnei harrera egiteko lekua ere izango da. “Informazio gunea izango da; taberna zerbitzua eskaintzeaz gain, esku orriak edo mapak egongo dira bertan”. Funtzio soziala ere izango du alkatearen hitzetan. Hau da, herritarrak bertan biltzeko “leku aproposa” izan behar du, eta ekintzak antolatzeko aukera emango du. Orexarrentzat “oso garrantzitsua” den beste funtzio bat ere izango du tabernak: bertako produktuen erakusleihoa izatea. “Denda ere izango da taberna, eta gure asmoa da herrian bertan sortzen diren produktuak saldu ahal izatea, kooperatibakoak tartean. Hau da, baserritarrek dituzten soberakin horiek bertara bidera ditzaten nahi dugu. Horri esker, tabernan bertan lehengai horiek erabili ahal izango dituzte batetik; eta, bestetik, herritarrentzat errazagoa izango da produktu horiek berriz banatzea”.

Bisitariei begira

Turismo hitza ez zaie gehiegi gustatzen orexarrei, baina egia da kanpotik iristen direnei zer eskaini behar dieten hausnartu dutela Orexa Bizirik proiektuaren barruan. “Nahiko bitxia da. Izan ere, Orexara propio joan behar da, bidea hemen bukatzen da. Normalean ez da etortzen jende asko, baina, alde horretatik, guk ere ez dugu ezer egin jende hori erakartzeko”. Helburu xumea daukate herrian: “Kanpotik etortzen den horri erakustea Orexa zer den eta herria nola bizi dugun; hori da gure erakargarritasunik handiena. Guk argi dauzkagu gauzak. Horregatik ez zaigu asko gustatzen turismo hitza, ez dugu ezer saldu nahi eta”. Gauza txiki batzuetan “eredu” izan daitezkeela erakutsi nahi dute orexarrek. “Hori da, gainera, bizirik irauteko tresnarik egokiena”, alkatearen ustez. “Hau da, kanpotik datorrena gustura etortzea nahi dugu, baina baita hemen bizi dena gustura egotea ere. Argi daukagu kanpokoak gustura egoteko bertakoek ere gustura egon behar dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.