Orrazira erromesaldian

Orrazira erromesaldian

E. Goenaga Lizaso

Eduardo Txillidak egunsentia baliatzen zuen Haizearen orrazia bisitatzeko. Jende askorekin topatzea saihesten zuen, lotsa apur bat ematen ziolako, eta goizeko lehen orduetan joaten zen hainbeste maite zuen toki horretara. Arrantzaleekin hizketan egin, eta etxera itzultzen zen. Asteartea da, eta 08:30ean lau arrantzale baino ez daude, kanaberak botata, arrainen batek amuari noiz eutsiko zain. Gainerakoan, turista gutxi batzuk eta korrikalariak zein pauso azkarrean dabiltzan paseatzaileak ikusten dira, batik bat, artistaren izena daraman pasealekuan.

Egoitz Bengoetxea gazteak dioenez, berak nahiago du arrantzan gauez egitea, baina goizez ere aritzen da. “Korrikalariak 04:30erako hasten dira pasatzen, baina jende gehiena 09:00etatik aurrera etortzen da. Bete egiten da hau. Horregatik, ni pasealekuan jartzen naiz, eta ez eskulturak dauden tokian”. Haizearen orrazia Donostian gehien bisitatzen den tokietako bat da, eta turisten joan-etorria hasi da sumatzen 09:00etarako.

Luis Mora harmailetan eserita dago, itsasoari, eskulturei eta eskulturen azpian argazkia ateratzen ari den turista taldeari begira. “Euri asko egiten ez badu, egunero etortzen naiz, eta, uda partean, goizez zein arratsaldez. Orain lasai egoten da, baina jendez lepo betetzen da gero”. Mora Kordobakoa [Espainia] da jaiotzez, baina 50 urte daramatza Donostian bizitzen. “Eskulturarik ez zegoen ni etorri nintzenean”. Orain erretiratua dago, baina obran lan egiten zuela esan dio kazetariari. “Horregatik, eskulturak jarri zituztenean, maiz etortzen nintzen obrak ikustera. Obra izugarria egin zuten hemen”.

Itsasoari begira jartzea gustatzen zaio. “Lasai egoten naiz hemen; izugarri gustatzen zait eskulturek eskaintzen duten irudia, eta baita itsaso zakarra dagoenean ura ateratzen ikustea ere”. Kazetaria aldendu denean, turistei begira jarraitu du Morak, gutxi diren arren, nabarmena baita nor den turista. Kamera eskuan beti.

Editha Aison da horietako bat. Filipinarra da jaiotzez, baina Madrilen bizi da 1980tik, eta senarrarekin etorri da Donostiara, hiru egun igarotzera. “Asko gustatu zaigu hiria, oso polita da, oso garbia, eta ezin genuen hemendik alde egin Haizearen orrazia bisitatu gabe”. Txillidaren eskultura multzoa telebistan ikusita ezagutzen zutela dio, baina Madrilen ere Txillidaren obrak badaudela gehitu du. “Ezagutzen genuen zerbait aurretik. Baina hau asko gustatu zaigu, oso efektu polita egiten du”. Petrilean eserita gelditu dira senar-emazteak, lasai, itsasoari begira.

Hogei bat laguneko taldea dago aldamenean. Horiek ez dabiltza hain lasai. Gizonezkoak elkarri sorbaldatik helduta daude, emazteek argazkia ateratzen dieten bitartean, kantuan eta dantzan. “Kolonbiarrak gara, medikuak guztiak; Bartzelonan kardiologia kongresu bat dago, eta ihesaldi txiki bat egin dugu hona etortzeko”, azaldu du Patricio Lopez Jaramillok. Gero Igeldora igoko direla, eta, ondoren, Bilbora, Guggenheimera doazela azaldu du taldearen gidari lanak egiten dituen emakumeak. “Leku zoragarria da hau. Txillidari buruz ez genuen asko ezagutzen, baina obra ikusia genuen Donostiaren posta txarteletako irudietan”, dio Lopez Jaramillok. Argazkiak atera eta berehala abiatu da taldea autobusa hartzera. Tarte batean berriro lasaitasuna itzuli da Haizearen orrazira; ez, ordea, luzerako, eguraldia ezin hobea baita pasieran bertara joateko. “Segituan beteko da”, ohartarazi du Bengoetxea arrantzale gazteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.