Kooperazioz, kooperatiba zer den ikasten

Kooperazioz, kooperatiba zer den ikasten

Beñat Alberdi

Kooperatibagintzak abantaila asko sortu dituela uste dute Mundukide fundazioko kideek. Hainbat herrialdetan eredu ekonomiko hori ezagutarazteko lanean ari dira, funtsean euren jakintza partekatzeko. Baina, dakienak dakien hori parteka dezan, beharrezkoa da borondatea izatea, eta borondate hori suspertzeko egin dituzte orain arteko sentsibilizazio kanpaina guztiak: haietatik azkena izan da Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko zinemaldiaren antolakuntzan parte hartzea. Mundukide izeneko saria sortu dute, eta han Giza Eskubideen eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dauzkan film laburrik onena sarituko dute.

“Oinarri horiek ondoen irudikatzen dituena sarituko dugu guk”, azaldu du Urri Urizar Mundukide fundazioko komunikazio arduradunak. “Ikasleak sentsibilizatzeko eta lantzen ditugun gaietara hurbiltzeko balio izango digu”. Izan ere, kooperatibetako kideekin egiten dute lan euren ideiak garatzeko; besteak beste, unibertsitateko irakasle eta ikasleekin. Haien ustez, beharrezkoa da gizartea egoera gogorrez-eta sentsibilizatzea. “Giza eskubideekin lotura daukaten gai batzuen inguruan eragiteko egiten dugu lan guk, hala nola pertsonen berdintasuna eta aberastasunaren bidezko banaketa”.

Baina, oinarrira joanda, zer da Mundukide? Kooperatibetako hainbat langilek eta GKEetako hainbat kidek 1999. urtean sortu zuten fundazioa. Ohiko diru eta produktu bilketak egiteaz gain, beste zer edo zer eskain zezaketela iruditu zitzaien: kooperatibagintzari buruzko jakintza partekatu nahi zuten. “Zergatik ez dugu beste herrialde batzuetara eramango hemen hain onuragarria izan den eredua? Hori izan zen galdera”, nabarmendu du Urizarrek.

Gaur egun, Mozambiken, Brasilen eta Kuban ari dira lanean. Dena den, hiru herrialde horietako errealitatea ez da berbera, eta ezta haietan egiten duten lana ere. Bi bloketan banatzen dute egitekoa: garapen sozioekonomikorako programak bultzatzen dituzte Afrikako herrialdean, eta eredu kooperatibista ezartzen laguntzen dute Brasilen eta Kuban.

“Mozambikera joan ginenean, argi ikusi genuen ezin geniela lagundu kooperatibismoa sortzen”, zehaztu du komunikazio arduradunak. Ezin izan zituzten lehen saiakerak gauzatu; komunitatearen onerako erroten jabeak elkartu, esaterako. Euskal Herritik eramandako eredu ekonomikoak ez zuen bat egiten hango kulturarekin eta lan egiteko moldeekin. Hala ere, hango pobrezia ikusita, beste modu batera laguntzea erabaki zuten: nekazaritzan bitartekoak eskainita. “Jakintza teknikoetan alde galanta dago eskualde batetik bestera”, argitu du Urizarrek. “Guk ehun edo berrehun pertsona inguru mugitzen ditugu formakuntza saioetan”.

Mozambiken, urtegiak

Toki batetik bestera ibiltzeko gaitasun falta da Mozambikeko beste arazo bat. Kilometro asko egin behar izaten dituzte sardeak edo haziak erosteko, eta lan nekeza izaten da. Mundukidek egiten ditu saltzaile eta erosleen arteko bitartekaritza lanak. Bestalde, ur faltak ere eragiten du nekazaritzan. Izan ere, urteko sasoi jakin batzuetan soilik egiten du euria Mozambiken. “Urtegi handiak eraikitzeko lanean buru-belarri gabiltza orain. Urte osorako ureztatze sistema erregularra izatea da gure erronka”. Hamazazpi urte daramatzate bertan, eta 12.000 nekazari ingururi eragiten die.

Bestelakoa da Mundukidek Brasilen eta Kuban egiten duen lana. Bi herrialde horiek laguntza eske jo zuten fundaziora. Brasilen MSTrekin egiten dute lan, lurrik gabeko landa langileen lekualdaketekin. Latifundio handietako lurrak okupatzen ditu mugimenduak; han, kanpalekuak prestatu eta lurrean landatzen dutenarekin irauten dute. MST komunitate ugari daude Brasilen, eta askok enpresak antolatu dituzte kanpalekuetan; esnetegi bat, esaterako. “Negozioak handituz joan ahala jo dute gugana, enpresa eredu bat behar zutelako”, azaldu du Urizarrek. Formakuntza saioak egin dituzte mugimenduko kideekin. Beste eskaera bat jaso zuten Kubatik: azukre lantegiak erori zirenean, lanik gabe gelditu ziren nekazari asko. “Moldaketa bat behar zuten, eta, gure ereduari jarraituta, ekintzailetza bultzatu genuen guk”.

Mundukide fundazioak ez dauka lantalde mugatu bat. Helburua kooperatiba eta lan eredua partekatzea izanik, beharraren arabera jotzen dute kooperatibako langileengana: “Guretzat garrantzitsua da borondatezko lana. Azkenean, langileek eurek dakite ondoen euren lanean zer egin behar duten; haiek ematen dituzte formakuntza saioak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.