Artistak amestutako tokian

Artistak amestutako tokian

Eider Goenaga Lizaso

Berrogei urtez azpikoek beti mendiari eta arrokari itsatsita ikusi dituzte, Donostian, Haizearen orrazia osatzen duten hiru eskulturak. Ez dira beti han egon, ordea. 1977ko irailerako ipini zituzten Eduardo Txillidak (Donostia, 1924-2002) egindako eskulturak toki horretan, ia hamar urteko prozesu luzearen ostean. Eskultura hiriaren ikur bilakatu zen; eta, hari esker, ordu arte sorterrian baino laudorio gehiago nazioartean jasotzen zuen artista ikur bihurtu zen Donostian zein Euskal Herrian ere. Txillidaren oihartzuna izugarri zabaldu zuen Haizearen orrazia egin izanak, eta, ordutik, jende andana erakartzen du artistaren izena daraman pasealekuaren amaieran dagoen eskultura multzoak.

Bere herrian ere aitortza merezi zuela iritzita, 1968an, Txillidaren hainbat lagun, ezagun eta gertuko elkartu ziren, artistari merezitako omenaldia egiteko. Urte horretan, hainbat euskal artistaren lanekin Espelunca erakusketa antolatu zuten Maria Teresa eta Maria Isabel Ramos ahizpak izan ziren sustatzaile, eta proiektuarekin bat egingo zuten atxikimenduak bilatu zituzten. Ohorezko batzorde bat ere eratu zuten, garai hartako hainbat pertsona entzutetsurekin: bestek beste, Cristobal Balentziaga jostuna, Ramon Vizcaino eta Patricio Etxeberria enpresaburuak, eta Adrien Maeght Parisko Maeght galeriako buru eta Txillidaren laguna.

Behin-behineko erakusketa bat antolatzea proposatu zioten Txillidari, baina, ordurako, artistak beste ideia bat zuen buruan bueltaka; denboran iraungo zuen zerbait nahi zuen, Donostiako hiriari eskainia eta ingurunean ondo txertatuko zena. Eskultura non joango zen ere buruan zuen.

Eduardo Txillidaren seme Luisen esanetan, “aitak amets bat bete zuen” Haizearen orrazia-rekin. “Oso gustura sentitzen zen obra hori egin zuelako, eta bere herriari opari bat egin ziolako; baina, aldi berean, pena zuen, bere txokoa galdu zuela pentsatzen zuelako. Bakarrik edo amarekin hainbatetan bisitatu zuen leku hark eskaintzen zion intimitatea galdu zuen, eta gutxitan joaten zen. Lotsa apur bat sentitzen zuen, jendeak ezagutu eta berarekin argazkiak ateratzea eskatzen ziolako”, azaldu zuen Luis Txillidak obraren 30. urteurrenaren harira. Egunsentia baliatzen zuen Txillidak hara joateko; han zeuden arrantzaleekin hitz egin, eta etxera itzultzen zen. “Bere sentitzen zuen espazio bat galdu zuen aitak, baina gustura zegoen, txoko horrek bere izateari utzi ziolako eta herritar guztiena bihurtu zelako”. Horrela ulertzen zuen Txillidak artea, eta bere obra zabaltzeko modu onena kalean ipintzea zela pentsatu izan zuen beti.

Batetik hirura

Bederatzi urte behar izan zituen Txillidak bere obra amestutako tokian jarrita ikusteko. Gorabeheraz eta zailtasunez betetako bidea izan zen, eta obraren bilakaera bera ere baldintzatu zuen epe horrek. Izan ere, hasieran, orrazi bakarra egitea pentsatzen zuen. Txillidak, guztira, 23 pieza diseinatu eta egin zituen bere etxeko burdinola txikian, eta handira eraman zituenak 14.a, 15.a eta 16.a izan ziren.

Ingeniaritza obra handia egin behar izan zuten eskulturak gaur dauden tokian jartzeko, eta lan horretan Txillidak bidelagun izan zuen Jose Maria Elosegi ingeniaria. Elosegi hasieratik zegoen artistari omenaldia egiteko eratutako batzordean. Obraren 30. urteurrenaren harira, Maria Elosegi Itxasok, ingeniariaren alabak, aitaren oroitzapenak bildu zituen liburu batean, eta, bertan, atzerapenak obrari “mesede” egin ziola esan zuen Elosegik. “Pixkanaka sortu zitzaion hiru eskultura egiteko asmoa, eta horrek osotasuna ematen dio eskulturari eta inguruneari; dena obra bakar bat balitz bezala ikusten da. Prozesua luzatu ez balitz, hiru metro luzeko eta hamar tonako eskultura bakarra izango genuen. Baina Haizearen orrazia hori baino askoz gehiago da: hiru eskultura dira, baina aldi berean eskultura bakarra da”.

Eskultura bakarrak lekuari protagonismoa kenduko ziolakoan aldatu zuen hasierako asmoa Txillidak. Hiru eskultura eginda, tokiaren edertasuna eta ingurunearen balioa nabarmentzea izan zen haren xedea. Gainera, 3 zenbakiak Txillidarentzat esanahi berezia zuela dio haren semeak. “Iragana, oraina eta etorkizuna islatzen ditu; eta hiru dimentsioak dira eskultura pinturatik bereizten dutenak ere… Aitak zioen elkarrekin hitz egiten duten hiru eskultura direla, eta horregatik kokatu zituen geruza geologiko beraren gainean, orain bananduta egon arren lehen geruza bakarra osatzen baitzuten arrokek”.

Ingeniaritza eta arkitektura

Hiru eskulturak nolakoak izango ziren eta non joan behar zuten erabaki ondoren, Txillidak buruan zuena gauzatuko zuten gainerako eragileak hasi ziren lanean. Batetik, Legazpiko Patricio Echeverria burdinolan, Txillidak eskalan egindako pieza txikiak handian egiten hasi ziren; bestetik, Jose Maria Elosegik eta haren taldeak eskulturak Txillidak nahi zuen tokian jartzeko lanari ekin zioten; eta, azkenik, Luis Peña Gantxegi arkitektoa eta Txillida bera Haizearen orrazia joango zen plaza diseinatzen hasi ziren. Galtzadarriekin eraiki zuten plaza, itsasoari begira jarritako harmaila moduan, eta han eraikitako isurbide zaharrak baliatu zituen Peña Gantxegik, itsaso zakarra eta olatu handiak daudenean ura turrustan ateratzen uzten duten zuloak eraikitzeko. Haizearen orrazia-ren plaza bere obra onenetako bat zela adierazi izan zuen arkitektoak behin baino gehiagotan.

Buruhausterik handiena, hala ere, eskulturak jartzeak eragin zuen. “Berak erabakita zeukan eskulturak non jarri, eta, egia esan behar bada, ez zituen inondik inora lekurik errazenak aukeratu. Zail jarri zigun lana”, azaldu zuen Elosegik, bere bulegoak egindako obra oroitzerakoan.

Ezkerrean, mendiari lotuta dagoen eskulturak ez zuen arazo handirik eragin. Plantila batzuekin zuloak egin, eta erretxina berezi batekin lotu zioten pieza erraldoia arrokari. Beste biek, baina, buruhauste andana eragin zioten ingeniariari. Erdian dagoena ezartzeko, 80 metro luzeko pasabidea egin behar izan zuten, trenbide moduko bat eraikiz. Beste hainbat aukera aztertu zituzten; helikopteroz eraman, garabiak erabili, itsasoz gerturatu… “Baina ezinezkoa zen: arroketara gehiegi hurbildu behar genuen, eta arriskutsua zen”. Itsasbehera baliatzen zuten pasabidea atalez-atal eraiki ahal izateko.

Eskuinean eta arroka solte batean dagoen eskultura egiteko ere lau metroko pasabide bat eraiki zuten, baina zailtasunak arrokak berak eragin zituen. Arrokak pitzadura handi bat zuen, eta eskulturari eusteko modua bilatu behar izan zuten. Txillidak justu pitzatutako arroka zatian ezarri nahi zuen eskultura, eta arroka josi behar izan zuten. Burdinazko lau barra luzek eusten diote arrokari lotuta, eta eskulturari lotutako lau barra motzagok finkatzen dute. “Eta ondo eusten dio. Argi dago itsasoaren indarrak ez dituela eramango. Hori bai, egunen batean arroka osoa mugitzen bada, duela milaka urte gertatu zen bezala, hor joango dira bai arroka eta bai eskultura”.

Elosegiren arabera, Txillidarentzat ezinbestekoa zen lanek arrastorik ez uztea. “Amaitzean, aurretik zegoenarekiko aldaketa bakarra hiru eskulturek izan behar zuten; obrak beren kabuz iritsi zirela pentsatu behar zuen jendeak”. Eta, 40 urteren buruan, halaxe ikusten du eskultura multzoa Haizearen orrazia ikustera hurbiltzen denak, orraziak betidanik arrokari eta mendiari itsatsita egon izan balira bezala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.