“Herri bizi gisa ikusten dut Zaldibia; ez da eten herriaren bizitasun hori”

A. Maiz

Kostaldeko bizitokiaren eta Zaldibiako jaiolekuaren artean kulunka bizi da Imuntzo eta Beloki trikitilari bikoteko pandero jotzailea. Euskal Herriko plazak urratu ditu Eleuterio Jauregi Beloki-k (Zaldibia, 1956). Herrian izan da bart; aspaldiko urteetan haien esku dago Santa Fe jaietako lehen gaua alaitzeko lana. 1989an elkartu ziren Juan Ramon Azpitarte Imuntzo eta Beloki, eta 1991n ekin zioten musikako jirari.

Kanpoan bizi arren, Zaldibiakoa izaten jarraitzen al duzu oraindik?

Bai. Zaldibiarra naiz ni. Kostaldean bizi naiz, Hendaian, eta tarteka joaten naiz Zaldibiara. Nahi baino gutxiagotan, ez delako erraza bi herritan bizitzea. Baina nirea dut Zaldibia.

Nolako herriarekin topo egiten duzu etortzen zarenean?

Herri bizi gisa ikusten dut. Herritarrek parte hartzen dute, eta dinamika bat badago. Gure gazte garaian hasi zen mugitzen; orduan bazen gauzak beste modu batera egin nahia, baita beste gauza batzuk egitekoa ere. Eta horrek segitzen duela iruditzen zait.

Transmisioa egon dela belaunaldiz belaunaldi, alegia?

Baietz uste dut, garaian garaiko mentalitatearekin eta dinamika desberdinekin. Baina, oro har, ez da eten herriaren bizitasun hori.

Ez duzu sumatu aldaketarik?

Etengabekoak dira aldaketak: joeretan, ohituretan… Ez dira berdinak gu dibertitzen ginen era eta oraingoa. Alkohol kontsumoagatik neurriak hartzen hasi zirenetik, adibidez, jendea ez da joaten bere herritik kanpora. Herrian bertan bizitza pixka bat sortzen da horri esker, eta lotura eragiten du. Edozein ostiraletan jende mordoa egoten da Zaldibian, kontzertutxo bat antolatu eta jendea joaten da… Bizirik dago.

Santa Fe jaiak dira orain. Gogokoak al dituzu herriko festak?

Bai. Gauetako parrandak egiteko adinean pasatu antzera nago, baina gustatzen zaizkit. Urtean zehar ikusten ez dudan jendea ikusi, trago bat edo beste hartu… Lan pixka bat ere egiten dugu: taloak egin eta saldu. Gustura ibiltzen gara denetik eginez.

Baduzu ekitaldi, une edo egun gustukoenik?

Herritarrek berek egiten dituzten festak gustatzen zaizkit. Herri kirolak, herriko jendeak parte hartuz gero; horiek izaten dira politenak. Edo herriko musikariak kanpora jotzera ateratzen direnean. Txistulari banda bat badago herrian, txaranga bat ere bazegoen lehen, nahiz eta orain ez dakidan segitzen duen… Herritarrek parte hartzen duten ekitaldiek badute berotasun pixka bat.

Imuntzo eta Beloki arduratzen zarete, urtero, Santa Fe bezperan plazan jotzeaz. Ardura? Gozagarria?

Azkeneko ez dakit zenbat urteotan guk jotzen dugu, bai, festa hasi bezperan. Lotsa pixka bat ere ematen dit horrenbeste urtean guri deitzeak ere. Baina, bueno, bestetik, oso pozik hartzen dugu guk.

Nolako plaza da Zaldibia erromeriarako? Zer giro egoten da?

Oso polita. Bezperako festa izaten da gu joaten garenean, eta herritarrentzako eguna izaten da batik bat. Aurten, gainera, astegunean hasi dira, ostegunez. Baina orduan ere festaren etorrerarako gogoz egoten da jendea. Mondeju dastaketa izaten da, hurrengo egunean herriko enpresek eta eskolak ere jai izaten dute… Bihotza piztuta egoten da, eta jendea, iji-ajarako prest. Egun polita da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.