PROPOSAMENA

Herri euskaldunetan Euskaraldia lantzeko eginiko proposamenak 11 arlo identifikatzen ditu, banan-banan lantzeko.

Hedabideak

Helburua. Ikus-entzunezko zein idatzizko hedabideak zein hizkuntzatan kontsumitzen diren hausnartzea, eta, ahal bada, ohiturak aldatzea.

Ideiak. Herriko zerbitzu eta tabernetan lanketa egitea: euskarazko hedabideak egotearen garrantzia ikusaraziz eta harpidetza kanpainak sustatuz. Egun zehatz batean, edo Euskaraldian zehar, euskarazko hedabideak erosteko kanpaina egitea.

Internet, sareak, telefonoa…

Helburua. Aztertzea zein den herriko elkarte, enpresa eta eragileen hizkuntza sare sozialetan eta webguneetan. Ahal bada, ohitura aldaketa sustatzea.

Ideiak. Sare sozialetan euskara sustatzeko ekintzak antolatzea. Herriko denda, taberna, elkarte eta abarrekin lanketa berezia egitea, webgunea euskaraz izan dezaten. Gutun, bilera eta abarren bitartez .eus domeinua sustatzea.

Lantokia eta eskola

Helburua. Lankide eta ikaskideekin zein hizkuntzatan hitz egiten den aztertzea, gaztelerara zein egoeratan jotzen den identifikatzea, eta ohitura aldaketak sustatzea.

Ideiak. Ikaskide eta lankideekin ahobizi izateko konpromiso zehatza hartzea; gaia mahai gainean jartzea; eta kideei ohitura aldatzeko gonbita egitea. Euskaraz bizitzea hautatzeko argudioak gizarteratzea.

Aisialdia

Helburua. Aisialdi eskaintza aztertzea, eta esparru bakoitzean eragiten saiatzea.

Ideiak. Ohiko kirol jardueran, elkartean edo ikastaroetan erabiltzen den hizkuntzari buruz gogoeta egitea, eta konpromisoak hartzea: pertsonala (ahobizi eta belarriprestak aktibatuz) zein kolektiboa (euskarazko eskaintza lehenetsiz). Entrenatzaile, hizlari edo taldekideak euskaraz ez badaki, itzulpen laburren formularekin ahalegintzea.

Kalea

Helburua. Erdarara jotzen den esparruak identifikatu eta ohiturak aldatzea: parkea, taberna…

Ideiak. Eremu horietan ahobizi eta belarriprestak aktibatzea. Herritarrak diskurtsiboki prestatzea, solaskideei eta umeei euskaraz zergatik egin behar duten argudioak eman ahal izateko.

Zerbitzuak eta merkataritza

Helburua. Hizkuntza paisaia (errotuluak, eskaintzak, menuak…) euskalduntzea eta zerbitzu hizkuntza euskaraz izatea.

Ideiak. Ostalari eta merkatariei eskatzea menua eta eskaintzak euskaraz jartzeko, bezeroentzat balio erantsia dela nabarmenduz. Hizkuntza paisaia euskaratzeko kanpaina egitea.

Fakturak, kontratuak…

Helburua. Herritarrek eta erakunde publikoek zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea: fakturak, jakinarazpenak, publizitatea…

Ideiak. Hornitzaileei fakturak eta jakinarazpenak euskaraz eskatzea, bai herritarrek eta bai udalak. Telefono konpainia, banku eta abarrei kontratuak eta fakturak euskaraz eskatzea. Herrian horri buruz kanpaina egitea.

Zerbitzu publikoak

Helburua. Erakunde publikoek eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea herritarrei.

Ideiak. Mediku euskalduna eskatzea, pertsonalki zein kolektiboki. Epaitegiko eta ogasuneko tramite guztiak euskaraz egitea. Polizia etxe, osasun etxe edo epaitegietan euskaraz aritzeko eskubideari eustea.

Etxea

Helburua. Etxeko hizkuntza ohiturez gogoeta egin eta euskara lehenestea; bai elkarrizketetan, bai hedabideen kontsumoan.

Ideiak. Etxean, seme-alabei, euskarazko egunkari, aldizkari, irrati eta telebista ohikoak direla erakustea. Haurrei euskarazko ipuin, marrazki bizidun eta saioak hautatzen laguntzea.

Kultura

Helburua. Maila pertsonal zein kolektiboan kultura zein hizkuntzatan kontsumitzen den hausnartzea, eta euskarazko ekoizpenak gailendu daitezen ohiturak aldatzea.

Ideiak. Herriko sortzaileen lana ezagutarazteko jarduerak antolatzea, herriko tabernetan kanpaina egitea euskarazko musika lehenets dezaten…

Ezina ekinez egina

Helburua. Herritarrek eta erakunde publikoek euskaraz egin ezin dutenean sortzen den ezina indar eraldatzaile bihurtzea, eta bitartekoak ezagutaraztea.

Ideiak. Hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko bitartekoak erabiltzea, kasu pertsonala estatistiketan agertzeko eta konponbidea lortzeko bide egokia direlako. Hizkuntza jokabide egokia aitortzeko bitartekoak erabiltzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.