“Herri bezala eskaintzen duen guztia aprobetxatzen jakin izan dugu”

Loinaz Agirre

Sukaldaria da Urki Balerdi (Zerain, 1986). Herrian bertan egin zituen lehen urratsak, eta Beasaingo Rubiorena jatetxeko jabea da egun.

Nolako herria da Zerain?

Mendi artean kokatuta dagoen herrixka polita da, txikia bezain goxoa, naturarekin bat eginda dagoena. Animalia, baratze eta fruitu arbolaz osatua dago. Baserri giroa mantentzen du.

Eta nolakoak dira zeraindarrak?

Ulertezinak askotan!

Bizitzeko toki ona al da Zerain?

Toki paregabea da, zalantzarik gabe. Estresik gabe, jende pilaketarik gabe, aire garbia arnastuz… Herri bizi baten giroa falta izaten da batzuetan, agian, baina benetako plazera da herrian dagoen lasaitasuna. Norberaren osasunarentzat ere horixe da onena.

Zein ezaugarri duzu gustukoen?

Herrian dagoen lasaitasuna eta momentu oro naturarekin gozatzeko aukera. Benetako pribilegioa da txorien kantu hotsa edo zakurren zaunkak autoen zarata baino gehiago entzun ahal izatea.

Eta zer gustatzen zaizu gutxien?

Zerbitzu falta. Herri txikietan, zoritxarrez, ezin da egin miraririk, eta normala da biztanle kopuru txikia izanda oinarrizko zerbitzu horietako batzuek ere ez funtzionatzea. Autoaren mendekotasuna indartzen du horrek. Horrelako herrietan oso zaila da autorik gabe bizimodu normala egitea.

Zer falta zaio Zeraini?

Bizkarrekoak jasoko ditut erantzun honekin, baina, nire ustez, herritarrak elkarrekin eseri, bakoitzak bere ikuspuntua lasai eman, ideiak patxadaz eztabaidatu, proposamen bakoitzetik onena hartu, eta, denak bat eginda, herria eraikitzen jarraitzea. Hori falta zaio Zeraini; bizilagun giro atsegina.

Herri txikia izanagatik, ezaguna da Zerain, eredu da.

Herri bezala, eskaintzen duen guztia aprobetxatzen jakin izan dugu. Bere garaian ondo lan egin zuten, eta gaur egun ere hala ari dira; ideia baten inguruan, bakoitzak ahal izan duen ekarpena eginez, eta laguntzak aurkituz. Herriko ekoizleek ere garrantzi handia izan dute herriaren izena maila horretaraino eramateko.

Sagardoa, gazta, oilaskoa… Emankorra da herria.

Bai. Baina ez zen hain emankorra izango egunero-egunero bere ogibidean pasioz lan egiten duen jenderik egongo ez balitz. Kasu honetan, herriko ekoizleek kokatu dute herria hain altu.

Sukaldari gisa, herrian bertan egin zenituen lehenengo urratsak, ezta?

Herrian bertan izan nuen nire lehen negozioa, bai; ostatuaren kargu egin nintzen hiru urtez, eta oso esperientzia positiboa izan zen. Asko ikasi nuen, eta beti gogoan izango dut garai hori. Hala ere, oso atzera joko dut gai honetan, nire lehen lanpostua ere herrian bertan izan nuelako gaztetxo nintzela. Otatza sagardotegikoekin aritu nintzen lanean; hori izan zen nire estreinaldia ostalaritzan.

Zein menu prestatuko zenioke Zerainera bisitan doanari?

Jendeak espero ez duen menua izango litzateke, betikotik apartekoa. Ez nuke prestatuko babarrunik, oilasko errerik edo gaztarik; bisitaria aho zabalik uzteko zerbait bilatuko nuke. Herri txikietan gastronomia maila aparta daukagula erakusteko menua litzateke. Ostatuan hori izan zen nire lan filosofia, eta bisitariek asko eskertzen zuten betiko aukeratik haragoko eskaintza izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.