Beldurraren horma eraisten laguntzeko

Beldurraren horma eraisten laguntzeko

Unai Zubeldia

Paperak batean eta bestean, nahasian; postontzia lepo beteta; etxeko gastuen kontuak egunean jartzeko zailtasunak… Euskarri baliagarri asko dago eskura gaur egun, baina adineko pertsona askok nekez ematen dute teknologia berrietara pausoa. Lagun estimatua baino gehiago, ikusi ere egin nahi ez duten ezezaguna izaten da askotan ordenagailua, eta bide horretan galtzen da laguntza praktikoa. Kontu asko euren kabuz egin ezinik, ingurukoei laguntza eskatzea izaten da ezinbesteko pausoa, eta, ezinbestean, autonomia galera esan nahi du horrek.

Errealitate horren jakitun, Cebanc Lanbide Heziketako Zentroaren bidez autonomia pertsonala hobetzeko prestakuntza saioa prestatu du Getariako Udalak: Etxeko ekonomiaren autogestioa baliabide informatikoen bidez. Apirilaren 24an, 26an eta 30ean, eta maiatzaren 3an, 8an, 10ean, 15ean eta 17an izango dira klaseak, 17:30etik 20:00etara, hogei ordu denera. Datorren astelehenera arte zabalik egongo da izena emateko epea —doakoa da ikastaroa—, eta hamabost laguneko taldea osatuko dute gehienez.

55 urtetik gorakoei —erretiroa hartuta daudenak eta pentsiodunak— eta 30 urtetik gorako prestakuntza gutxi dutenei eskainitakoa da ikastaroa. “Horiek izango dute lehentasuna, baina edonork eman dezake izena”, zehaztu du Juan Luis Azkarate Cebanceko ordezkariak. “Horiei guztiei teknologia berrietara eta informazioaren gizarte berrira egokitzen lagundu nahi diegu”. Orain artean Donostian egin izan dituzte gisa horretako ikastaro gehienak. “Baina herri txikietara ere gerturatu nahi dugu, euren errealitatearen berri bertatik bertara jasotzeko”.

Informatika arloan helduenek “zailtasunak edo hutsuneak” dituztela nabarmendu du Amaia Telletxeak, ikastaroa eskainiko duen irakasleak, eta bere amonaren adibidea jarri du helduenen errealitateaz jabetzeko: “Hark bankuko kartillan gordetzen ditu paper guztiak, eta han apuntatzen ditu uraren, argiaren eta gainerako gauza guztien datuak”. Harentzat sistema hori “baliagarria” dela azpimarratu du irakasleak. “Baina eskuz egindakoa da, eta dauzkagun euskarriak baliatzen erakutsi nahi diegu hala nahi duten guztiei, datuak sartu, aldatu eta behar duten guztia egin ahal izateko”.

Bide horretan, “ordenagailuari beldurra galtzea” da eman beharreko lehen pausoa. “Oso oinarrizko ikastaroa izango da; ordenagailua piztu, artxiboak non eta nola gorde…”. Orain arteko esperientziatik tiraka, adinekoentzat zailena “ordenagailua benetan zer den ulertzea” dela azaldu du Telletxeak. “Ordenagailua artxiborako tresna egokia dela ikustea, hori kostatzen zaie gehien; mentalitatea aldatzea”. Azkaratek gaineratu duenez, askorentzat “mamu baten gisakoa” da ordenagailua. “Blokeatuta eta beldurtuta gelditzen dira asko, eta sentsazio horri ihes egiten saiatuko gara”.

Praktikaren garrantzia

Arlo teorikoa bakarrik ez, praktikoa ere landuko dute ikastaroan, eta eguneroko gauza asko ikasiko dituzte bertaratzen direnek: CDak grabatzen, filmak ikusten, argazkiak eskaneatzen, errenta aitorpena ordenagailu bidez egiten, online bankua erabiltzen, auzo elkarteetako kontuak kudeatzen, Excell artxiboak behar bezala erabiltzen, grafikoak egiten… “Ordenagailuarekin lehenengo kontaktua egitea da kontua, eta egunerokoan zertarako balio duen erakustea”. Telletxeak azaldu duenez, lauzpabost gauza ikasita “konfiantza handia” hartzen dute ikastaroan parte hartzen dutenek. “Ordu gutxi dira, eta ez dira ateratzen izugarrizko jakintza mailarekin, baina pauso handia da beldurra uxatzea eta etxera joandakoan gauzak probatzen hastea”.

Gaur egun herritar askok eta askok kreditu txartelen bidez egiten dituzte erosketarik gehienak, eta, Telletxearen ustez, kasuan-kasuan, arrisku txiki bat badauka horrek. “Norberak bere buruari jartzen dizkion mugen araberakoa izaten da hori, baina lagungarria izan daiteke une oro zenbat diru daukazun begiratzea eta barneratzea. Hori ere landuko dugu ikastaroan”. Esku dirutan nabaritu egiten da dirua gutxituz-gutxituz doala, baina txartelarekin oreka galtzeko arriskua egoten da, Azkarateren hitzetan.

Apirilaren 24an elkar ezagutzeko baliatuko dute ikastaroaren lehenengo eguna. “Badakiten hori eta ikasi nahi dutena zer den identifikatzen saiatuko naiz lehen egunean. Horren arabera egokituko ditugu klaseak, gaiak aurretik erabat lotuta eduki gabe”. Telletxeak argi dauka, ikasteaz gain, adineko pertsonek euren artean “harremanak egiteko” ere baliatzen dituztela horrelako ikastaroak. “Eta ez da komeni izaten klasean zurrunegi jokatzea. Ikastaro erraz eta erosoa eskaintzen saiatzen gara beti, eta hala egingo dugu orain ere”.

Zalantzan dagoenari “animatzeko” eskatu dio Telletxeak. “Aurreko saioetan oso gustura amaitu zuen jendeak. Bakoitzaren mailara egokituko dugu ikastaroa, eta ez da izango ez zaila eta ezta gogorra ere. Gustura egoteko tokia izango da”. Azken batean, konfiantzaren atea alderik alde zabaltzea da erronka nagusia. “Behin beldur horiek uxatuta, autonomia irabazten da, eta, autonomia horrekin, konfiantza. Ikastaroari esker, orain arte seme-alabei edo bilobei galdezka ibiltzen zenak bere kabuz egin ahal izango ditu hainbat eta hainbat eragiketa edo kontu”. Eta, Azkaratek ondorioztatu duenez, norberaren autoestimurako “oso garrantzitsua” da autonomia hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.