Larritu egin da arazoa

Larritu egin da arazoa

Unai Zubeldia

Ez dugu diru laguntzarik nahi; kudeaketa ona nahi dugu. Urtean 100.000 euro jasota ere ezingo genieke aurre egin basurdeek sortutako kalteei”. Haserre eta kezkatuta daude nekazariak. Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko lehendakariak emandako datuen arabera, 1.216 basurde ikusi zituzten 2010ean, 668 uxaldi egin zituzten, eta 619 hil. Iaz, berriz, 2.804 ikusi zituzten, 1.470 uxaldi egin zituzten, eta 1.587 hil. “Basurdeen plaga daukagu, eta txikizio larriak eragiten ari dira belardi, baratza, artasoro, zuhaitz eta gainerakoetan. Neurriak behar ditugu; berehalako neurriak”.

Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako zuzendariak baieztatu egin ditu datuak. “Azken hamazazpi urteotan hirukoiztu egin da ehizatutako basurde kopurua, eta, hala ere, urtero %9 hazten ari da populazioa”. Nazabalek azaldu du “oso basurde gazteak” ari direla kumeak edukitzen. “Urtebetekoak, askotan; izugarrizko gaitasuna daukate ugalketarako, eta egoera zaila da kontrolatzeko”.

“Espezie arrunta eta oso zabaldua” izaki, “Gipuzkoa osoan” dauzkate arazoak basurdeekin. “Baina badaude bereziki kaltetuta dauden gune batzuk”, Ariztimuñoren esanetan. “Arrasateko Udala auzoa, Eibar, Ataun, Bidasoa ibaiaren ingurua, Zaldibia aldea…”. Mendietako zuzendariaren hitzetan, “globala” da arazoa. “Kopuruak ez du gora egin Gipuzkoan bakarrik; antzekoa da egoera Araban, Bizkaian, Nafarroan, Pirinio Atlantikoetan, Iberiar penintsulan, Europan…”. Aldundiak iaz jarri zuen abian basurdeen kalteak salatzeko eta jarraipena egiteko Nekagip aplikazioa, eta egun eta erdiz behin jasotzen du salaketaren bat.

2016ko azaroan lau basurde azaldu ziren Donostian, hirigunetik oso gertu, eta berehala hil zituzten ehiztariek, tiroka, ertzainek eta udaltzainek ingurua hesitu ondoren. “Azkar hartu zituzten neurriak orduan”, adierazi du Nazabalek. “Baina gure inguruan pentsaezina da jokabide hori. Harrigarria izan zen nola jokatu zuten; azkar batean eta tiroka”.

Arazoari aurre egiteko, aldundiak basurdeak ehizatzeko baimenak eskuratzeko lehiaketa publikoa egiten du beti, eta Gipuzkoako Ehiza Federazioak eskuratzen du baimen hori. Ondoren, kuadrillaka antolatzen dira ehiztariak. “Ehiza denboraldian egoera aztertu, eta hurrengo denboraldirako helburuak zehazten ditugu beti”. Nekazariek sarritan kritikatu izan dute aldundiak eta ehiztari taldeek “epelegi” jokatzen dutela neurriekin. “Baina ehiztari kuadrillek %90etik gora betetzen dute zehaztutakoa”, defendatu da Ariztimuño. “Sekula baino basurde gehiago ehizatzen ari gara aurten, eta, ondorioz, argi dago aldundia ez dela ari epel jokatzen. Argi daukagu, gainera, ehiza dela basurde kopurua jaisteko neurririk eraginkorrena”.

Nazabalek, hala ere, zalantzan jarri du ehiztari kuadrilla batzuen eraginkortasuna. “Irailean hasi ziren ehizan [2017ko irailaren 2tik 2018ko apirilaren 1era daukate baimena], artean giroa beroa zenean, eta, lehortearen ondoren, arrastoari jarraitu ezinda ibili ziren; irailean euri pixka bat hastean, onddo bila joan ziren; uso garaia iritsi zen gero, eta batera eta bestera joan ziren ehizara; azaro erditik aurrera hasten dira serio lanean”.

Ehiza larria deitzen zaio basurde uxaldiari, eta Euskadiko 2/2011 Ehiza Legean araututa dago. Ariztimuñok azaldu duenez, zainpeko hamabi ehiza eremu izendatu zituzten 2004an. “Eta 2015ean berritu genituen, 77/2015 Foru Aginduaren bidez”. Eremu horietan egiten dute lehiaketa publikoa —horiek eskuratzen ditu Ehiza Federazioak—. “Bi salbuespen daude Gipuzkoan: Leintz-Gatzaga, eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorreko ehiza barruti pribatuak. Kasu horietan, Leintz-Gatzagako Udala eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusia dira ehiza larriaren titularrak”.

Aldundiak eta Ehiza Federazioak ehiza larriaren kudeaketarako daukaten lankidetza hitzarmenari esker, Ehiza Federazioak ordaintzen ditu basurdeek nekazaritza lurretan eragiten dituzten kalteak.

Nekazariak ados daude aldundiak eta Ehiza Federazioak sinatuta daukaten hitzarmenarekin. “Baina guk ehizarako baimenik ez daukagula, hori da beste arazoetako bat. Eskuak lotuta gaude erabat; ezin dugu ezer egin, zigorra jaso dezakegulako. Gipuzkoako Ehiza Federazioaren mende gaude erabat, eta frustrazioa sortzen du horrek”.

Kalteak zerrendatzen hasita, adibide bat jarri du EHNE sindikatuko lehendakariak: “Basurdeek errotik ateratzen dute lurra, eta horrek kalte handia egiten die makinei. Bildutako belarrak lurra baldin badauka eta ezin bada ondo lehortu, hezetasun handia hartzen du gero, eta horrek kalte egiten dio, noski, ganaduari, oso toxikoa izaten delako belar hori”. Nazabalen ustez, zenbait jende ez da jabetzen errealitateaz. “Baina arazo errealak dauzkagu guk; ez da kapritxoa edo gutizia”.

Animalien defentsa

“Desira eta nahi propioak dituzten banakoak dira basurdeak”, hasi du azalpena Maialen Saguesek, Askekintza Donostia aldeko talde antiespezistako kideak. “Eta guztiz bidegabea da gizakiok gure lur eremu izendatu dugun espazio horretan basurde horiek hiltzea erabakitzea. Erabat ikuspegi antropozentrista da hori; gizakiak basurdeen gainetik gaudela erakutsi nahi dugu ekintza horiekin, eta espezismo hutsa da hori”. Saguesek onartu du arazoren bat egonez gero irtenbideak aurkitu beharko direla. “Irtenbideren bat behar dute lurra lantzen ari diren pertsona horiek, baina norbanako guztiak kontuan edukita hartu behar dira erabakiak. Errespetua da oinarria”.

Nazabalen ustez, “askori” ahaztu egiten zaie gizakia bera ere animalia dela. “Milaka eta milaka urtetan aktibo izan gara egungo ekosisteman, eta horrek ez du esan nahi aktibo hori beti txarra denik”. EHNEko ordezkariaren ustez, “aurreiritzietan oinarrituta” hitz egiten dute askok. “Gu ez gaude animaliak desagertzearen alde, baina horrek ez du esan nahi neurriak eskatu ezin ditugunik”. Nazabalek galdera zuzena egin die animalien eskubideen aldeko taldeei. “Horiek guztiek zer egingo lukete etxean hiruzpalau arratoi agertuz gero? Bizitzen utzi? Zakutxo batean sartu eta beste baten etxera eraman? Oso modu arinean epaitzen dira besteen bizipenak. Ezin dut sinetsi hainbeste basurde egotea ingurumenarentzat ona dela pentsa dezaketenik”.

Kontrako iritzi asko dituztela jakinda ere, “animalien askapenerako borrokan” aritzen den taldea izanik, Askekintzako kideak ez du uste eurek eskaini behar dituztenik balizko irtenbideak. “Gure funtzioa ez da arazo bakoitzaren aurrean baliabideak edo tresnak eskaintzea. Guk dioguna da bidegabea dela animalia horiek hiltzea, eta, are gehiago, jatea. Ez da gure ardura morala animaliak jaten dituzten pertsonei irtenbideak eskaintzea”. Aldundiak onartu du “arazo baten aurrean” daudela, eta baserritarrek ez daukate etsitzeko asmorik. “Borrokan jarraituko dugu, gure eskubideak errespeta ditzatela eskatzen ari garelako, ez besterik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.