Aholkuak

Lanaren amaieran, ondorengo gomendioak zehazten ditu Berriotxoak argitaletxe eta ikastetxeentzat:

Subjektu historikoa
«Euskal baserria subjektu historikoa da, ez esentzia bat, eta, hori dela-eta, gizartearen eta ekonomiaren aldaketen eta denboraren igarotzearen menpe egon da azken bost mendeetan».

Ustiapen ekonomikoa
«Euskal baserria identitate eta kultura aldakorra dituen erakundea da: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza biltzen dituen ustiapen ekonomikoa da. Zerbitzuetara heda daiteke, gainera».

Ez da fosil bat
«Bizitza duen subjektua da baserria, eta hala behar du izan etorkizunean. Ez da fosil bat, eta umeentzat eta gazteentzat erakargarri izan daiteke, beste jarduera batzuekin alderatuz abantailak dituelako».

Sektore estrategikoa
«Ekonomiaren oinarrizko printzipioa betetzen du baserriak: jateko eta edateko ematen du. Sektore estrategikoa da, eta ezin da mito gisa lurperatu».

Baserriaren irudia
«Paisaia eta kanpoaldea lehenesten dute baserriaren inguruko irudiek. Agian, bere lanean, bere barnealdean, bere etorkizunean eta bere aurrerapen teknologikoetan oinarritu behar lirateke. Ziurrenik, marrazkietatik urrundu beharko ginateke, hori eskematikoa delako, eta argazkietan oinarritu».

Baserritarra prestigiatu
«Bertute askoko pertsonak dira baserritarrak, mota askotako lanak egiten dituztelako. Bada garaia eskubide guztiak dituzten hiritar gisa kontsideratzeko. Utz ditzagun alde batera hiriko eliteetatik zetozen eta datozen esku hartzeak».

Emakume baserritarra
«Testuetan garrantzi gutxi ematen zaio emakume baserritarrari. Baserriko elementu nonahikoena izan da, eta hala jarraitzen du izaten. Bere lana azpimarratzeko ordua da».

Tradizioaren karga
«Eztabaida ireki beharko litzateke tradizioak baserrian duen gehiegizko pisuari buruz. Karga honek zehaztu gabe uzten ditu bere identitatea eta etorkizuna. Hausnarketa sakon bat eskatzen du».