Tanta bat zirimiriaren erdian

Tanta bat zirimiriaren erdian

Beñat Alberdi

Erakunde terrorista baten eraginez atentatu bat izango balitz, inork ez luke zalantzan jarriko udal gobernuaren zilegitasuna ekimen judizial bat bultzatzeko”. Hala dio Bergarako udalbatzak azken osoko bilkuran onartutako mozioak. “Nola ez da, bada, zilegi izango gure herrian hainbeste biktima eragin zuen estatu terrorismoaren ekimen sistematikoaren aurrean jarrera berdina izatea?”. Udala osatzen duten zinegotzi guztiek eta alkateak aho batez onartu zuten deklarazioa. Testigantzak jasotzen hasi dira orain, ikerketa has dadin oinarria jartzeko. “Beste tanta bat gara krimenen aurkako zirimirian”, azaldu du Elena Lete alkateak (EAJ). “Baina egiten dugunak balio izango du”.

Lau alderdik dute ordezkaritza Bergarako Udalean: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Irabazi Bergarak. Alderdien arteko tirabiretatik kanpo, guztiz ados daude krimenak ikertzeko orduan. “Biktimei erreparazioa egiteko bide bat da testigantzak jasotzea”, adierazi du alkateak. “Hamaika modu daude horretarako. Omenaldi bat egin genien, adibidez, Irrintzi batailoian parte hartu zutenei. Baina asko lagunduko du pasatu zutena jasotzeak”. Bidea zabaldu dute sufritu zuten haiek harremanetan jar daitezen. Datuak eman eta banakako elkarrizketak egingo dituzte.

Udalak Nerea Villa kontratatu du harremanetan jartzen direnen testigantzak jasotzeko. Badu aldez aurreko esperientzia hartu-eman horretan; izan ere, testigantzak batzen aritu izan da Intxorta 1937 elkarterako. “Konfiantzazko giro bat sortu behar izaten da elkarrizketatuarekin”, azaldu du Villak berak. “Kontu xumeekin hasten gara beti: non bizi zen, zertan egiten zuen lan… Geroago sartzen gara gai zehatzagoetan”. Lekukoek gertatutakoa kontatzeko hainbat arazo izaten dutela nabarmendu du Villak; oraindik ere erreparo dezente daukatela, esaterako: “Sarri galdetzen digute hori kontatu ote daitekeen. Beti esaten diegu lasai egoteko, ez dutela arazorik izango”.

Grabatu egiten dute elkarrizketako audioa, eta idatziz ere aurkeztu beharko dute kereilan sartu ahal izateko. Mikrofonoak itzali ostean, ordea, bestelako deklaraziorik ere jasotzen dute. “Mikrofonoa itzalitakoan esan izan digute, adibidez, aurretik ez digutela gaiztoaren izenik aipatu, baina mikrofonorik gabe esango digutela. Horrelako asko gertatzen zaizkigu”.

Kereilak testigantzak izango ditu oinarri, baina testigantza horiek bestelako datu batzuk ere behar izaten dituzte, sinesgarritasuna lortzeko. Oro har, artxiboko lana behar izaten dute; hots, testigantzarekin zerbaitetan bat datorren daturen bat, baina paperean. “Beti aurkitzen dugu zein batailoitan egon zen edo zein espetxetan. Testiguaren aurkako salaketak ere aurkitu izan ditugu”.

Jazotako gertakari asko duela urte dezente pasatu izanak badauka bere eragina; baita delitua jasan zuena hilda egoteak ere, edo adinak eragindako ondoezen bat izateak. Hala ere, beste pertsona baten bidez jasotako testigantzek ere balio izaten dute horrelakoetan. “Adibidez, azaltzen diegu aitak kontatutakoak balio digula, hark ondorengoari zuzenean kontatu ziolako. Gainera, segur aski, sinesgarritasuna ematen dioten datuak egongo dira tartean”.

Jazotakoak jasotakoan, kereila abokatuaren eskuetatik pasatuko da, epaitegian aurkeztu aurretik. Izan ere, salaketak polizia etxeetan jartzen dira, eta orduan ez da abokatu beharrik izaten. Kereilak, ordea, abokatu bat eta prokuradore bat behar izaten ditu, aurkeztu ahal izateko.

Dena den, udalak berak jarriko du kereila. “Erakundeak hartuko du ardura kontaketa sortzeko eta testigantzak jasotzeko”, argitu du Gorka Artolak, EH Bilduko zinegotziak. “Oso esanguratsua da erakunde batek testigantzei zilegitasuna ematea. Aitortza egiten zaie, eta hortik eraikiko da kontaketa”.

Hala ere, mugimendua ez da Debagoienera mugatuko. Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak bideratu zuen proposamena Bergarara, baina ez da bakarra izan. Beste hainbat erakundek eta herrik ere onartu dute mozioa: “Testigantzak jasotzea testuinguruan ulertu behar da”, nabarmendu du Mari Carmen Barrenetxea PSE-EEko zinegotziak. “Ez zaigu guri bakarrik bururatu; zabalagoa da mugimendua”. Alkateak ere azaldu du mugimendu zabalago horretatik datorrela zirimiriaren metafora.

Kopuruaren zain daude

Momentuz, martxoaren 12ra arte dago zabalik testigantzak emateko epea. Ez daukate oso argi emaitza zein izango den; hots, zenbat jendek parte hartuko duen. Baina argi daukate testigantza gehiago lortzeko epeak eta moduak aldatuko dituztela, beharra izanez gero.

Bide judizialetik harago, udaleko lau alderdiek makina bat aukera ikusten dizkiote lortutako informazioaren erabilerari; izan ere, lanketa horri esker Bergaran jazotako gertaeren testigantzak jasoko dituzte. Aiert Lizarralde Irabaziko zinegotziak nahitaezkotzat jo du informazio iturri horiek zabaltzea, batez ere gertaerak “ez errepikatzeko”. “Buruan daukagu informazioa hedatzeko hainbat egitasmo egitea; esaterako, eskoletan”.

Oraindik ez dute finkatu zein izango den testigantzak hedatzeko bidea. Azken finean, jasoko dutenak asko baldintzatuko du hurrengo pausoa, baina ideiak, behintzat, ez zaizkie falta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.