“Lagungarria zait herrian bizitzea; presioa alde batera uzteko balio dit”

A. Zaldua

Eibar futbol taldeko kapitaina da Dani Garcia (Zumarraga, 1990). Goi mailara iristen direnean, euren jaioterria utzi egiten dute futbolari askok, baina Garciak ez dauzka saltzeko Zumarraga eta Urretxu. Azken herri horretan bizi da; taberna bat ireki berri du bertan, herriko futbol taldeko bigarren entrenatzailea da, eta urtero campus bat antolatzen du Urretxu eta Zumarragako neska-mutikoentzat.

Ezagutzen ez dutenei nola aurkeztuko zenieke Zumarraga?

Mendiz inguratutako herria da. Industria asko dugu hemen, eta paisaia itsusten du horrek, baina herri polita iruditzen zait niri. Gainera, oso irekiak dira herritarrak. Denok ondo moldatzen gara elkarrekin.

Espainiako Ligako Lehen Mailan jokatzen duzu, baina herrian bertan bizitzen jarraitzen duzu.

Hirietan bizi dira nire taldekide gehienak; ni naiz herri batean bizi den gutxienetakoa. Deskonektatzeko lagungarria zait Zumarraga-Urretxun bizitzea. Futbolak sortzen duen presioa alde batera uzteko balio izaten dit lagunekin eta senitartekoekin egoteak. Herrian badago futbolaz hitz egiten didan jendea, noski, baina lagunek badakite ni tartean nagoenean beste gai batzuei buruz hitz egin behar dutela.

Herrian bizitzearekin nahikoa ez, eta Zumarraga eta Urretxuko Urola futbol taldeko bigarren entrenatzailea ere bazara.

Gaztetxoen talde bat entrenatzen nuen lehen, baina utzi egin behar izan nuen. Lau denboraldi igaro nituen gaztetxoekin, eta laugarrena ez zen izan oso ona. Horregatik utzi nuen. Lehen taldeko entrenatzaileak, Unai Jorgek, laguntza eskatu zidan gero, eta baiezkoa eman nion. Rafa Fernandez de Lezea eta biok gara laguntzaileak. Entrenamendu guztietan parte hartzen dut, baina partidetara ezin izaten naiz joan. Izan ere, Eibarrekin federatuta nagoenez, ezin naiz beste talde batekin aritu.

Gerora entrenatzaile lanetan ikusten al duzu zeure burua?

Lehen, bai; baina orain… Presio handia izaten du entrenatzaileak. Nahiago dut bigarren entrenatzaile izatea, erabaki zailenak ez baititu berak hartu behar izaten.

Zumarragako zein toki gomendatuko zenioke bisitariari?

Antio. Asko gustatzen zait hara joatea, eta, ondoren, txakurrarekin, Belokiko buelta ematea. Oso txukun utzi dute dena.

Zumarragan zein plan da egokia egun-pasarako?

Goizean, Belokiko buelta eman; ondoren, Etxeberri jatetxean bazkaldu; eta, bukatzeko, Zumarraga eta Urretxuko tabernetan trago batzuk hartu.

Zuk zeuk taberna bat ireki berri duzu Urretxun.

Betidanik oso gustuko izan dut ostalaritza. Lanbide interesgarria iruditu izan zait beti. Eire taberna hartzea eskaini zidaten lagun batzuek, eta animatu egin nintzen. Errealitate zaila da ostalaritzarena, baina jende asko ezagutzeko balio du.

Zer hobetu daiteke herrian?

Kirolari dagokionez, instalazioak hobetuko nituzke nik. Zumarraga eta Urretxurentzat kiroldegi handi bat egingo nuke. Bestalde, Argixao estadioko padel eta tenis pistak ere konponduko nituzke.

Taldekideak eraman al dituzu inoiz Zumarragara?

Taldekideok elkarrekin bazkaltzen dugu sarritan, etxetik kanpo. Nire elkartera eraman nituen behin, eta Zumarragako Etxeberri jatetxera beste batean. Antiora igo nituen ondoren. Asko gustatu zitzaien. Bestalde, harreman estua dut Raul Navas Realeko jokalariarekin [elkarrekin jokatu zuten Eibarren], eta hura ere eraman izan dut Etxeberri jatetxera edo nire etxera. Herri txikia da Zumarraga, baina bizia dauka.