Itsas ondarearen lehorreratzea

Itsas ondarearen lehorreratzea

Unai Zubeldia

Nazioarteko itsas topaketa handi bat”. Horixe izango da I. Pasaiako Itsas Festibala. Musika, gastronomia eta erakusketak uztartuta, maiatzaren 17tik 21era itsaso zabalean murgilduko da badia. L’Hermione Lafayette markesak AEBen Independentzia Gerran laguntzeko erabili zuen Frantziako fragataren erreplika porturatuta hasiko da jaialdia, ostegunean, 18:00etan, eta guztira 116 ontzi tradizional elkartuko dira badian. “Itsas historia handia duen herria da Pasaia, eta historia hori azaleratzeko eta partekatzeko aukera emango digu jaialdiak. Europako itsas kulturaren mapan ere kokatuko gaitu”, adierazi du Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidenteak.

Itsasoratzea eta lehorreratzea, bi errealitate horiei helduta, bitan banatuko dute jaialdia. Ontzi tradizionalen gunea izango da uretakoa, badiakoa, eta kultur eskaintza lantzeko gunea bestea, lehorrekoa. Pasai San Pedro, Pasai Donibane eta Trintxerpe, hiru gune nagusi horiek izango dituzte lehorrean. Galizia izango da aurtengo gonbidatu berezia —jaialdia bi urtez behin antolatzeko asmoa daukate—, eta Trintxerpen kokatuko dute galiziarren gune nagusia. Besteren artean, Galiziako kulturaren erakusketa, Pasaia Bistak argazki galeria, Bor Bor emakumeen arteko topaketa, musika tresnen tailerra, musika errezitaldia eta gaiteroen desfilea izango dituzte bertan. Horrez gain, Galiziako Letren Eguna ere ospatuko dute igandean.

Musikazaleentzat, berriz, Juan Valls (12:30) —Gudarien plazan—, Iñigo Serrulla, Morcheeba eta Rural Zombiesen (21:00) emanaldiak izango dira Trintxerpen, maiatzaren 19an —Hospitalilloan azken horiek—, eta Sara Mansillarena biharamunean, 12:30ean, Gudarien plazan. Pasai Donibanen, Anne Etxegoien eta Maika Makovskiren txanda izango da maiatzaren 18an, Bizkaia plazan (21:00); Maider Zabalegi ariko da hilaren 19an, leku berean (22:00); eta Oso Fan maiatzaren 20an, 17:00etan, Santiago plazan. Pasai San Pedroko guneari dagokionez, Kiko Venenok eskainiko du kontzertua maiatzaren 17an, 21:00etan, kaian, eta Juan Mari Beltran hirukoteak hilaren 20an, 12:00etan, leku berean.

Musika emanaldietatik haragoko ekitaldia izango da, ordea, Pasaiako Itsas Festibala. Bost egunetarako eskaintza zabala daukate prest. Pasai Donibaneko guneari dagokionez, bisita gidatuak, mahai inguruak, kongresua, artisautza eta bertako produktuen azoka, itsas parrilla jana, kantujira, txistularien diana, esku pilota erakustaldiak, trikitixa, bertsolariak eta abesbatzen emanaldiak izango dituzte, besteak beste. Pasai San Pedron, berriz, antzeztutako bisita gidatuak, erakusketak, sagardo festa, itsasargira ibilaldia, hitzaldiak, txistularien alardea, jantzi tradizionalen desfilea, abesbatzen emanaldiak, eta haurrentzako tailerrak dauzkate prest. www.pasaiafestival.com webgunean ikus daiteke bost egunetarako egitarau osoa.

Itsasoa eta itsasontzi tradizionalak izango dira, ordea, jaialdiaren bi oinarriak, eta, horren harira, badian egongo diren ontziak bisitatzeko aukera ere izango da. Dagoeneko agortu dira L’Hermione ontzia bisitatzeko salgai jarritako online sarrera guztiak. Dena den, maiatzaren 18tik 21era barkuan bertan sarrerak erosteko aukera egongo da; 30 jarriko dituzte salgai ordu erdiro. Kaskelot eta Le Biche ontziak ere badian egongo dira, eta horiek ere bisitatu ahal izango dira. “Ikusgarria izango da badia ontzi tradizionalez beteta ikustea”, aitortu du Agotek, eta eskertu egin du bertako zein kanpoko itsasontziek Pasaian egoteko izan duten prestutasuna. “Pasaiak itsas giroan erreferentzialtasuna lortu duela esan nahi du horrek”. Euskal jatorrikoak izango dira 116 ontzietatik ia erdiak.

Portugaldik, itsasontzian

Erakundeen, elkarteen, boluntarioen, herritarren… elkarlana goraipatu du Agotek, eta eskerrak eman dizkie guztiei. “Euren historiaz eta ondareaz harro egon daitezke pasaitarrak. Guztion artean, itsas kulturaren mapan dagokion lekura eramaten ari gara herri hau”. Jende oldea espero dute bost egunetan, eta Pasaiara autoz ez joateko eskatu dute antolatzaileek; itxita egongo dira sarrerak. Autobusa edo trena erabiltzeko aholkua eman dute.

Denak ez dira autobusez edo trenez joango, ordea, L’Hermione ontzian bertan porturatuko delako euskal espedizio bat. Herenegun ontziratu ziren, Portimaon, Portugalen, eta itsasoz egiten ari dira Euskal Herrira arteko bidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.