Herritarrek erabakitakoa ez dela errespetatu salatu du Herrera Herrira-k

Herritarrek erabakitakoa ez dela errespetatu salatu du Herrera Herrira-k

E. Goenaga Lizaso

Herrera Herrira taldeak “balorazio txarra” egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan onartutako plan bereziari dagokionez. “Ez die erantzuten herri honek etorkizunera begirako esperantzari eusteko dituen gutxieneko beharrei”, adierazi du Herrera Herrira-ko bozeramaile Iñaki Aristik. Foru aldundiko ordezkariek gehien nabarmendu dituzten bi puntuetan ikusten du hutsune nagusia Aristik. “Plan honen inguruan bi puntu aipatu dituzte, behin eta berriro, egitasmoaren indargune gisa, eta guk hain justu ere bi puntu horietan ikusten dizkiogu hutsune handienak: herritarren partaidetza, batetik, eta suspertze ekonomikoa, bestetik”.

Herritarren adostasunez eta parte-hartze prozesu baten ondoren egindako plana dela azpimarratu dute Markel Olano ahaldun nagusiak eta Marisol Garmendia Lurralde Antolaketa diputatuak. Aristik, ordea, herritarrek adierazitako nahiari entzungor egin zaiola salatu du. “2009an parte-hartze prozesu zabal eta plural bat egin zen, herriaren beharrei buruzko diagnosi bat landu genuen, eta proposamen bat jarri zen mahai gainean. 2011n, gainera, Pasaiako Udalak bere egin zuen proposamen hori. Baina plan hau egiterakoan entzungor egin diote proposamen hartan jasotakoari”. Tartean, “plan berria zuritzeko asmoz” parte-hartze prozesu baten “itxurako zerbait” egin zutela dio Aristik.

Suspertze ekonomikorik ez

Beste hutsune handia arlo ekonomikoan ikusten du Herrera Herrira taldeak. “Biziberritze ekonomikoaz hitz egiten dute, baina mahai gainean jarri duten proposamenarekin, zaila da suspertze ekonomiko bat egitea”. Egingo diren obrak inguruneari aurpegia garbitzeko, txukunketak egiteko, irisgarritasuna hobetzeko eta abarrerako balioko dutelakoan dago, baina nabarmendu du horrek ez duela, berez, zonaldean suspertze ekonomikorik ekarriko. “Adinekoen zentroa aipatzen dute, eta hori ondo dago, behar zen hori ere; baina ez da egia horrek aktibazio ekonomiko bat ekarriko duenik”.

“Ez gaitzatela engaina. Bidegorri bat, espaloi bat eta pasealeku bat, beharrezkoak, bai, badira, eta gainera bazen egiteko garaia, aspaldian eginak behar zuten; baina horrek ez du konponduko zonalde honen egoera ekonomiko kaskarra”. Oso kaltetua dagoen gunea dela azaldu du Aristik, biziberritzeko planaren aitzakian 30 urtean ez dela ia obrarik egin, ez eurorik inbertitu bertan, eta obra horiek ezinbestekoak direla; baina biziberritzea horretan uztea “aukera bat galtzea” dela gaineratu du.

Ildo horretan, herritarrek landutako proposamenean esparru ekonomiko berriak zabaltzea eta sustatzea aurreikusten zela azaldu du Aristik; merkataritza suspertzea, ekonomia jarduera berrietarako espazio libreak sortzea… “Baina horretarako neurri bakar bat ere ez da jasotzen. Aitzitik, herritarren gozamenerako pasealeku bat eta bidegorri bat soilik egingo dira, eta, bitartean, portu agintaritzari pabiloiak egiteko eremuen erreserba egiten zaio, gero enpresa pribatuek beteko dituztenak, herritarrek batera onurarik jaso gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.