Bola jokoan ere lekua egiten

Bola jokoan ere lekua egiten

Loinaz Agirre

Herri kirol askotan gertatu izan den bezala, bola jokoa ere gizonezkoena izan da orain artean. Gabiriako bolatokiko hormako irudiak argi irudikatzen du hori: hainbat herri kirol daude margotuta bertan, eta gizonezkoak ikus daitezke guztietan; dantzan bakarrik ageri dira emakumezkoak. Baina egoera hori iraultzen ari da pixkanaka-pixkanaka, eta bola jokoan ere lekua egiten ari dira emakumezkoak; indartsu, gainera.

2016 amaieratik emakumezkoa da Gipuzkoako Bola eta Toka federazioko lehendakaria; Garbiñe Alustiza zeraindarra, hain zuzen ere. Lehenengo emakumezkoa da zeregin horietan, bai lehendakaritzan eta baita federazioaren zuzendaritza taldean ere.

Errealitate horren ispilu garbia izan da denboraldi honetako Gipuzkoako taldekako bola txapelketa ere. Hiru talde aritu dira nor baino nor gehiago: Zeraingo, Villabona-Amasako eta Gabiriako talde bana. Aurreko sasoian Gabiria eta Zeraingo hiruna emakumek osatu zuten taldea, eta denboraldi honetan bere taldea plazaratu du herri bakoitzak.

Zeraindarrak izan dira irabazle. Duela hamar bat urte Antonio Alustiza bolariarekin ikasten aritutako hainbat belaunalditako emakumezkoek osatu dute taldea: Belen Abendibar, Mari Flor Mendizabal, Mariajexux Mendizabal, Kontxita Gabiria, Garbiñe Alustiza eta Aitziber Makatzagak. Makatzagak azaldu duenez, bola jokoa “gizonezkoena” izan da betidanik. “Nahiz eta gure taldekideetako batek, Kontxik, beti esaten duen Aztirian jokatzen zuela berak. Oraintxe ari gara taldea pixka bat indartzen”.

Federazioaren ekimena

Makatzagaren ustez, lagungarria izaten ari da emakumezkoentzat aukeran txapelketa gehiago izatea. “Orain gutxi arte, urtean behingo txapelketa izaten zen emakumezkoena; ekainean, Gipuzkoako Txapelketa. Gainerakoan, urte osoan ez genuen parte hartzen herriz herriko txapelketetan. Herriko festetan eta kito”. Baina, “federazioaren ekimenez”, urtean behingo kontua bakarrik ez izaten saiatu dira azken urteotan. Adibide bat jarri du zeraindarrak: “Lehen, Lehendakari Txapelketan, gizonezkoentzat bakarrik egoten zen saria, eta emakumezkoentzat ere jartzen hasi dira orain”. Pauso horiei esker, txapelketa gehiagotan parte hartzera behartuta daudela azaldu du. “Eta, azkenean, txapelketa guztietan parte hartzen bukatu dugu”. Hori da Alustiza eta Makatzagaren kasua. Joan den asteburuan txapeldunorde izan ziren Gipuzkoako Binakako Txapelketan.

Gabirian ere gero eta emakumezko gehiago biltzen da bola jokora, taldekako txapelketara batez ere. Maria Alkorta, Irene Arrondo, Leire Murua, Ainhoa Arratibel, Maialen Igarzabal, Esti Alberdi, Pake Galdos, Jaione Galdos, Maddi Aztiria eta Ixiar Izuzkiza bidea egiten ari dira, Naiara Peñagarikanok eta Eresti Oiarbidek bultzatuta. Muruaren esanetan, gustatu egin zitzaion probatu zuenean. “Herrian, gainera, gizonezkoei sekulako ilusioa egin zien emakumezkoen talde bat sortzeak; espero ez genuen erreakzioa eduki zuten agian. Ostiralero elkartzen dira eurak, eta erakusteko prest daude”. Dena den, taldekako txapelketak alde batera utzita, herriko txapelketan bakarrik parte hartzen du Muruak. “Zortzi-hamar jardunaldi izaten dira txapelketa bakoitzean, eta oso lotua da”. Peñagarikano, berriz, denboraldi guztian aritzen da lehian, eta gabiriarrak Gipuzkoako Binakako txapela jantzi zuen joan den asteburuan, Rosa Santos hernaniarrarekin batera.

Emakumezkoei bakarrik ez, gizonezkoei ere irabazi izan diete Makatzagak eta Peñagarikanok; maila nagusian hiru txapelketa irabazi dituzte goierritarrek. Gizonezkoekin lehia estuan aritzen dira maiz: “Iaz, Zeraingo festetan ere, berdinketa hausteko partida jokatu nuen irabazlearekin, eta bigarren gelditu nintzen. Osinalden ere bosgarren gelditu nintzen, berdinketa hausteko partida jokatuta”, gogoratu du Makatzagak.

Gizonezkoen bolekin

Sei edo zortzi kilo inguruko bola izaten dute aukeran. “Berez badago emakumeek erabili izan duten bola txiki bat, baina handiarekin ohitu gara gu, eta ez dugu asmatzen txikiarekin”. Muruaren esanetan, bola jokoan indarra baino garrantzitsuagoa da teknika: “Indarra ematen diogu bolari, baina behera egiten du askotan. Erraila hartuz gero, ondo, baina hartu ezean… Ez da indar kontua”, azaldu dute bi gabiriarrek.

Berdintasunaren bidean, dena den, oraindik ere badago zereginik; sariak parekatzeko garaian, esate baterako. “Txapelketetan ez dute kobratzen izena ematean, baina, sailkapen nagusian aurrean ibiliz gero eta sariren bat lortuz gero, gizonezkoekin banatu behar izaten dugu. Badago gu hor egoteko nahi bat, baina…”.

Gabiriako festetan, bola jokoko txapelketan, aurten bai, aurten “pare-parean” jarriko dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen sariak. “Iaz arte, hiru sari izaten ziren gizonezkoentzat eta bi emakumezkoentzat. Gizonezkoen diru kopuru erdia jasotzen genuen, gainera”. Iaz erabaki zuten aurtengo festetan sari guztiak berdinak izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.