Urrezko LEB liga: zaila bai, ezinezkoa ez

Urrezko LEB liga: zaila bai, ezinezkoa ez

Ane Olaizola

Sammic Iraurgi saskibaloi taldeak Espainiako Zilarrezko LEB ligatik Urrezko LEB ligara egin zuen jauzi aurreko denboraldiaren amaieran. Azkoitiko eta Azpeitiko gizonezkoen talde nagusia “denboraldi zaila” izaten ari da, maila handiko aurkarien kontra jokatzen ari delako. Alde horretatik, ligak talde bakoitza “merezitako lekuan” jartzen duela azaldu du Lolo Encinas entrenatzaileak. Egun, 16. postuan da Sammic ISB, eta bere horretan eusten dio bigarren denboraldiz jarraian Urrezko LEB ligan jarraitzeko itxaropenari. Jokalariengan ilusioa piztu du joan den asteburuan Levitec Huescari irabazi izanak.

Partida gogorra izan zen igandean Azkoitian jokatutakoa; gogotik sufritu zuten jokalariek. Puntu gutxikoak izan ziren lehen bi laurdenak —25-28 iritsi ziren atsedenaldira—, baina gipuzkoarrak askoz txukunago aritu ziren aldageletatik bueltan. “Erreakzionatu egin genuen, eta, hasieran partida galdua genuela uste bagenuen ere, borrokan jarraitu genuen amaierara arte”. Partida 64-64 amaitu ondoren, Sammic ISBk luzapenean hartu zuen mendean Huesca (76-73).

Encinasek aitortu du “tentsio eta urduritasun handikoa” izan zela igandeko partida, eta azken hiru partidak ere halakoak izango direla uste du, jakin badakielako asko dagoela jokoan. “Aurrekoa bezala, giltzarri izango dira datozen partidak ere”. Zilarrezko LEB ligara jaitsiko dira denboraldia azken bi postuetan amaitzen duten bi taldeak, eta oso estu dago sailkapena: Bartzelona dago azken postuan, hamar garaipenekin, eta bost talde berdinduta daude haren aurretik, 11 garaipenekin; Sammic ISB da horietako bat.

Gutxienez bat irabazi behar

Sailkapena aztertuta, oraindik goizegi da kalkuluak egiteko. Izan ere, norberaren emaitzek ez ezik, aurkarienek ere asko baldintza dezakete egoera. Encinasen arabera, liga amaitzeko gelditzen diren hiru partidetatik “gutxienez bat” irabazi beharko dute Urrezko LEB ligan jarraitzeko. Urrutira joan gabe, gipuzkoarrak Lugon ariko dira gaur, Breogan liderraren aurka. “Partida zaila” espero du entrenatzaileak, Galiziako taldea ACB ligara igoko delako irabaziz gero. “Finala izango da bi taldeontzat, eta ikaragarria litzateke irabaztea”.

Hurrengo astean Clavijoren aurka etxean jokatuko duten neurketa izan daiteke mailari eusteko gakoa; 11 garaipenekin berdinduta daude bi taldeak. “Oso garrantzitsua izango da partida hori, etxean eroso ari garelako jokatzen. Berezia izango da, etxean irabaziz amaitu nahi baitugu denboraldia”. Azken norgehiagoka, berriz, Araberri Gasteizko taldearen aurka jokatuko dute, hilaren 27an, eta kalkulu dantza handia izango da ordurako.

Orain artean, gogorra bezain gorabeheratsua izan da denboraldia. “Abenduan eta urtarrilean une zailak bizi izan genituen, eta partida batzuetan ez dugu izan borrokatzeko aukera askorik”. Taldeari dagokionez, Kenny Kaminski estatubatuarrak taldea utzi zuen joan den hilean, eta min hartuta dauzkate beste hainbat jokalari. “Azken bi partidak irabazi egin ditugu, baina fisikoki zigortu egin gaituzte”. Jokalari guztiak ez daude prest gaurko partidari aurre egiteko, baina “ahalik eta jokalari gehien” berreskuratzen saiatuko dira azken bi finalei aurre egiteko. Psikologikoki, behintzat, egoera onean dago taldea.

Encinasek aitortu du denboraldia 16. postuan amaitzen badute liga irabazi izan balute bezala ospatuko dutela. Izan ere, Urrezko LEB ligako gainontzeko kluben aldean txikia da Iraurgi. “Gurea da aurrekonturik txikiena. Pentsa, denboraldi hasieran, bi jokalarik euren lanarekin uztartzen zuten saskibaloia”. Halako talde gutxi dago Urrezko LEB ligan, eta, alde horretatik, kluba “berezia” dela azpimarratu du Encinasek. “Hiriburuetako eta ACB ligan lehiatu izan diren taldeen aurka jokatu dugu denboraldi honetan. Askotan pentsatzen dut ez garela ohartzen kluba zer egiten ari den”. Entrenatzailearen hitzetan, Iraurgiren gisako talde batentzat “oso zaila” da maila horretan lehiatzea. “Eta klubarentzat historikoa izango litzateke mailari eustea. Azken urteotan halako talde txikietako bakar batek ere ez du lortu Urrezko LEB ligara iritsi ondoren bigarren denboraldia ere bertan jokatzerik. Gutxitan gertatu da hori”.

Hurrengo denboraldian Urrezko LEB ligan jarraitu edo ez, ikusteko dago etorkizunean zer gertatuko den, baina entrenatzailea “gustura” dago bizitzen ari denarekin. “Polita izan da klub handien kantxetan jokatzea, eta balioa eman behar zaio egin dugunari”. Denboraldi hasieran ez zegoen argi zer-nolako maila emango zuten. “Baina besteekin borrokatzeko gai garela erakutsi dugu; errespetua irabazi dugu partidaz partida”. Taldekideak elkartuta eta zaleen babesarekin, mailari eusteko gai izango direla sinetsita dago klubeko kidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.