“Zaila da denean jardutea eta kasu guztietan bikaintasuna lortzea”

“Zaila da denean jardutea eta kasu guztietan bikaintasuna lortzea”

Beñat Alberdi

Letrak batzen baino gehiago, irudiak grabatzen jardun du Julen Iriondok (Oñati, 1979). Baina, lehenengo soldata jaso zuenetik, beti izan da kazetaria, Goienan, Debagoieneko tokiko hedabidean, zehazki. 2001ean ekin zion ibilbideari, eta “aldaketarako edo esperientzia berriak probatzeko” gogoa igarri zuen iaz. Hala sortu zuen Ikusten da sareko bloga. Egunerokoari erantzutea baino nahiago izan zuen gustuko gai bat hartu eta beretzat formaturik egokiena zen horretan lantzea. Edukiak bere kasa sortzeko asmoari erreleboa emanda, Goienan lantzen dituztenak partekatzen ditu orain.

Hamazazpi urte betetzera zoaz kazetari lanetan. Hamaika eduki landuko zenuen jada, baina kirol kazetari moduan hasi zenuen bidea. Kirolarekiko obsesioagatik, akaso?

Nire kasuan, kazetaritza ikasketak egitea ez da izan bokazio kontua. Baina kirol kazetari izatea kirolarekin lotura mantentzeko aukera ona zela iruditu zitzaidan. Hasieran, behintzat, kirola nuen lanerako motibazio.

Hala al da oraindik ere?

Esango nuke orain euskarak tokia hartu diola kirolari. Sarri pentsatu izan dut gaztelaniazko komunikabide batean egingo ote nukeen gaur egun egiten dudana. Kontua ez da gaztelaniaz ez nukeela lan egingo, baina euskarak mugitzen nau orain.

Goienan hasi zinen, 2001ean, eta bertan ibili zara iazko esperientziari heldu arte. Aurretik ibili al zinen beste komunikabideren batean lanean?

Gara egunkarian eta EITBn ibili nintzen bekadun gisa. Gainera, euskararekin lotuta, gogoan daukat Gara-n kontratua amaitu zitzaidanean niretzat egokitutako azal bat oparitu zidatela. Realeko jokalari baten aurkezpenekoa zen argazki nagusia, bertan nire argazkia jarrita. Izenburu guztiak gaztelaniaz zeuden, ordea. Badakit borondate on guztiarekin egin zidatela opari hura, eta asko eskertu nien. Hala ere, gaur egun inork antzeko zerbait oparituko balit, gauzaren bat edo beste esango niokeela uste dut.

Harmailatik kirolari buruzko telebista programarekin ekin zenion bideari. Beti jardun al zara kameren aurrean?

Garai haietan kazetariok ez ginen gaur egun bezain multimediak. Lanerako moduak ere ez ziren berdinak. Goienak hainbat euskarri zeuzkan hedabide moduan, baina langileok ez ginen jarduten orain gabiltzan bezain elkarrekin. Dena den, papererako ere idazten nuen tarteka.

Erraz esaten da, baina hamazazpi urte igaro dira. Lanbidea asko aldatu al da urteotan?

Hasieran, telebistarako egiten nuen lan gehienbat. Denborarekin, ordea, eguneroko lan bihurtu zen hainbat euskarritarako edukiak prestatzea. Hau da, gairen bat jorratuko zuen kazetariak Goienako komunikazio euskarri guztietarako prestatu beharra zeuzkan edukiak.

Gaur egun, papera eta arkatza eskura izatea baino garrantzitsuagoa al da sakelakoa ondoan edukitzea?

Hasiak gara sakelakoarekin grabatzen eta argazkiak ateratzen. Gai bat lantzean, Twitterren ere kargatu behar izaten dugu. Aldatuz doaz garaiak. Inoiz egiterik espero ez genuen gauzak lantzen ditugu orain, baina normalizatu egin dira.

Kazetari multimedia batek bere kasa prestatu behar izaten al ditu eduki guztiak?

Gaia garrantzitsua bada, ez gara bakarrik joaten. Kasu batzuetan tokatu izan zaigu gertakizunera bideokamera, argazki kamera eta tripodea hartuta joatea. Baina baliagarria ere bada, geure kabuz moldatzen ikasten dugulako.

Horrela jarduteak ez al dauka kalean danborra, gitarra, harmonika, tronpeta eta txindatak jotzen dituen musikari baten antza?

Zaila da denean jardutea eta kasu guztietan bikaintasuna lortzea. Baina prozesu guztia ez du egiten kazetari batek bakarrik. Mirari baten modukoa litzateke bestela. Hainbat lan eginez moldatzea da gakoa.

Hainbat euskarritarako lanak prestatzea baliagarria dela esan duzu. Zein zentzutan?

Kamera erabiltzen ikasi dut, adibidez, eta baita edizio eta postprodukzio lanak egiten ere; zer esanik ez gidoiak egiteari buruz. Azken finean, esperientzia horri eske jarri nuen martxan Ikusten da bloga. Aurretik lan hori guztia egina neukanez, nire euskarri propioa sortu ahal izan nuen.

Eszedentzia eskatu zenuen blogaren proiektuari heltzeko, baina nondik nora sortu zen ideia?

Beste zerbait probatzeko gogoa neukan. Azkenean, 2001ean sartu nintzen Goienan, eta ez dut beste ezer ezagutu. Azkar pasatzen da denbora, eta halako ezinegon bat neukan. Beste zerbait probatu nahi nuen, eta denbora behar nuen nahi nuena egiteko.

40 urteen krisia izango zen, akaso?

Hori esaten da, ezta? Momentu batean ikusi nuen nire lana bideratuegi zegoela prentsara, eta telebistari ezin niola eskaini nahi nuen beste denbora. Edukien kasuan ere, nahiago nuen nik nahi nuen moduan ekoiztea.

Edukiak lantzeko moduan alde handia al dago Goienan egiten zenuen lanetik gaur egungora?

Beste era batera jardutea ere bazen nire helburua. Goienan oso egunean bizi gara azkenean. Asteko plana egin eta horri begira lan egiten da han, baina ni beste modu batean hasi nintzen lanean. Bideoan agertuko zen protagonista aukeratuta, taberna edo elkarteren batera joaten nintzen grabatzera. Kafe bat hartuz, ordu luzez aritzen nintzen presarik gabe hizketan. Etxera itzultzean pentsatzen nuen gidoia eta zer graba genezakeen. Mila kontu kontrolatu behar izatea eskatzen du Goienaren gisako hedabide batek: hainbat gai, euskarri, pertsona… Dena lotu behar izaten da, dena koordinatu. Beste bide bat hartuta, blogean astean bideo bat jartzea pentsatu nuen nik, buruan gai bakarra izatea.

Hala ere, mantenduko zenuen harremana Goienako lankide ohiekin, ezta?

Ia lan guztia nik egiten nuen, baina Goienak egiten zizkidan postprodukzio lanak. Tratu bat egin genuen: postprodukzioa euren kontu eta trukean telebistan emiti zitzaketen nire lanak. Hasiera batean, nik sarean jarri eta bi aste geroago. Esklusibotasuna eman nahi nion sareari. Horrela, gainera, harremana manten nezakeen lankide ohiekin. Astean behin edo birritan joaten nintzen erredakziora.

Saioka prestatu zenituen blogerako bideoak, eta makina bat saio egin zenuen: Kirola Bizi, Iparrerat!, Hi! Gazte, Muga Barik… Zeren arabera aukeratzen zenuen landuko zenuena?

Saio bakoitzean ez nuen landu atal asko, baina gauzak ezberdin egiten saiatu nintzen, kutsu herrikoia ematen. Herritarrak bihurtu nahi nituen protagonista, eurengan interesa sortzeko. Tokiko komertzioak proiektura erakartzea zen azken helburua, elkarlanean jarduteko; nik eurei mesede bat egin eta eurek niri lagundu.

Esperientzia ona izan al da zure nagusia zu zeu izatea?

Bizipen eta esperientzia ederrak izan ditut. Iparrerat saioarena, adibidez. Gustuko dut Euskal Herriko txoko guztietako euskalkiak entzutea. Euskara da azken finean, baina badauzka bere aldaerak. Ipar Euskal Herrian bizi diren debagoiendarren bila hasi nintzen. Zazpi bideo grabatu nituen guztira, baina beste zazpi pertsona ere ezagutu nituen, eta gehiago ere egongo dira, ziurrenik. Oso saio politak grabatu genituen, eta ezin hobea izan zen esperientzia.

Kamera hartu eta tokira bertara zeure kontu joateak izango du bere xarma, ezta?

Neuk antolatzen nuen astea. Iparrerat grabatzeko, Urepelera joan nintzen, esaterako. Bertan bizi da oñatiar bat; fabrikako lana utzi, eta artzain joan zen. Inoiz Urepelen egon gabe nengoen, eta hango jendea ezagutzeko aukera izan nuen, amuarrain haztegia ere bai, Xalbadorren etxea… Mila kontu ikasi nuen egun hartan. Aramaioko irakasle bat ere elkarrizketatu nuen, bertan lanean ari dena, eta hari esker jakin nuen Ipar Euskal Herrian, hezkuntza publikoan, euskara sartuta dagoela.

Kataluniara ere joan zinen beste batean, urriaren 1eko erreferendumaren ondoren. Kazetari gisa, saihestu ezineko tokia al da hura?

Carles Belda musikari kataluniarrarekin plana eginda neukan berez. Oñatin egona da Belda, Gure Esku Dago mugimenduak ekarrita, eta orduan ezagutu nuen. Katalunian barrena bizikletan bidaia egitea zen plana; kontzertuak zeuzkan adostu genituen egunetan, eta moldatu egin genuen ibilbidea. CUPeko zerrendetan aurkeztu zuen bere burua, eta kontaktuak egiteko balio zezakeen berekin ibiltzeak. Bizpahiru egun lehenago esan zidan ezingo zuela bidaia hura egin.

Dena den, Kataluniara joan zinen, bizikleta eta guzti, ezta?

Bai, hori mantendu nuen hasierako planetik. Hori bai, erabat aldatu nuen ibilbidea. Trena eta autobusa hartu nituen Arenys de Muntera iristeko [Bartzelona]. Independentziaren aldeko galdeketak egiten lehenengo herria izan zen Arenys de Munt, 2009an. Oraindik gogoan daukat esperientzia hura. Plazara iritsi, eta plater konbinatu bat jan nuen taberna batean. Zerbitzariari galdetu nion ea nola kontakta nezakeen galdeketaren inguruan jardun zuen norbaitekin. Erreferenduma sustatu zutenak ondoko tabernan biltzen zirela esan zidan, eta horiei esker lortu nuen pertsona baten zenbakia. Elkarrizketatu egin nuen, eta berak eman zizkidan gainontzeko guztien kontaktuak. Horri esker ibili nintzen Katalunian barrena. Bidaian saiatu nintzen sare sozialen bidez jendearekin harremanetan jartzen, baina hara iritsi nintzenean ez neukan ezertxo ere lotuta.

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANCkoa atxilotu zituztenean Katalunian bertan zinen, ezta?

Bai, Gironan nenbilen orduan. Astelehena zen, oker ez banago. Lapiko jotze batera deitu zuten lehenengo, eta manifestaziora gero; inprobisatua izan zen guztia. Era baketsuan egin zuten dena, eta izugarrizko indarra ikusten zen. Oso profil desberdineko jendea batu zen han. Harekin gogoratzean oilo ipurdia jartzen zait oraindik.

Kazetari gisa lortu al zenuen ekidistantzia eta objektibotasuna mantentzea?

Norbaitek ikus dezake oreka falta ikuspuntuak kontuan hartuta, baina alde guztien iritziak biltzen saiatu nintzen. Arenys de Munteko PPko zinegotzia elkarrizketatu nuen, adibidez. Pertsona gisa oso ondo portatu zen nirekin, eta zorte galanta izan nuen elkarrizketatu ahal izateagatik. En Comu Podemen inguruko jendea ere elkarrizketatu nuen gero. Sekulako harrera egin zidaten Katalunian. Ni, azkenean, Euskal Herriko tokiko komunikabide bateko kazetaria naiz; ez daukat beste modu batera eragiteko gaitasunik. Desiratzen zeuden euren historia kontatzeko eta beste toki batzuetara helarazteko.

Esperientzia horren ondoren, Goienara itzuli zara lanera; ez duzu jarraitzen zure kontu lanean. Nolatan?

Hasi nintzenean banekien, bideragarritasunik lortu ezean, bukatu egingo zela proiektua. Norberak mila ideia izaten ditu buruan, baina gero zaila izaten da guztia gauzatzea. Aukera berriak zabaltzeko balio izan dit, ordea, eta beste patxada batekin nabil lanean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.