Ilusioarekin eutsi nahi diote

Ilusioarekin eutsi nahi diote

Ikerne Zarate

Eutsiezina. Halakoa da Touring Kirol Elkartearen egoera. Eta kirol elkarteko hainbat bazkide, guraso eta jarraitzailek Touring Berria plataforma aurkeztu dute, berandu baino lehen hura amildegitik ateratzeko alternatiba gisa. Joan den astean, lepo bete zen Xenpelar Etxeko aretoa. Joan den astera arte, ageriko sekretua izan da Errenteriako kirol elkartearen egoera larria; bolo-bolo ibili da gaia, ahoz aho. Eta Touring Berria plataformak eman du egoeraren berri. Kezkatuta azaldu dira Mikel Azkune, Asier Ieregi, Xabier Egibar eta Txema Fraile, plataformaren ordezkariak, “hainbat arlotan oso kezkagarria delako klubaren egoera, bai taldeen kirol maila eskasagatik, baita futbol eskolaren egoera txarragatik ere”.

Kirol elkartea “berriz bideratzeko”, egungo egoerari “alternatiba” emateko, eta “berriz ilusioa sortzeko” sortu dute plataforma. Proiektu berria, energia eta ilusioa; gauzak egiteko beste eredu bat jarri nahi dute mahai gainean: “Emakumeen kirola sustatu nahi dugu, euskarari garrantzia eman, proiektu gardena egin, eta parte hartzeari ateak zabaldu. Hausnarketa eginda, gure ezagutza eta gure lana klubaren zerbitzura jartzera gatoz”.

Egungo zuzendaritzak azken urteotan izan duen “axolagabekeria” salatu du plataformak, eta hainbat adibide jarri ditu Azkunek: “Touringen lehen eta bigarren taldeetako jokalarien %90ek baino gehiagok eta ia entrenatzaile guztiek alde egin dute klubetik. Oinarrizko mailetako taldeek ez daukate kirol koordinatzailerik, ezta babesik ere”. Azkuneren hitzetan, futbol eskola ez dago hobeto: “Koordinatzaileak dimisioa eman zuen duela hilabete batzuk, eta gurasoek atsekabetuta daude guztiagatik”.

Emakumeen futbola ere gain behera doa, “egungo zuzendaritza batzordeak ez duelako behar adina sustatu”. Plataformak salatu du egungo zuzendaritzak ez duela arlo ekonomikoaren inguruko berririk ematen, eta azken asteotan ez dute bazkide berririk onartu. Azkunek lehen taldeak jokatu dituen azken bi partidak aipatu ditu, egoera larriaren azken erakusle: “Arazoak izan dituzte 11 jokalari elkartzeko, eta elkarteak ez du batere bide gomendagarririk erabili beharrezko jokalariak lortzeko”.

Plataforma osatzen dutenen iritziz, klubeko arduradunek ez dute erantzun egokirik eman, hori guztia ikusita. “Eta, talde historikoa izan arren, desagertzeko arriskuan dago, horrela jarraitzen badu”.

Zuzendaritzaren dimisioa. Hori da Touring Berria plataforma osatzen duten dozenaka lagunek egin duten lehen eskaera, baina zuzendaritza ez dago prest pauso hori emateko. Hori jakinda, plataformak jakinarazi du ezohiko batzarrera deitu eta zentsura mozioa aurkeztuko duela, eta, horretarako, Touring Kirol Elkarteak dituen 300 bazkideen artetik 100 sinadura lortu ditu bi asteotan.

Ez dute lan erraza izan, eta, Azkuneren hitzetan, ez dute bazkide guztiengana iristea lortu. “Zuzendaritzari zerrendak eskatu badizkiogu ere, emateari uko egin dio”. Proiektu “berritzailea” izan nahi du plataformak, eta ez daude esku hutsik: plan estrategikoa eta bide orria dituzte jada. “Eta bi ildo horiek bazkide, guraso eta jarraitzaileekin partekatzea da gure helburua; kirol elkartea osatzen duten guztiekin”.

Egibarrek zehaztu ditu plan estrategikoaren ildo nagusiak: “Kirol elkartearen kudeaketa lortzen badugu, kluba sendotzeko presazko neurri batzuk hartzea izango da lehen urratsa. Hurrengo denboraldia ondo planifikatu beharko dugu, eta jokalari eta entrenatzaileen egitura sendotu”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du kirol eta kudeaketa ereduak aldatzea, “Touring XXI. mendeko kluba bihurtzeko”.

Pausoen artean, gizonezkoen bitarteko berberak eskaini nahi dizkiote emakumezkoen kirolari. Horrez gain, elkartea Errenteriaren egunerokoaren parte bihurtu nahi dute. “Jauzi garrantzitsua egin behar dugu, herritarrak harro senti daitezen ez taldeek lortzen dituzten emaitzengatik soilik, baizik eta gauzak egiteko daukagun moduagatik”. “Kluba euskalduntzea” da beste erronketako bat, eta barne zein kanpo harremanetan eta zelaian bertan hori islatzea da plataformaren erronka nagusietako bat. “Kirola euskaraz egin behar dugu. Ardura bat dugu, eta erantzun egingo diogu”.

Trantsizio lasaia nahi dute

Zuzendaritza batzordeari trantsizioa “lasaia” errazteko eskatu dio Egibarrek: “Etorkizunera begira jarri, eta gatazkatsua ez den irtenbidea aukera dezakete, zentsura moziora heldu gabe. Prest gaude lekukoa hartu eta lanean hasteko. Zabaldu bidea guri”. Ieregik gaineratu du Touring Berria plataformak oinarrian proiektu bat daukala erakutsi nahi dutela: “Ilusioa sortzera gatoz; herriko neska-mutilek egunen batean Touringen lehen taldeko elastikoa janzteko ilusioa izan dezaten nahi dugu”. Plataformako kideekin elkarlanean aritu nahi duen orok ateak zabalik ditu.

1923an sortua da taldea, eta, emaitzei dagokienez, Touringentzat 1992-1993 denboraldia izan zen onena, Espainiako Bigarren B Mailara igotzea lortu zuelako. Azken aldiz, 1998-1999 denboraldian jokatu zuen Hirugarren Mailan. Eskualdeko maila gorenean ari da egun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.