[Herriz herri] Urretxu. Elkarlana, arrakastaren giltza

[Herriz herri] Urretxu. Elkarlana, arrakastaren giltza

Asier Zaldua

Irimo mendiaren magalean dago Urretxu, eta ia 7.000 biztanle ditu. Zumarraga du ondoan, eta herrigune bakarra osatzen dute biek. Garai batean indar handia izan zuen industriak, eta, hain zuzen ere, ekonomia suspertzea eta Zumarragarekin elkarlana bultzatzea dira udalaren helburu nagusiak.

Urretxu Gipuzkoaren erdian dagoela azpimarratu du Jon Luqui Albisua alkateak (Urretxu, 1967), eta kokapen bikain horrek “sari handiagoa” merezi duela uste du. “Egitasmo asko izaten da inguruko herrietan, baina hona ez dira heltzen. Batzuetan ikusezin samarrak garela dirudi, nahiz eta alboan herri handiago bat dugun eta elkarrekin 17.000 biztanleko herrigunea osatzen dugun”.

Alkatea, hala ere, gustura dago herriarekin. “Arcelor Mittal itxi zuten iaz, baina kolpeari ondo eutsi diogula uste dut. Aurten, gainera, ez dugu halako arazorik izan. Dena den, lanpostuak sortu beharra dauzkagu; besteak beste, biztanleria gaztetzeko. Hori da gure erronka nagusia. Urtarriletik uztailera hamahiru haur bakarrik jaio dira herrian”.

Kokapen geografikoaz gain, komunikabideak ere alde ditu Urretxuk. Herritik pasatzen da Madril-Irun trena, baita Beasain-Durango errepidea ere. “Errepide horrekin lotuta dago gure etorkizuneko ekonomia. Bi aukera daude: errepidea erabiltzen dutenak hemen ez gelditzea edo hemen gelditzea. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalok geldi daitezen lan egin behar dugu”.

Azken urteetan itxitako enpresen orubeetan enpresa berriak ezartzea da udalaren beste erronketako bat. “Uggasa garapen agentzia plangintza bat egiten ari da gai horren inguruan, eta ea lortzen dugun gure benetako balioa ezagutaraztea. Presentzia handiagoa behar dugu, enpresak erakartzeko”. Zein enpresa, ordea? “Lanpostu onak sortuko dituztenak. Ondo dago supermerkatuak edukitzea, baina 1.000 euroko soldatekin ezin da oso urrutira joan. Enpresak erakartzeko aukera polita dugu, baina mankomunitateko lau herriok elkarrekin lan egin behar dugu”. Helburu hori lortzeko “ikuspegi zabala” behar dutela uste du Luquik, eta “eskuzabal” jokatu behar dutela. “Lortuko dugula uste dut”.

Urretxuko gobernu taldeak Legazpirako irteeran kokatu nahi ditu enpresak. “Ez da erraza, hala ere, eremu horretako zati handi bat kutsatuta dagoelako eta hainbat jabe dauzkatelako. Baina jarduera ekonomikoak ezarri nahi ditugu lursail horretan. Oso toki ona da, errepidearen ondoan baitago. Gainera, udalarena da zati bat, eta Urretxuko industria zoru bakarra da”.

Alkatea sinetsita dago ezinbestekoa dela Goierri garaiko gainontzeko udalekin elkarlanean aritzea. “Zumarragarekin bereziki”. Izan ere, zumarragarrek eta urretxuarrek bi herrietan egiten dute eguneroko bizitza. Urretxuko alkateak uste du “diru asko” aurreztu daitekeela elkarlanaren eskutik. “Hirigintzatik dator diru sarrera nagusietako bat, baina gazterik ez badago, nork erosiko ditu etxeak?”. Luquiren hitzetan, jarduera ekonomikoa ere “diru sarrera garrantzitsua” da. “Baina behera egin du azken urteotan. Gastuak, ordea, gero eta handiagoak dira, eta gastu sozialak gero eta pisu handiagoa du. Hainbat zerbitzu Zumarragarekin eskaini beharko genituzke, dirua aurreztu ahal izateko”. Gauza asko, dagoeneko, “elkarrekin” egiten dituztela azpimarratu du. “Baina gehiago egin beharko genituzke”.

Ekonomiarekin lotuta, Abiadura Handiko Trena Urretxutik ere pasatuko da, eta Ezkion geltokia izango du. “Urretxuk eta Zumarragak trenari esker lortu dute egun duten izaera, eta ez dakit Ezkioko geltokiak zer emango digun, baina baikor baloratu behar dugula uste dut”.

Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez, “egokia” dela dio alkateak. “Urte txarrak pasatu ditu udalak, baina diru apur bat badaukagu orain, eta azkenaldian egin ezin izan ditugun gauza batzuk egiten ari gara”. Giro politikoa bera ere “lasaiagoa” dela azpimarratu du Luquik. “Alderdien artean ez dago tentsiorik, eta oso lagungarria da hori. Elkarrekin lan egiten ari gara adostasunak lortzeko”. Plan Orokorra egiten ari dira orain. “Eta gure asmoa da ahalik eta adostasunik handiena lortzea. Guztion artean adostu behar dugu nolako herria nahi dugun”.

Iparragirreri omenaldia

Elkarlanean antolatuko dituzte herriko seme kutunaren jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunak ere. 2020an ospatuko dute Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren mendeurrena. “Gainontzeko erakundeekin harremanetan jarri gara jada, nahiz eta hurrengo legealdian ospatuko dugun mendeurrena. Denbora badaukagu, eta ideiak ere bai”.

Lehenago, asteburu honetan bertan, Santa Anastasia jaiak ospatuko dituzte herrian. “Urretxun beti egoten da giro ona, eta festetan are hobea. Oso parte-hartzaileak dira festak, eta igandean, Euskal Jaietan, gure izaerarekin lotutako giroa biziko dugu. Etorri diren guztiek oso gustura egon direla diote. Gipuzkoako festarik onenetakoak dira”, amaitu du Urretxuko alkateak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.