[Herriz herri] Zumaia. Sona hartu duen herria

[Herriz herri] Zumaia. Sona hartu duen herria

Ane Olaizola

Azken urteotan sona handia hartu du Zumaiak, Urola Kosta eskualdeko udalerriak. Gipuzkoako kostaldean dago, eta bertan bizi diren ia 10.000 herritarrek ikusi dituzte euren herriko txokoak telebistako nahiz zinema pantailetako agertoki bihurtuta. Turismoaren gorakada handia eragin du horrek, baina, komunikabideetako zurrunbilotik harago, herriak badu beste hainbat ezaugarri, eta berezko izaera hori mantentzen jarraitzen du.

Oier Korta (Zumaia, 1972) herriko alkatearen iritziz, inguru natural aberatsa dauka Zumaiak: “Hondartzaz eta mendiz inguratuta gaude, eta pasealeku ugari daude ibaiaren ondoan. Ibilbide asko ditu herriak, eta, distantzia txikian, orografia asko aldatzen da leku batetik bestera. Horrek berezi bihurtzen du herria”.

Tradizioz, industriari lotutako herria izan da Zumaia, baina, azken urteotan, bete-betean jo du turismoak. Kortak azaldu duenez, herriaren “oinarri ekonomiko berria” bihurtu da, jada, turismoa. “Adi egon beharra daukagu alde horretatik, turismoari ahalik eta etekin sozial handiena ateratzeko”.

Izan ere, herriari oihartzun handia eman dio Game of Thrones (Tronuen Jokoa) telesaila eta 8 apellidos vascos (8 abizen euskaldun) filma Zumaian grabatu izanak, eta turistak erakarri ditu horrek. Horren jakitun, turismo plana lantzen hasi da udala, turismoa nola kudeatu eta haren eraginak nola zehaztu aztertzeko. “Neurriak hartzea eta turismo eredua definitzea eskatzen du errealitate horrek. Tentuz aztertu behar dugu gai hori, eta zer eragin izan dezakeen hausnartu beharko dugu. Eragin ekonomikoaz gain, herri izaera gisa zer zaindu nahi dugun pentsatu beharko dugu, eta hori aintzat hartuta ari gara lantzen turismo plana”. Alkatearen iritziz, herritarrek, oro har, “begi onez” ikusi dute azken urteotan turismoak izan duen gorakada. “Baina oreka behar dela sentitzen dute, zumaiarren egunerokotasuna nabarmen alda ez dadin”.

Hain zuzen ere, udala hasia da hainbat neurri hartzen bisitarien gorakadak eraginda. Joan den udan, esaterako, TAO sistema jarri zuten martxan ibilgailuak aparkatzeko. “Eman beharreko pausoa zen. Gustura gaude egindakoarekin, baina akatsak ere egin ditugu, gaia konplexua delako. Herriko eragileak kontuan hartuta, guztiei erantzun behar dien sistema bat diseinatu behar dugu”. Udalaren datuen arabera, sistema martxan egon den bitartean bertakoentzat gordetako aparkalekuen %75 inguru egon dira beteta batez beste, eta ordainpekoen %37 inguru. Mugikortasunean ere eragin nahi dute aparkalekuak arautzeko sistemarekin, autoen erabilera murriztu eta herritarrek bizi kalitate hobea izateko asmoz. Ildo horretan, Alde Zaharreko Erribera kalea oinezkoentzat egokitu du udalak, oinezkoak lehenetsi eta ibilgailuen presentzia murrizteko asmoz.

Udal gobernuak hainbat proiektu egin ditu agintaldia hasi zenetik: besteak beste, Axular ingurua bulebar bihurtzea, udaleko gizarte zerbitzuak indartzea eta enplegu zentroa zabaltzea. Azken hilabeteotan, berriz, hezkuntzara bideratutako proiektuek hartu dute garrantzi berezia. Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioari esker, Zumaiako Herri Eskolaren eta Oikiako Eskola Txikiaren eraikin berriak egingo dituzte. Herri Eskolari dagokionez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoa izango da eraikin berria, eta Aitzuri pilotalekuaren parean eraikiko dute.

Oikiako lanak, lizitatuta

Zumaiako Oikia auzoan eskola berria egiteko proiekturako, berriz, lizitatu dauzkate lanak, eta, besteak beste, bi urteko gela, bi gela arrunt, erabilera askotarako gela bat, talde txikientzako beste gela bat, liburutegia, jangela eta kanpoko aterpea izango ditu. Horrez gain, estalpe bat egingo dute Sagarbide eremuan. Alde horretatik, Zumaiako “lokal estalirik handiena” izango dela nabarmendu du Kortak.

Horrez gain, Maria eta Jose ikastetxearekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren garrantzia ere nabarmendu du alkateak. Izan ere, akordioaren bidez, ikastetxeak dituen hainbat azpiegitura erabiltzeko aukera izango dute eragileek. Azpiegiturei dagokienez, azken urteotako itsasaldien ondorioz kaltetutako dikea berritzen ari da udala. “Azken itsasaldien eraginez, bi aldiz hondatu da herriko dike zaharra, eta behin eta berriz konpontzen aritu baino nahiago izan dugu kai-muturra epe luzerako indartzea”. Hain zuzen, dike guztian egiten ari dira lanak, eta urtea amaitzerako erabilgarri egongo dela jakinarazi du Kortak.

Datorren urteko udal aurrekontuak osatzeko herritarren ekarpenak jasotzen hastea, udalak proiektu hori ere badauka esku artean. Era berean, hondakinak biltzeko sistema aldatu egingo dute 2018ko otsailean, eta txiparen bidezko sistema jarriko dute herriko edukiontzietan. Alkateak azpimarratu duenez, “alderdi guztiek” adostutako sistema jarriko dute, eta “behin betiko irtenbidea” emango diote arazoari.

Informazio panel ugari

Pankartak, pintaketak eta kartelak arautzeko garbiketa arautegiari buruz ere eman ditu azalpenak alkateak. Hasiera batean zalaparta eragin bazuen ere, inguruko herriek ere “antzeko bidea” aukeratu dutela azpimarratu du zumaiarrak. “Informazio panel ugari jarri dugu gune estrategikoenetan, eta modu horretan bermatuta daude jendeak adierazteko espazioak”.

Etorkizunera begira, “herritarren interesen alde lanean jarraitzea” da udalaren erronka nagusia. “Herritar guztien ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea da gure helburua, eta, horren barruan, bultzada handia emango diogu hezkuntzari, gizarte osoan inbertitzea delako arlo horretan inbertsioa egitea”. Horrez gain, babestutako etxebizitzak sustatzeko proiektuak esku artean dituela jakinarazi du alkateak. Irisgarritasunari dagokionez, berriz, igogailua jarriko dute San Jose kalean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.