Ipuinek batu dituzte bi aldeak

Ipuinek batu dituzte bi aldeak

Erik Gartzia Egaña

Oiartzunen txiki utzi dute Ozeano Atlantikoak sortzen duen aldea. Izan ere, proiektu bati esker, herriko hainbat haurrek bat egin dute Mexikoko Yucatan penintsulako Hunucma herriko haurrekin. Ipuinak dira hari komunikatzaileak. Hango ipuin batean oinarrituta, marrazki bizidunak sortu zituzten Yucatango haurrek, eta oiartzuarrek erantzuna eman diete, beste ipuin batean oinarrituta.

Haziak proiektuak zubi lanak egiten ditu hezkuntza formalaren eta ez formalaren artean. Bertako kide da Nekane Martiarena, eta hark azaldu du zein izan zen sua piztu zuen txinparta: “Guille Maceiras Ventanas a la Diversidad proiektuko kidea ezagutu genuen Unesco Etxearen ekitaldi batean. Haien proiektuak gurearekin zerikusia eduki zezakeela ikusi genuen, eta harremanetan jarri ginen”. Orain dela gutxi jaso zuten elkarrekin zerbait egiteko proposamena. “Eta horrela sortu zen otsailaren 17an eta 18an egin genuen ekintza hori”.

Martiarenak azaldu duenez, Maceirasek lan handia egiten du Mexikon bertan, Erdialdeko Amerikan eta Asian, ahozkotasuna eta beste hainbat kontu lantzen. Urtero joaten da herrialde horietara, eta bertakoekin harremanetan jartzen da. Kutxa magikoen proiektua dauka Unescorekin, eta gizarteko arazo jakin bat detektatzen du herri bakoitzean; gizarteko arazo hori konpon dezakeen ipuin bat aurkitzen du; kutxa magikoak sortzen dituzte ondoren, eta ipuin horientzako marrazki bizidunak sortzen dituzte azkenik.

Martiarenak azaldu duenez, Hunucma herriko gizonezko batek —Anacletok— kontatutako ipuina entzun dute haiek, euskarara itzulita, eta hango haurrek egindako marrazkiak ere ikusi dituzte. “Soinurik gabe ikusi zuten hasiera batean, eta ea zer ulertu zuten galdetu genien. Ulertu zutenarekin, guk ipuina kontatu genien”. Haurrak desagertu egiten dira Mexikoko X’tabay ipuinean; X’tabay izeneko emakume batek eramaten ditu. Haziak proiektuko kideek antzeko ipuin batekin topo egin zuten Oiartzunen. “Ergoien auzoko Olaizarre baserriaren eta Iturriozko dorretxearen artean gertatzen da istorio hori, eta sorginkeriarekin du zerikusia”. Berehala aurkitu zuten bi ipuinen arteko lotura. “Haurrak desagertu egiten dira Oiartzunen ere, baina genero indarkeriaren eraginez. Aita batek ama egurtu eta giltzaperatu egiten du. Mutikoa gaizki sentitzen da etxe horretan, eta bere kabuz alde egiten du”, azaldu du Martiarenak. Haziak proiektuko kideak uste du “gai aproposa” dela horren inguruan sentsibilizazioa sortzeko eta haurrek hausnarketa egiteko.

Hiru orduko hiru saiotan banatu zuten tailerra. Lehen saioan, ipuina entzun zuten, eta zenbat eszena, pertsonaia… egongo ziren erabaki zuten; bigarrenean, berriz, kutxa magikoak egin zituzten. Horretarako, zulo bat egin zuten kartoizko kutxa baten aurrealdean, eta paper begetaleko orri bat jarri bertan. Aluminiozko papera eta bonbillak barruan sartu, eta zulotxo bat egin behar izaten zaio atzean, bideokamera edo sakelakoa sartzeko. Dena grabatzen da haurra marrazten ari den bitartean, eta guztiak elkartzean sortzen dira marrazki bizidunak. Hirugarren saioan hartu zituzten esku artean tenpera eta errotuladoreak.

Emaitza “bikaina” izan zela azaldu du Martiarenak. “Bederatzi ordu pasatu zituzten elkarrekin, eta ahalegina handia izan arren, oso aberasgarria izan zen”. Haziak elkarteko kidearen hitzetan, “erabatekoa” izan zen haurren parte hartzea. “Elkar ezagutzeko parada izan zuten, gainera, eta baita beste kultura batzuk ezagutzeko aukera ere. Herriko bi ikastetxeetako 7 eta 12 urte arteko haurrak zeuden bertan.

Maceirasekin, Mexikora

Mexikoko proiektuari erantzun ondoren, oiartzuarren lanak ozeanoa zeharkatuko du orain. “Maceiras apirilean joango da hara”, hasi du azalpena Martiarenak. “Eta Oiartzunen zer egin dugun erakutsiko die. Ikusi genituen Yucatanen egin zituzten marrazki bizidunak, eta erantzun egingo diegu orain”. Oiartzuarren lana ez dute Mexikon bakarrik ikusiko, ordea. “El Salvador eta Guatemalara ere eramango du, eta beste ipuin batekin itzuliko da hona. Truke bat sortuko da hor: hizkuntzak, mitologiak, ahozkotasuna…”. Hori bai, bideoaren behin betiko bertsioa ikusteko eguna zehaztuko dute Ameriketara abiatu baino lehen. Oiartzuarrei, ziur, luze joko die erantzunaren itxaronaldiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.