“Bizitzeko lekurik onenetakoa da Zumaia, onena ez bada”

A. Olaizola

Zumaiarra izateaz “harro” dago Elena Irureta aktorea (Zumaia, 1955). Herriak eskaintzen dituen erosotasunak kontuan hartuta, ez luke aise aldatuko bizilekua.

Zumaia nolako herria da bizitzeko?

Bizitzeko lekurik onenetakoa dela uste dut, onena ez bada. Oso erosoa da, eta ikaragarrizko lekuak dauzka paseoan ibiltzeko. Toki lauetan nahiz mendian egin daitezke ibilaldiak, ibilbide asko baititu inguruan. Baserri batean bizi naiz ni, baina herritik nahiko gertu dut etxea, eta egunero jaisten naiz hondartzara edo portura bueltatxo bat ematera. Horrenbeste leku lasai daude herrian paseoan ibiltzeko!

Bestalde, dezenteko giroa dago Zumaian. Edozein egunetan, arratsaldeko zazpiak aldera kalera irten, eta beti egoten da jendea kalean. Mugimendu handia dago herrian. Kultur arloan ere Mireia Romatet [Zumaiako Udaleko kultur teknikaria] saiatzen da herrian zine eta antzerki eskaintza bermatzen. Zumaiatik igarotzen dira Donostian eta Bilbon estreinatzen dituzten ia obra guztiak. Beraz, uste dut Zumaia oso leku ona dela bizitzeko.

Ba al duzu bereziki maite duzun txokorik?

Zumaia ez da hain handia, baina edozein leku iruditzen zait oso polita: itsasargi aldea, Santio eta Itzurun hondartzak, Santio inguruko paseoak, San Migel aldea… Edozein lekutara joanda ere, guztiak dira politak. Ezingo nuke bakarra aukeratu.

Azken urteotan turismoa asko hazi Zumaian. Zer gomendio emango zenioke herrira bisitan doanari?

Flyscha ikusteko gomendatuko nioke, bereziki. Turismo bulegoaren bidez, Debaraino flyschak itsasotik ikusteko aukera dago, itsasontzi batean. Flyscha nola sortu zen azaltzen dute azaletik, eta oso polita da bira hori. Horrez gain, oso interesgarria da geologo batekin oinez egitea ere. Bira hori egiten dugu, normalean, kanpoko lagunak etortzen direnean. Horrez gain, herrian bertan, Alde Zaharrera eta parrokia ingurura joatea eta han paseoan ibiltzea gomendatuko nieke bisitariei.

Nolakoak dira zumaiarrak?

Oso jatorrak iruditzen zaizkit niri, eta kanpotik ere hala ikusten gaituztela iruditzen zait [barrez]. 10.000 lagun inguru gara, eta, gutxi gorabehera, guztiok ezagutzen dugu elkar. Alde horretatik, oso erosoa da Zumaian bizitzea.

Zerbait gehituko al zenioke herriari?

Aparkalekuekin arazo dezente izaten dugu beti. TAO sistema jarri dute aurten, lehen aldiz, eta bertakoentzat egoera hobetu egin dela uste dut. Halere, aparkatzeko leku gutxi egoten da oraindik ere. Nahiz eta gurea herri txikia den, aparkatzeko garaian arazoak egoten dira beti. Bakoitzak auto bat daukagula, hori da kontua, eta guztientzat lekurik ez dagoela. Egia esan, ez dakit zer egin beharko litzatekeen arazo hori konpontzeko. Pentsatzen dut herri guztietako arazoa izango dela aparkalekuarena. Ohituta gaude herri barruan autoa hartzen, eta, geuregan aldaketa gauzatuta, bizikletan eta oinez gehiago ibiltzen hasi beharko genuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.