Herriko azken guda dantza

Herriko azken guda dantza

Beñat Alberdi

Ia Gipuzkoa osoa hartuta daukate faxistek. 1936ko iraila da. Herrialdeak Bizkaiarekin daukan mugara mugitu da frontea; mugitu, eta, era berean, gelditu. Errepublikanoek erresistentzia prestatu dute kontrolpean dauzkaten guneetan; tartean, Intxortan. Zazpi hilabete iraun zuen Elgeta ondoko fronteak, eta frankistek atzera egin behar izan zuten behin baino gehiagotan. Horregatik bilakatu zen Intxorta erresistentziaren ikur; are gehiago, urteak igarota, gudarien borroka gogoratzeko frontea antzeztea erabaki zutenetik.

Aurten, dena den, aldatu egin dute antzezpenak oroitzen duen data: 1936tik 1937ra egingo dute salto, apirilaren 24ra, frontea erori eta Elgeta hartu zuten egunera. “Antzezteko ez da politena, baina gertatu egin zen”, azaldu du Nerea Villak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak. Hura dabil antzezpena prestatzeko koordinazio lanetan. “Noizbait antzeztu beharra geneukan Elgeta nola erori zen”.

Hiru ekitalditan banatu dute antzezlana, eta ekitaldi bakoitzak momentu historiko bat ordezkatuko du. Lehendabizikoan, fronteak eta herriak hartuko dute protagonismoa; are garrantzitsuagoa izango da, ordea, Elgeta nola ebakuatu zuten. Historia ahalik eta zuzenen erreproduzitzea lortu dute urteetan eskuratutako dokumentazio eta testigantzen bitartez. Zehaztasunik txikienak ere zaindu dituzte, bertaratzen direnek guztia gertatu zen gisan ezagut dezaten: “Garai hartan ez zegoen idirik herrian, eta gurdiak gudariek atera zituzten herritik, eskuz. Guk ere eskuz aterako ditugu”, azaldu du Villak.

Faxistak herrira nola sartu ziren: hori antzeztuko dute bigarren ekitaldian. Falangistak, karlistak zein tropa marokoarrak nondik sartu ziren ere zainduko dute, historiari jarraikiz. Hala ere, zati honetan aurkarien gehiegikeriek eta bortxaketek izango dute protagonismoa. Ez dute antzeztuko zehazki gertatu zen bezala, tokia bera ez delako berbera izango. Horrek ez du esan nahi, ordea, egia ez denik. Elgetako bi baserritan gertatutakoak plazaratuko dituzte. Villak argitu duenez, testigantzen bitartez jaso zuten horren berri.

Herriaren gainbeheran pertsonaiek eurek ere izango dute zeresana. Izan ere, mimoz zaindu dute pertsona historikoen presentzia. Bertan izango dira Camilo Alonso Vega eta Rafael Garcia Valiño, zeresan handia izan zuten bi militar frankista. Alonsok, Francoren lagun minak, Espainiako gradu militar gorena lortu zuen, Francok berak eta beste kide batek soilik eskuratutakoa. Valiñok konkistatu zuen hurrengo frontea, eta rol garrantzitsua izan zuen Bilboko setioan. Biek izan zuten garrantzia Elgetaren gainbeheran; are handiagoa erori osteko egoeran. Biak ekarriko dituzte gogora, historia oroitzeaz gain ikasteko balio izan dezan.

Denboran beste salto bat egingo dute hirugarren ekitaldian. 1975eko azaroaren 20ra iritsiko dira, Francoren heriotzaren egunera. “Elgetarentzat nahiko tristea da antzezlana”, nabarmendu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak. “Eta bukaera on bat eman nahi genion”. Guztia ospatzeko, irakasleak dantzara gonbidatuko ditu bere ikasleak. “Euskal Herriko toki askotan ospatu zuten horrela. Xanpainik ez zuten zabaldu, baina dantza egin zuten, behintzat”.

Antzezlana, apirilaren 22an

Jadanik ekin diete entseguei. Bihar bertan egingo dute hurrengoa. Gutxi gorabehera, 80 pertsonak parte hartuko dute antzezlanean, eta apirilaren 22an antzeztuko dute Elgetaren gainbehera, 12:45ean, Elgetako kaleetan. Goiena Debagoieneko komunikabideak grabatuko ditu ekitaldiak, eta erabilera propioa emango diete irudiei, baina Intxorta 1937 Kultur Elkartearen esku ere utziko dituzte.

Aurten, Intxortatik herrira eramango dute antzezpena. Dena den, apirilaren 22an frontearen gunerako ekitaldi bat ere prestatu dute. Hildako 230 gudariei omenaldia egingo diete 11:30ean. Guztiak ez dira Intxortan hildakoak. Inguruan hil zirenak ere gogoratuko dituzte, hala nola Eibarren eta Elorrion hilak. Artxiboko lana osatu dute, eta 230eko zerrenda egin dute, izen-abizenekin. Zenbat urterekin hil ziren ere zehaztu dute. Herriko egoera gogoratzeko, ospitale bat ere prestatuko dute, eta bertan jarriko dituzte 230 gudarien datuak.

Omenaldiaren ostean, manifestazioa egingo dute Intxortatik Elgetara, Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez lelopean. Hain zuzen ere, manifestazioaren ostean hasiko da antzezlana. Egitaraua ez da mugatuko egun bakarrera, ordea, jada martxan dago eta. Mairu Antzerki Tailerrak Txoriak eta zauriak antzezlana eskainiko du bihar, Espaloia antzokian. Datorren astean, berriz, Gerra Debagoienean eta Elgetan hitzaldia, Voces de papel dokumentala, eta Komikiz komiki, lubakiz lubaki komiki kontakizuna izango dira.

Elgeta gerra geraian bisita gidatua antolatu dute apirilaren 21erako. “Elgetan gelditzen diren gerra aztarnak erakutsiko ditugu bertan”, azaldu du Villak. “Ez dira asko gelditzen, gehienak desagerrarazi egin zituztelako. Baina Elgeta nolakoa zen eta fronte ostean nola gelditu zen erakusten saiatzen gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.