“Prebarikazioaren itzala” ikusten du Belartza 2 Gelditu plataformak

“Prebarikazioaren itzala” ikusten du Belartza 2 Gelditu plataformak

E. Goenaga Lizaso

Belartza 2 Gelditu Plataformak prentsaurrekoa eman du aste honetan, poligono horren proiektuan dauden irregulartasunak salatzeko. “Prebarikazioaren itzala” antzematen dute azken aldiko gertakarietan.

2016ko apirilean dago auziaren jatorria. Mercadona eraikitzeko harrobi bat hustu behar izan zuten, eta Belartza Goikoa izeneko zelaian bota zuten handik ateratako dozenaka mila tona harri, betelan gisa. Hainbat salaketa tarteko, Donostiako Udalak baimena eman zuen 20 hilabetez horrela jarraitzeko, baina 20 hilabeteren buruan gunea berriro lehengoratzeko baldintzarekin. Joan den urtarrilean agortu zen epea eta, Donostiako Udalak eskatu arren, ez zuten hustu.

Belartza 2 Gelditu plataformak hainbatetan salatu ditu aurreko prozesuaren irregulartasunak, baina “prebarikazioaren itzala” ikusten du azken hiru hilabeteetan jazotakoan. Besteak beste, salatu dute Donostiako Udalak 4.000 euroko isuna jarri diela sustatzaileei, gunea ez husteagatik. Udalari, eta zehatzago Enrique Ramos Hirigintza zinegotziari, eskatu diote betearaz dezatela husteko agindu hori, baina, plataformak azaldu duenez, ez dute adierazi horretarako konpromisorik. “Esan diguten bakarra da epeak betearaziko dituztela”.

Bestalde, udalak Belartza 2 poligonoaren onarpenari buruzko informazio bilera batera deitu zituen herritarrak martxoaren 13an. Plataformak salatu duenez, soilik astebeteko tartearekin eta “ulergaitza zen txosten tekniko baten gainean” egin zuten deialdia. “Bilera horretan, sustatzaileek honako hau adierazi zuten, bertaratutakoen galderei erantzunez: ‘Ez dugu ukatuko isuritako materiala ordenazio berrian erabiltzeko asmo osoarekin isuri zenik’. Alegia, Belartza 2 poligonoa eraikitzeko asmoarekin. Bestalde, sustatzaileen abokatuak argi eta garbi esan zuen isuritakoa ez dutela aterako, eta bertaratutakoak harritu zituen, zera gehituta: ‘Sententziek bere denbora behar dute, eta, bitartean, hau aurrera doa'”.

Belartza 2 Gelditu plataformak Fiskaltzara joko duela iragarri du; izan ere, ingurumenaren aurkako delituaz gain, prebarikazio delituaren zantzuak ikusten ditu prozesu honetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.