Ibilbide luzea mendian gora

Ibilbide luzea mendian gora

Beñat Alberdi

Duela hiru mende laurden elkartu ziren sei bergarar eta eibartar bat Bergarako Txoko tabernan; 1942ko martxoaren 15ean, zehazki. Mendizaletasuna berreskuratzea zen xedea, gerraostean indarra galtzen ari zelako. Sinplea izan zen emaitza: Pol-Pol mendizale taldea sortu zuten.

Gogo hori, ordea, ez zen zazpi pertsonarena bakarrik. Beste 86 batu zitzaizkien lehendabiziko urtebetean. “Alderdikeriak gainditzeko gaitasuna izan zuen mendizaletasunak”, argitu du Aitor Eraña Pol-Polen urteurreneko ekintzen koordinatzaileak. “Zein bandotan egon ziren kontuan hartu gabe batzen ziren denak”. Hala ere, mendi ibilbideak antolatzetik harago joan ziren elkarteko kideak. Izan ere, auzoetako lanetan parte hartzen zuten, edo beharrak asetzen lagundu, hala nola urrutiko baserrietara ura eramaten. “Astean zehar kalean lan egiten zuten, eta asteburuetan auzoetara joaten ziren laguntzera. Kultura hori ez da askorik mantentzen gaur egun”.

Bideak ez du etenik izan harrezkero. Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, bergararren mendira joateko gogoa batu du elkarteak. Hamaika gorabehera izan du bazkide kopuruan. 86 izan ziren lehen urtean, baina 1992an lortu zuten bazkide kopuru gorena, 50. urteurrenean, hain zuzen: 1.600. Egun, 700 kidek osatzen dute Pol-Pol elkartea.

76 urte bete zituen atzo. Dena den, bere horretan hamaika istorio, gorabehera eta pasadizo batzen ditu mendizale taldeak. Horregatik prestatu dute Pol-Pol M.T. Bergarako historia sozial bat. 1942-2017 liburua. Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzailea arduratu da informazioa biltzeaz eta sailkatzeaz. Testigantza ugari eta hainbat garaitako argazkiak lortu dituzte liburua garatzeko. “Argazkietako jendea identifikatzea izan da lanik zailena”, azaldu du Erañak. “Garai zaharretako argazkiak dira. Ez da erraza horiek ezagutuko dituzten herritarrak aurkitzea”. Bihar aurkeztuko dute Elkoroberezibarren lana, 12:30ean, Bergarako Udalean bertan.

Ikerlariak urteak daramatza informazioa biltzen eta liburua prestatzen. Hala ere, nahiago izan dute argitalpena atzeratzea 75 urte bete zituztenean argitaratzea baino. “Gure historia kontatuko dugu liburuan, eta nola ez dugu, bada, azalduko elkartearen 75. urteurrena nolakoa izan zen?”, argitu du Erañak.

Liburua osatuta ere, elkartearen historia idazten jarraitzen dute oraindik. 700 kide ditu egun, nahiz eta koordinatzaileak nabarmendu duen asko “federatu ahal izateko” daudela sartuta elkartean. Mendi ibilaldiak antolatzen jarraitzen dute bergararrek, hainbat mailatan. Beteranoek osatzen dute talde nagusia. Autobus bete pertsona batzen dira hilean behin mendi buelta bat emateko. Maiatzaren 1eko zubian Leon aldera joango dira, Espainiara, eta ekainean, berriz, Palmara, Herrialde Katalanetara.

Gazteek ere badute euren txokoa Pol-Polen. 35 urteko langak markatzen du beterano eta gazteen arteko muga, adinez nagusien kasuan. Baina ez da adin kontua: “Fisikoki gogorragoak diren ibilaldiak egiten dituzte”, azaldu du Erañak. Gazteen taldea ere ia hilabetero joaten da mendira. Beteranoek badute gogoa gazteagoei erreleboa emateko; ibilaldiak antolatzen bai, behintzat. “Bulegoko lana egiten dugu guk, baina badugu gogoa gazteek ikas dezaten baimenak eskatzen eta abar; burokrazia kontuak”. Adingabeentzat ere prestatzen dituzte bideak, bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoentzat, bai Lehen Hezkuntzakoentzat. “Mendira joateko aukera eskaintzea da kontua, azken finean. Gurasoak ere animatzen dira”.

Beste hainbat diziplina

Pol-Pol mendizale taldea ez da mugatzen ibilaldietara soilik, ordea. Mendiarekin lotura daukaten beste hainbat aisialdi mota biltzen ditu elkarteak; Hankaluze korrikalari taldea eta eskalada taldea, esaterako. Hankaluzekoek abenduko San Silvestre lasterketa antolatzen dute, adibidez. Beste hainbat konturen artean, sailen arteko harremanak indartzeko balio izango die estreinatzear diren lokalak. Izan ere, Pol-Polekin harremanetan jarri nahi duen edonorentzat erreferentzia gunea izango da herrian.

Hori bai, talde bakoitzarentzat bulegoak atonduko dituzte lokal berrian. “Orain artean, tabernaz taberna ibiltzen ginen bilerak egiteko”, nabarmendu du Erañak. “Bakoitza bere kasa eta ia inolako hartu-emanik gabe. Lokal berrian gehiago ikusiko dugu elkar. Nork daki zertarako balio izango digun!”. Igande honetan inauguratuko dute lokala, 12:00etan, San Pedro kaleko 10. zenbakian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.