Negu guztia, arrastaka

Negu guztia, arrastaka

A. Arzallus

Gripea erasokor hel zitekeela aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek iragan urriaren 19an, gaitzaren kontrako txertaketa kanpainaren aurkezpen ekitaldian. Eta bete-betean asmatu zuen. Oso gogor jo du aurten, aspaldiko urteetako gogorren. Guztira 2.003 lagun ospitaleratu behar izan dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, haietatik 409 larri, eta 86 lagun hil dira. %40k ez zeukaten txertoa jarrita. Alderatzen hasita, iaz 229 lagun ospitaleratu behar izan zituzten, eta 31 pertsona hil ziren. Osasun publikoko arduradunek bukatutzat jo dute aurtengo epidemia.

Ibon Mokoroa farmazialariak bertatik bertara ikusi du datuek diotena, Donostiako erdialdean daukan botikan. “Aurtengo neguan sekulako sartu-irtena izan dugu farmazian. Gripeak jota etorri dira asko, baina jende pila bat etorri da katarroarentzat, eztarriko minarentzat eta eztularentzat erremedio bila ere”. Mokoroak nabarmendu du gaixoaldiek “luze” jo dutela aurtengo neguan. “Jendeari asko kostatu zaio erabat sendatzea. Gaixoaldi luzea izan dute batzuek, eta gaixoaldi bat baino gehiago beste batzuek. Ondorioz, asko ibili dira negu guztian sendatu ezinik”.

Mugimendu handieneko hilabetea urtarrila izan zela adierazi du Mokoroak. “Gripeak orduan jo zuen goia”. Otsaila “lasaiagoa” izan zela aitortu du, baina martxoan, atzera, berriz igoera antzeman zutela.

Depresiorako eta antsietaterako joera dutenentzat ere aurtengoa ez da izan negu ona. Eguraldi grisak edonoren aldartean eragiten badu, are gehiago haienean. Alergiadunentzat, aldiz, negua urte sasoi lasaia izaten dela esan du Mokoroak. “Haientzat orain hasiko da garairik txarrena”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.