Erdibideko topagunea

Erdibideko topagunea

Unai Zubeldia

Elkarrekin topo egiteko lekua da Turislan; enplegu bila dabiltzanak eta turismo sektoreko enpresak plaza berean jartzen dituen ekitaldia. Baina ez da elkargune soil bat. Hitzaldiak, mahai inguruak, aurkezpenak, gaitasunen azterketak, etorkizunerako orientazio lanak… Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, bigarren urtez enplegu azoka antolatu dute, datorren astelehen eta astearterako, Irungo Ficoba erakustazokan. Prestakuntza eta jasangarritasuna, Gipuzkoan turismoaren sektorea garatzeko ezinbestekoak diren bi arlo nagusi horiek jorratuko dituzte aurten.

Hotelak, ostatuak, eskolak, agentziak eta gainerakoak kontuan hartuta, 65 erakusmahai izango dira guztira —iaz baino hemezortzi gehiago—. Oso oinarrizkoa da helburuetako bat: lanik gabe dauden herritarrek euren curriculuma eskura eman ahal izatea, eta enpresa horiekin zuzeneko harremana lortzea. Iazko datuak aztertuta, baikor daude antolatzaileak. 2.236 bisitari izan zituen iaz Turislan Turismo Enpleguaren Azokak, eta 3.900 curriculum jaso zituzten 215 lanpostu eskaintzatarako. Besteak beste, 120 kontratu itxi zituzten bi egun horietan, eta 25 tailer eta hitzaldi antolatu zituzten. “Kopuru horiek hazkunde eta etorkizun handiko gune bihurtzen dute Gipuzkoa turismo arloan”, azaldu du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Turismo diputatuak. “Eta, horri esker, azoka hau aukera paregabea da lan bila ari diren pertsonentzat”.

Itxasok berak azpimarratu duenez, turismoa da Gipuzkoako ekonomiaren motor nagusietako bat. “Eta administrazioek, eskualdeek eta enpresek ahalegin handia egin behar dugu sektore turistikoen kalitate adierazleak hobetzeko. Horretarako, ezinbestekoa da enplegua kalitatezkoa izatea eta sektorea profesionalizatzea”. Sektorearen eta lurraldearen beraren lehiakortasuna areagotzen lagundu nahi du Turislanek. Ficobako ateak astelehen eta asteartean irekiko badituzte ere, Lanbiderekin elkarlanean 200 lan eskaintza baino gehiago egin dituzte dagoeneko, eta, antolatzaileek emandako datuaren arabera, 2.014 curriculum jaso dituzte jada. Elkarrizketak egiteko, hala ere, ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Astelehenean edo asteartean Ficobara bertaratuz gero, aukera egongo da enpresa edo erakunde horiekin harremanetan jartzeko.

Hitzaldien garrantzia

Enpresa eta erakundeek herritarrak bertatik bertara ezagutzea da helburuetako bat. Horren jakitun, enpresa eta erakundeek gune berezi bat izango dute elkarrizketa pertsonalak egiteko eta herritarrak hobeto ezagutzeko. Beste pauso bat emanda, gainera, lan bila doazenei lan munduan txertatzen laguntzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru ere antolatuko dituzte Ficoban. Egitarau oparoan, formakuntzari buruzko hogei bat hitzaldi izango dira bi egunetan. “Sinergiak sortzeko eta horien inguruan hausnartzeko gunea izango da Turislan”.

Aste Santuarekin batera iristen da urteko lehen goraldi nabarmena turismoaren sektorean, eta, egun horietarako prestaketa gisa, baliagarria izango da enpresak eta herritarrak elkarren ondoan jarri eta hausnarrean aritzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.