[Herriz herri] Segura. Herri bizi baten eredua

[Herriz herri] Segura. Herri bizi baten eredua

Loinaz Agirre

Erdi Aroan, 1256an, Segura hiribildua sortzeko agindua eman zuen Alfontso X.a Gaztelako erregeak. Herriko arkitekturak eta ondareak ondo baino hobeto adierazten du historian Segurak zer garrantzi izan duen. Dena den, 1256an Segura izena hartu aurretik, herriak Erraztiolatza izena zuela uste dute, eta gaur egun San Andres ermita dagoen inguruan zegoela. Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen 1996ko otsailaren 6an, monumentu-multzo izenarekin. Gaur egun, Seguraren historia gertutik ezagutzeko aukera dago Ardixarra etxean eta Erraztiolatza museoan.

Eñaut Telleria alkatearen esanetan, herri historikoa izateak baditu mugak: “Herriak badauka ondarea, baina muga ekonomikoa daukagu; ez daukagu industrialde handirik, eta diru sarrerak ere asko ez dira”. Legez, herrigunea mantentzeko baldintza du Segurak. Telleriaren esanetan, “arau batzuk” bete behar dira. “Garai batean izaten ziren horretarako diru laguntzak, baina orain, jada, ez dago halakorik”. Historiarekin lotuta, mendeetako tradizio eta ohitura asko mantentzen dituzte, oraindik ere, Seguran. Aste Santuko prozesioa, abenduaren 6an egiten den San Nikolasen eskea eta Santa Engrazi ermitan egiten den hazi bedeinkatzea dira aipagarrienak.

Historian Segurak eutsi egin dio biztanle kopuruari. 1500ean 1.500 biztanle inguru bizi ziren herrian, eta gaur egun berbera da kopurua. “Neurri politekoa” da alkatearen hitzetan. Herriko plaza da herritarren topagune nagusia, eta urte osoan ekitaldi ugariren agertokia izaten da. Herri txiki, bizi, lasai eta euskaldun gisa deskribatu du Telleriak bere herria. “Alde on eta txarrekin. Lasaitasuna da alde ona; txarra, berriz, zerbitzu aldetik mugatuta egotea, nahiz eta oinarrizko zerbitzuak badauzkagun”.

Beti festan dabiltzan ospea dute segurarrek. Herri dinamiko baten adibide argia dela esan daiteke: “Elkarte eta eragile asko daude herrian, eta lan asko egiten dute”. San Joan jaiez gain, Iparra Hegoa, lore eta landare azoka, Euskal Herriko dantza txapelketa eta Dantza Eguna, txirrindulari probak, San Isidro eguna… Denetik daukate. Alkatearen esanetan, “harro” daude Euskal Herrian erreferente bilakatu den Iparra-Hegoa astearekin: “Herritik sortu den festa batek nolako indarra har dezakeen adibiderik onena da Iparra Hegoa; herri guztiak bere egiten du jaia, bai udalak eta bai herritarrek”.

Dantza txapelketa ere Euskal Herri mailako ekitaldi nagusietakoa da; 41. aldiz egingo da aurten. “Iaz, 40. urteurrena zela-eta antolatutako ekintzetan, argi gelditu zen dantzarientzat leku kutuna dela Segura, erreferente indartsua”. 40. urteurrenaren harira ospatu zuten I. Dantza Egunarekin, “txapelketatik harago”, dantza herritarrengana hurbildu nahi izan zuten, Telleriaren hitzetan.

Zahar etxea

Industria gutxi du Segurak. “San Joan adinekoen egoitza da enpresarik handiena, eta ia 40 langile ditu”. Herrian antolatzen diren ekintzak adinekoen egoitza horretara eramaten saiatzen dira herritarrak. Ikastetxeei dagokienez, 0 eta 12 urte arteko hezkuntza eskaintza du Segurak, haur eskolarekin eta Laiotz herri eskolarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxean, berriz, Euskal Girotze Barnetegia dute 1996-97ko ikasturtetik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako ikasleak joaten dira barnetegira.

Historiaren aztarnak bizirik dauden seinale, beste berezitasun bat ere badu Segurak: notariotza. Iaztik, Carlos Valverde segoviarra ari da notario lanetan. Zegama, Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio eta Itsasori eskaintzen die zerbitzua. Eta ezin aipatu gabe utzi hainbeste urtean uhinen bidez Seguraren izena zabaltzen ari den irratia ere: Segura Irratia. Orain, gainera, Internet bidez ere entzun daiteke, www.segurairratia.eus webgunean.

Ingurune ederra

Historiaz eta kulturaz gain, naturaz inguraturik dago Segura, Aizkorri mendilerroari begira. “Azken urteotan nabaritzen ari gara herri erakargarria dela gurea. Gaitasuna badauka, bere arriskuekin, noski”. Alkatearen esanetan, turismoari “bultzada” eman nahi diote. “Ados gaude horretan. Baina nolako turismoa nahi dugu?”. Alde horretatik, “norabidea zehaztea”, horixe da herriak etorkizunerako daukan erronketako bat: “Herri dinamikoa da, ingurune ederra du, herrigunea ere bai… Indarra eduki dezake, baina norabide bat finkatzea falta zaigu”. Etorkizuneko Segura herritarren artean erabakitzea nahiko luke alkateak. “Norabide horretan herritarrak bat eginda ikustea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.