Soreasu antzokia, sormenaren labea

Soreasu antzokia, sormenaren labea

Ane Olaizola

Aitor Bengoetxeak dioen bezala, “ondare handia” gordetzen dute arte eszenikoek, arlo ugari batzen dituen diziplina delako, besteak beste. Aktoreek, gidoilariek, zuzendariek nahiz soinu eta irudi teknikariek bat egiten dute obraren sormen prozesuan, eta, bide horretan, pixkanaka hazten ari da lantaldeak egonaldi itxiak egiteko joera, guztien artean antzezlana ondu dezaten. Azpiegitura publikoak erabiliz “egonaldi osoak” eskaintzen dituen Hego Euskal Herriko udalerri bakarra da Azpeitia, eta, azken urteotan, euskarazko antzezlanen sukalde bihurtu da Soreasu antzokia.

Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak kudeatzen du Soreasu udal antzokia, eta, beraz, talde horrek eskaintzen ditu arte eszenikoentzako sormen egonaldiak herrian, udalarekin elkarlanean. Donostia 2016 egitasmoaren barruan, Kulturaz kooperatiba 2014an hasi zen Mugalariak proiektuarekin gisa horretako esperientziak eskaintzen, eta, urtebete geroago, Oholtzaberri plan integralarekin jarraitu zuten bide horretan sakontzen. “Azpeitian euskal antzerkigintza lantzeko beharra zegoela ikusten genuen, arte eszenikoak indarberritzeko premia zegoelako. Horretarako elementu asko zegoen Azpeitian, eta sorkuntza lanerako ere Soreasu antzoki indartsua eta eraginkorra izan zitekeela uste genuen”, azaldu du Bengoetxeak, Kulturaz Kultur Kooperatibako kideak.

Argia da proiektuaren helburua: sormen prozesua bera ardatz izanda, euskarazko antzezlanak bultzatzea. Antolatzaileen filosofia da arte eszenikoen sortzaileek ahalik eta egoera onenean lan egin dezaten baliabideak ematea, eta, horretarako, antzokia ez ezik, egonaldi osoa eskaintzen diete taldeei. “Taldeek bi astez izaten dute antzokia erabilgarri; batzuek zatituta egiten dute egonaldia, eta beste batzuek, jarraian. Erabilgarri izaten dute antzokiko material teknikoa, eta kooperatibako teknikarien laguntza ere izaten dute. Horrez gain, ostatua eta jan-edana ere eskaintzen diegu egonaldian”, azaldu du Bengoetxeak.

Konpainiaren eta kooperatibaren arteko “hartu-emana” da sormen egonaldia, eta, trukean, sortzaileek Azpeitian eskaini behar izaten dute antzezlana, “doan”, eta, ahal bada, estreinaldia izan dadin eskatzen die Kulturaz-ek. Kultura herrira gertura dezaten, berriz, bitartekaritza ere eskatzen zaie taldeei: “Ikastetxeei, Gaztelekuko nerabeei, adinekoen egoitzetako egoiliarrei, emakumeen taldekoei… Hau da, herriko eragileren bati sortzen ari diren hori erakustea, pase pribatu bat egitea, edo solasaldi edo tailerren bat eskaintzea eskatzen diegu konpainiei”.

Proiektua martxan jarri zutenetik, Euskal Herriko hamar bat konpainia aritu dira Soreasun obrak sortzen, eta aurten bost egonaldi dauzkate lotuta. Horietatik bi Zubi programaren bidez eskainiko dituzte Azpeitian, eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan taularatuko dituzte beste hainbat obra. Bengoetxeak adierazi duenez, harremanen bidez hartu izan dituzte, orain arte, taldeak: “Esperientzia behar genuen proiektuak nola funtzionatzen zuen ikusteko”. Hiru urteotan ikasitakoarekin, egonkortu egin da egitasmoa, eta pixkanaka sona hartu du konpainien artean. Hori hala, egonaldien programa formalizatzeko asmoa du orain kooperatibak, eta, aurtengo egutegia itxita badago ere, sortzaileentzat deialdiak egiten hasiko dira aurrerantzean.

Antzerkia, dantza eta zirkua uztartzen dituen Garazi&Cia konpainia sortu zuen iaz Garazi Pascualek, eta Soreasuko egonaldietan izan da berriki, taldearekin batera obra sortzen. Pascualen arabera, esperientzia “bizia” izan da Azpeitikoa, eta “luxutzat” jo du hango egonaldia: “Azpiegiturak eta baliabideak oso egokiak izan dira sorkuntza prozesua garatzeko. Oso garrantzitsua izan da hori, guztiok erabat murgilduta egon garelako prozesuan”.

Goizean goiz jaiki, eta 10:00etarako hasten zen lanean taldea, eta, bazkaltzeko ordu eta erdiko atsedenaren ostean, 20:00ak arte aritzen ziren lanean Soreasun. 10-12 orduko lanaldiak egiten zituzten egunero. “Ordu horiek guztiek laguntzen dute adierazi nahi duzun hori aurkitzen. Denbora hori beharrezkoa da buruan dituzun ideia guztiak gorputzera eramateko eta publikoari azaleratzeko. Bestela, nondik aterako duzu ikuskizuna?”.

Ingurura irekita

Pascualen arabera, denbora eta espazioa ahaztu egiten dira halako egonaldietan, baina azpimarratu du beharrezkoa dela ingurura irekita egotea. Euskal Herriko identitatea eta sustraiak jorratu dituzte, esaterako, euren obran, eta, haren hitzetan, garrantzitsua izan da sormen prozesu horretan Azpeitia bezalako herri euskaldun batean egotea. “Urtarrilean izan ginen lehenengoz, eta orduan sokamuturra ikusi genuen kalean. Beste egun batean, abesbatza emanaldia entzun genuen elizan. Leku guztietatik hartzen duzu zerbait; sormen prozesua aberasten du guztiak, eta izaera ematen dio obrari”.

Pascual eta Bengoetxea bat datoz: azken urteotan indartzen ari dira sormen prozesuetan lan egiteko beste modu batzuk. “Irekitzen ari da bidea. Elkarlana beharrezkoa dela ohartu dira konpainiak, eta formula berriak behar direla publiko berriarengana iristeko”. Kulturaz-en egoki ikusten dute antzerkigintzan ez ezik beste diziplinetan ere modu horretan aritzea, eta, horregatik, halako prozesu gehiago zabaldu nahi dituzte aurrera begira, egitasmoa beste arlo batzuetara ere zabaldu ahal izateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.