“Badakit zoriontasuna ez didala emango txalo sorta batek”

“Badakit zoriontasuna ez didala emango txalo sorta batek”

Beñat Alberdi

Polifazetiko hitzak definituko du ondoen, akaso, Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980). Gaztetan hasi zen futbolean jokatzen, Realean, eta 32 urte bete arte iraun zuen baloiari ostikoka. Baina beste milaka aurpegi izan ditu zelaietatik kanpo: gitarrista, bakarrizketa egilea, aurkezlea eta aktorea. Egun, Euskal Herriko etxe ugaritan sartzen da igandero, Herri txiki, infernu handi saioarekin.

Hamaika urte igaro dituzu futbolean, baina nola hasi zen zure ibilbidea?

Umetan, futbola zen nire pasioa. Gipuzkoako ume askori gertatuko zitzaien bezala, Realarekin Lehen Mailan jokatzea zen nire ametsa. Auzoko frontoian hasi nintzen futbolean, eta ikastolan eta Elgoibarko futbol taldean aritu nintzen gero. 13-14 urterekin fitxatu ninduen Realak.

Nola bizi izan zenuen hain gazte izanda Realean jokatzea?

Hautaproba moduko bat pasatu genuen lehenengo. Haur pila bat elkartu ginen entrenamendu haietan. Horien bidez ikusten dute balio duzun edo ez. Proba horien ondoren hartu nindutenean, igandero Realaren elastikoa jantzita jokatzea zen lor nezaken gauzarik onena.

19 urterekin egin zenuen debuta Espainiako Lehen Mailan. Norberarengan eraginik ba al dauka lehen taldera pasatzeak?

Egun batetik bestera, aldatu egin zitzaidan bizitza. Gogoan daukat aste batean Hirugarren Mailan jokatu nuela Reala B-rekin, Tolosaren aurka, eta hurrengo astean Vicente Calderonen egin nuen debuta Realarekin, Atletico Madrilen aurka. Bizitza ez zitzaidan aldatu aste batetik bestera, egun batetik bestera baizik. Igande horren aurretik inork ez ninduen ezagutzen Gipuzkoan, baina astelehenean askok ezagutu egiten ninduten kalean. Gutxi gorabehera ezagun bihurtu nintzela esan dezaket, ez famatu. Ametsa bete nuen, baina aldaketa hori oso zaila da 19 urteko gazte batentzat. Egungo begiradarekin, ez da batere samurra.

19 urteko gazte batentzat, beraz, zaila da ezagun izate hori barneratzea, ezta?

Presioa da gehienbat. 19 urterekin bat-batean ezagun bihurtzen zara kalean; igandero azterketa pasatzen duzu Gipuzkoa osoaren aurrean; astelehenero prentsak baloratu egiten zaitu puntuekin; kritika onak edo txarrak jasotzen dituzu… Uste dut 19 urterekin oso zaila dela hori guztia barneratzea. Oso heldua izan behar duzu eraginik ez nabaritzeko, eta ni ez nintzen nire ingurukoak baino helduagoa. Ametsa bete nuen, bai, baina amets horren ondoan dena ez zen urre kolorekoa.

Debuta ere ez zen urrezkoa izan, ezta?

Partida ona jokatu nuen, baina kaleratu egin ninduten. Gazi-gozoa izan zen. Hala ere, txukun jokatu nuenez, lehen taldean mantendu ninduten handik aurrera.

Inoiz ikusi al duzu jokaldi hori berriro?

Bai, ikusi izan dut.

Merezitako txartela al da?

Bi txartel hori atera zizkidan, eta bigarrena ez zen. Baina aitortu beharra daukat partida horretan jokaldi batean baino gehiagotan merezi izan nuela bigarren txartel horia.

Beste hamaika taldetan jokatu zenuen behin Reala utzita, Algecirasen eta Rayo Vallecanon, besteak beste.

Realean aukera izan nuen, ametsa bete nuen, eta presioa ez nuen ondo kudeatu. Ez nuen eman Lehen Mailan eskatzen duten mailarik. Burua ez neukan prest presio hori kudeatzeko; heldutasun hori falta zitzaidan. Futbolean garrantzitsua ez da arlo fisikoa edo baloia mugitzeko modua bakarrik. Buruak garrantzi handia dauka, eta nik ez nuen ondo kudeatu. Reala utzita, nire bizimodua aurkitu behar izan nuen beheragoko mailetan.

Alderik igartzen al da maila batetik bestera?

Realetik atera nintzenean uste nuen erraz jokatuko nuela Bigarren Mailan, baina bizpahiru urte behar izan nituen konturatzeko serioago entrenatzen ez banintzen 25 urterekin amaituko zela nire kirol ibilbidea.

Zure ibilbidea ez zenuen 25 urterekin bukatu, dena den.

Zortea izan nuen, eta Lemoak fitxatu ninduen. 26 urte nituela ia inork ez ninduen nahi taldean, azken lau urteetan ez nuelako ezer erakutsi zelaian. Futbolaren arlo erdi-profesionalera jaitsi nintzen lehen aldiz. Lemoan ez zegoen 13 urterekin Zubietan ezagutu nuen erosotasunik. Taldekide asko zortzi ordu lan eginda etortzen ziren entrenatzera; nik baneukan soldata. Inguruak bultzatuta aldatu nuen txipa; fabrikan lan egiten zutenek ni baino gehiago ematen zutela ikusi nuenean. Lemoan gora egin nuen berriro; klub horrek salbatu ninduen futbol jokalari gisa.

Urte askoan jardun zara futbol munduan. Futbolarekiko pasioa izan duzu?

Profesional bihurtu nintzen arte, bai. Baina ez da berdina afizioa ofizio bihurtzen denean. Niretzat lana bihurtu zen futbola, eta ia egunero neukan azterketa postua lortzeko; igandero neukan azterketa; urtero neukan azterketa kontratua luzatzeko. Dena ez da hain ederra.

Beasainen egin zenuen azken denboraldia, 2012-2013an, eta futbol profesionala uztea erabaki zenuen gero. Nolatan?

Beti zalantzan ibiltzen nintzen futbolaren ondoren zer egingo nuen pentsatzen hasten nintzenean. Telebistatik deia jaso nuen Beasainen jokatzen ari nintzela; aukera bat eman zidaten, eta heldu egin nion. Aukera hori iritsi zelako utzi nuen futbola.

Zer eskaini zizuten?

Bakarrizketetan aritzen nintzen orduan jada, eta halakoren batean ikusi nindutela uste dut. Sekula ez diet galdetu, hala ere. Orio Ekoiztetxetik deitu zidaten Tumatxak musikari buruzko saioa egiteko. Zortea eduki nuen, Euskal Herriko musika arloko jende ezagunari elkarrizketak egiteko aukera izan nuelako nire lehen lanbidean.

Musikarako ere izan duzu pasiorik; kontzertuak eman izan dituzu. Nolatan heldu zenion bide horri?

Realean nengoenean hasi nintzen gitarra jotzen. Futbolari garaian konturatu nintzen gai nintzela akorde batzuk elkartu, melodia bat sortu eta hitzak ipintzeko. Futbol jokalari nintzela hasi nintzen kontzertuak ematen, zer egiten ari nintzen askorik pentsatu gabe, egia esan. Baina argi daukat erabaki hark ireki zidala egungo lanbiderako atea.

Alderik badago 20.000 zaleren aurrean futbolean jokatzearen eta 200 entzuleren aurrean programa bat aurkeztearen artean?

Antzerkiaren arloa lantzeko zortea eduki dut urteotan, eta Joseba Apaolazarekin batera igo naiz oholtzara, adibidez. Hasiberria izanda agertokira zein lasai irteten nintzen harrituta zegoela esaten zidan beti, eta antzoki batean futbol zelaietan baino askoz presio txikiagoa sentitzen nuela erantzuten nion nik. Antzokira inor ez da joaten zuri txistu egitera. Iraganeko esperientzia denek balio izan didate gaur egun agertokietara askoz lasaiago igotzeko.

Kontzertuak eskaintzetik bakarrizketak egitera igaro zinen. Gordeta zeneukan arlo hori ere…

Agertokira igotzean, hitzen historia azaltzen nuen kantuari ekin aurretik. Konturatzen nintzen ikusleei gehiago gustatzen zitzaiela kontatzen nuena kantatzen nuena baino. Barre egiten zuten. Orduan nabaritu nuen neuk alde komiko hori baneukala. Hala hasi nintzen kantuak gero eta gutxiago kantatzen eta kontuak gero eta luzeagoak kontatzen. Bakarrizketa bat sortu nuen azkenean.

Bere fruituak eman zituen bakarrizketa horrek, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak deitu zizulako haiei emanaldi bat prestatzeko, ezta?

Bai. Partida jokatu baino egun bat lehenago bakarrizketa bat egitera joateko eskatu zidan. Ederrak izan ziren publikoa eta esperientzia. Zalantzak neuzkan, kontatzen ditudan gauza asko futbolean jokatu ez dutenentzat izan daitezkeelako harrigarriak. Hara joan nintzenean pentsatu nuen eurek jakingo zituztela kontu horiek guztiak, eta ez nituela harrituko. Funtzionatu egin zuen, ordea. Futbolarien ahotsa nintzen kasu horretan. Eurek aktibo daudela kontatu ezin zituzten gauzak kontatu nituen nik umoretik. Barre asko egin zuten, eta gogotik jo zuten txalo. Horixe izan da eduki dudan publikorik onenetakoa. Bi aldiz egin diot bakarrizketa futbol talde bati, Osasunari eta Athletici, eta esker onekoak izan ziren bi kasuetan.

Coaching edo entrenatzaile gisa egingo zenuke proba?

Ez dakit coaching gisa ariko ote nintzatekeen, baina ausartuko nintzateke futbolari gazteei aholkuak ematera. Zenbateko presioa daukaten pentsatzen dut Lehen Mailan jokatzen ikustean.

Musika instrumenturen bat jotzen al duzu gaur egun?

Noizean behin hautsa kentzen diet gitarrari eta trikitiari. 12-13 urte nituela ikasitako kontua da eskusoinuarena. Baina nahiko utzita daukat musikaren arloa.

Kontzertuak eskaintzea erabat baztertuta dago orduan?

Bai. Egungo bizimodura iristeko atea zabaldu zidaten kontzertuek. Asko daukat eskertzeko orduko kontzientzia faltari, baina egun neure burua ez dut ikusten taula gainean kontzertua eskaintzen. Lotsatu egingo nintzateke.

Bakarrizketak ere baztertuta al dauzkazu?

Gustuko dut bakarrizketak eskaintzea; ederra da. Onerako edo txarrerako, bakarrik zaude agertokian; zeuk idatzitako zerbait daukazu esku artean, eta zeuk defendatu behar duzu. Txaloekin, ederra da; txistuekin, berriz, gogorra. Oso pertsonala da dena. Telebistako lanekin lasaitzen naizenean helduko diot, berriz ere, arlo horri.

Erretiroa hartzen duten jokalariek ez al dute amaitzen futbol munduan lanean?

Nire kasuan, ez. Beste bide batzuk ireki ditut, eta uste dut hau dela nire lekua. Futbolean baino askoz zoriontsuagoa naiz lan honetan.

Telebistan aurkitu duzu, orduan, zure txokoa?

Ederra izan zen Tumatxak saio hartako esperientzia, baina neure burua ezagutzeko aurkikuntza izan da Herri txiki, infernu handi saioa. Askotan helduen istorioak entzuten ditugu herriz herri, eta harremana sortzen da haiekin; baita gazteekin ere. Leku polit bat aurkitu dut; eroso sentitzen naiz, eta asko ematen dit.

Esperientzia polita al da euren bizipenak entzutea eta herria nola aldatu den ikustea?

Mundua oso azkar ari da aldatzen; ikaragarria da azken urteotan nola aldatu den ikustea. Neu ere atzean gelditzen ari naiz gauza askotan. 80 urtetik gorakoak dira elkarrizketatzen ditugun asko, beste belaunaldi batekoak. Beste mundu bat ezagutu dute horiek, eta mundu hari lotuta daude oraindik. Dena den, desagertzera doa mundu hori. Saioaren bidez, eta euren laguntzarekin, denon artean ari gara mantentzen euren mundua izan zen hori. Euren kontakizunekin zubi lan bat egiten ari garela uste dut, gaur egungo gazteei mundu hori ezagutarazteko.

Laugarren denboraldia duzue jada. Euskal herritarrek gustuko duten seinale, ezta?

Niri asko ematen dit, taldeari ere bai, eta ikusleari ere ematen diola uste dut. Horregatik jarraitzen du saioak, zorionez.

Aurkezle lanetan aritzen zarete Mikel Pagadizabal eta zu zeu, eta Sebastian Lizaso eramaten duzue bertsoa kantatzera. Zuek inoiz ez al zarete hasiko bertsotan?

Ikaragarria da Sebastian. Urteak eta urteak daramatza herriz herri bertso kantuan. Gure gidaria da. Herri denak ezagutzen ditu, eta sekulako karisma dauka. Zentzu berean, oso ezaguna da herri gehienetan. Herri guztietan dauka ezagun pila bat. Gainera, erdi mitoa ere bada jada, eta herri txiki guztiek eskertzen dute haren presentzia.

Lortzeko ezer gelditzen al zaio Zuhaitz Gurrutxagari?

Lasai eta ondo bizitzea! Oso hausnarketa orokorra izango da, agian, baina zoriontsu izatea. Gauza bat ikasi dut 19 urte nituenetik: zoriontasun hori ez didala emango ez futbolak, ez telebistak, ez antzerki profesionalak; zoriontasun hori neuk aurkitu beharko dut beste nonbaiten, neure kabuz. Lanbide honetan jarraitu nahi dut orain, oso gustura ari naiz telebistan lanean, eta bakarrizketaren bat ere egin nahiko nuke. Horiek dira nire helburu txikiak. Helburu nagusia, berriz, zoriontsu izatea da. Horretarako egunen batean hau guztia utzi eta baratze batean lan egitera joan behar badut, horixe egingo dut. Nik badakit zoriontasuna ez didala emango txalo sorta batek. Helburu hori lortzeko bidean noa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.