Tradizio bihurtu den azoka

Tradizio bihurtu den azoka

Aitziber Arzallus

Aste Santuko jaiegunak eguzkiaren epelaren bila joateko baliatu dituzte batzuek; ezagutzeke zuten hiriren batera bidaiatzeko beste batzuek; edo eskiatzera joateko; edo beste nonbaitera bidaia egiteko. Baina egunotan etxe aldetik ibiltzeko hautua egin dutenak ere badira, ondo pasatzeko inora joan beharrik ez dagoela pentsatuta. Horientzako proposamen ona izan liteke Zarauzko XVIII. Garagardo Azokara joatea. Batek baino gehiagok Aste Santuko tradiziotzat du jada, inola ere galdu ezin den azokatzat.

“Hasierako urteetan, inguruko tabernariek-eta errezeloz hartu zuten ekimena, uste zutelako azokak bezeroak kenduko zizkiela”, gogora ekarri du Xabi Unanue Zarautz Errugbi Taldeko kide eta azokaren antolatzaileetako batek. “Baina urteekin ikusi dute hori ez dela izan horrela, kontrakoa gertatu dela, eta orain nahi dute guk urtero azoka antolatzen jarraitzea, jendea ekartzen duelako herrira eta hori denon mesederako delako”.

Eskualdean antolatzen dituzten garagardo azoketan zaharrena da Zarauzkoa; atzetik etorri direnentzat eredu izan da, beraz. “Behar batetik sortu zen azoka egiten hasteko ideia, ikusten genuelako arazoak genituela taldearentzat finantzaketa lortzeko”, azaldu du Unanuek. “Ikusten genuen etorkizuna bagenuela, lana eginez gero talde polit bat osa genezakeela, baina horretarako diru iturria behar-beharrezkoa genuela. Horrelaxe hasi ginen, garagardo azoka bide bat izan zitekeela pentsatuta, eta pixkanaka-pixkanaka gure finantzaketa iturri nagusi bihurtu da”. Azokan ateratzen duten diruarekin ordaintzen dituzte errugbi taldeko gaztetxoenen fitxa guztiak, zaharren fitxen zati bat, joan-etorrietarako autobusen alokairuak eta beste zenbait gastu. “Badakigu errugbia gutxiengoen kirola dela, eta horregatik saiatzen gara gugana datozen horiei ahalik eta erraztasun gehien ematen, haurrak taldera ekartzen dituzten guraso horiek beren gain ahalik eta gastu gutxien hartzeko”.

Horrelako azoka bat antolatzea, ordea, ez da broma. Zarauzko Errugbi Taldekoak abenduan hasten dira horretan; hamabost bat laguneko taldea astero-astero biltzen da dena pentsatu, prestatu eta lotzeko. Aste Santuan, berriz, azoka egiten den egunetan, 300 bat lagun behar izaten dituzte txandak betetzeko. Denetariko jendea behar izaten dute: sukaldean ariko direnak, garbiketaz arduratuko direnak, barran zerbitzatuko dutenak, goizetan upelak batetik bestera mugituko dituztenak… “Errugbi taldeko jokalariak, beteranoak, gaztetxoak eta haien gurasoak, denok aritzen gara lanean. Denok izaten dugu nola lagundua: adibidez, 16 eta 18 urtez azpikoetan ibiltzen diren jokalariak aritzen dira kakahuete poltsatxoak-eta prestatzen. Denok boluntarioak gara, eta denok lan egiten dugu Zarautz Errugbi Taldearen alde”.

Aurtengo azoka martxan da jada. Herenegun zabaldu zituzten Munoa plazako karpako ateak, eta astelehenean itxiko dituzte, 19:00etan. Gaur, bihar eta etzi, egun osoan zabalik izango da karpa, 12:00etatik 01:00era, hain zuzen. Bertaratzen direnek aukera aproposa izango dute nazioarteko garagardo bereziak dastatzeko eta mokadu bat jateko. Beste urteetan baino garagardo aukera zabalagoa eskainiko dute aurten, ohiko zerrendari —Paulaner, Affligem, Murphy’s eta Guinness— Cider Ladron de Manzanas markako garagardoak erantsi baitizkiote. Jateko, berriz, betiko ukondo, oilasko eta saltxitxez gain, saiheskia ere eskatu ahalko da aurten.

Eta, horiez gain, beste berrikuntza bat ere badela adierazi du Unanuek: “Berrikuntza nagusia da afaritarako mahaia aurrez erreserbatzeko aukera egongo dela, berme txiki baten truke”. Iaz egin zuten proba, eta aurten erabaki dute aukera hori ematea. Erreserbak egunean zehar egin beharko dira azokako leihatilan bertan, eta, berme gisa, buruko 10 euro utzi beharko dira. Unanueren arabera, helburua da jendeari afaritarako aukera gehiago ematea. “Kontua da jendeak arratsalde guztia pasatzen zuela karpan tragoak hartzen eta kakahueteak jaten, eta afaltzera zetozenek ez zutela aukerarik, karpa lepo beteta topatzen zutelako. Orain ziurtatu egin dezakete afaltzeko mahaia izango dutela”.

Mus Txapelketa Azkarra

Jan-edanaz gain, bestelakorik ere izango da Munoako karpan. Gaur, adibidez, Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute, 15:30ean hasita. Parte hartu nahi dutenek 15:00ak arte dute aukera izena emateko, azokako leihatilan bertan. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta prezio horren barruan bi pitxer eta bi garagardo berezi jasoko dituzte. Zakuaren %60, txapelak eta irabazlearen altuera garagardo kaxetan irabaziko dituzte garaileek; bigarrenek, zakuaren %20; hirugarrenek, ukondo menua; eta laugarrenek, bi garagardo berezi.

Gainera, egunero, 13:30etik 15:30era, haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira, bi begiralerekin, gurasoek aukera izan dezaten lasai bazkaltzeko. Eta egunero, afalostean, 22:00etan hasita, kontzertuak izango dira. Alaiki taldea ariko da gaur; Fan&go bihar; eta Igara Roosters etzi.

Garagardo Azokara joateko autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu Lurraldebusek gaur eta bihar, inguruko herrietatik joan-etorria egiteko.

Baina ez pentsa Zarauzko festa giroa Garagardo Azokarekin bukatuko denik. Datorren asteazkenetik igandera Pro Zarautz 2018 surf txapelketa jokatuko dute, eta lau egun horietarako egitarau zabala prestatu dute: zinema emanaldiak, kontzertuak, erakusketak, boleibol eta futbol partidak hondartzan, skate erakustaldia… Esate baterako, ostiralean eta larunbatean kontzertuak eta DJak egongo dira Munoako karpan. Ostiralean, 21:15ean, DJ Junaitedek hasiko du festa, eta, haren atzetik, High Felicity eta Willis Drummond taldeak ariko dira. Larunbatean, berriz, Nerabe eta Delorean taldeek joko dute aurrena, eta, haien ostean, El-Txef-A ariko da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.