“Plaza taldeek euskaldundu zuten erdalduna zen plaza”

“Plaza taldeek euskaldundu zuten erdalduna zen plaza”

Aimar Maiz

Plazarik plaza, Jon Urdangarin Arrietak (Lazkao, 1965) 37 urte daramatza Drindots musika taldearekin festak alaitzen. Sorterrian hasi ohi dute sasoia, San Prudentzio jaietan, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Duela bi hamarkadatik plaza kopurua asko jaitsi arren, gustura segitzen du gaueko lanean. Maizpide euskaltegian online irakasle da, egunez.

Lazkaon hasi duzue urteko ibilia. Zer martxa duzue aurtengo?

Guretzat, Lazkaoko festetakoa izaten da lehen suziria. 1990eko hamarkadan, emanaldi gehiago eskaintzen genuenean, ia-ia urte osoa pasatzen genuen batera eta bestera; bi edo hiru larunbat izaten genituen libre. Urtebetean 119 saio egin genituen behin. Orain, abuztuan eta irailean jotzen dugu, batez ere; urtean 35 bat saio.

Zenbat urte ditu Drindotsek?

1981ean hasi ginen jotzen, Realak liga lehenengoz irabazi zuen egunean [1981eko apirilaren 26an]. San Prudentzio jaietan, Lazkaoko kontzejupean jo genuen lehen aldiz. Arrano Beltza ginen orduan, ez Drindots, baina talde bera izan da guretzat. Harrezkero, urtero jo izan dugu Lazkaon. Urduritasun pixka bat ere izaten dut nik emanaldi horretan; 37. aldia izan dugu aurten.

Gogoan duzu lehenengo saioa?

Taldeko kideak zein ginen, bai: Alberto Pelaez zena, bateria jotzailea; Aitor Agirrezabala Triku, urte askoan Drindotseko teklista izandakoa eta nire lagun handia; Josune Albisu, baxu jotzailea; eta ni neu, gitarra eta ahotsa. Emakumea ere izan dugu taldean.

Nola elkartu zineten?

Nik gaztetatik izan dut zaletasuna. Beasaingo Lizeoan, jaitxo batean kantatu nuen. Pelaez etorri zen megafonia jartzera, eta hark esan zidan inor ezagutzen ote nuen musika jotzeko, helduekin nazkatu zela eta gazteekin jo nahi zuela. Elizako taldean ibilitako lagunak ezagutzen nituela esan nion, eta hala hasi ginen.

Elizako taldean?

Elizatik sortutako taldea da gurea! [barrez] Umetan jotzen genuen han. Jaxinto Fernandez Setien apaiza zegoen orduan [gerora Hiazinto Fernandorena]. Udalekuak, ikastola eta gauza ugari jarri zituen martxan. Lagunak ziren nire gurasoak eta Jaxinto, eta ni ere bai. Umeentzat egiten zuen meza bat, eta han jotzen genuen. Han ezagutu nuen Triku, eta Josune bizilaguna nuen. Oso pertsona modernoa zen Jaxinto; desberdinak ziren orduko mezak, eta euskal kantuak abesten genituen: “Kapitalismoak dakarren, katei ta zapalketa…”. 16 bat urte nituen Pelaezek galdera egin zidanean, baina haiekin gogoratu nintzen.

Noiz arte iraun zuen Arrano Beltza taldeak?

Lau-bost urte egingo genituen Pelaezekin. Josunek ere nahiko azkar utzi zuen taldea, eta Iñigo Apaolaza beasaindarra sartu zen gero. Izena aldatzea pentsatu genuen: Arrano Beltza, izen polita bai, baina oso komertziala ere ez zela iruditu zitzaigun. Gu plaza talde izan ginen hasieratik; plaza taldeak ziren musika jotzen hasten ziren talde guztiak.

Zer giro zegoen inguruan?

Burbuil eta Kea zeuden Beasainen; eta Ataunen, Belarra. Nire ustez, lan handia egin dute plaza taldeek, gure aurrekoek batez ere. Erdalduna zen leku bat, plaza, euskalduntzea lortu zuten. Ikuspegi moderno batekin, gainera. Ordura arte, orkestrek erdaraz jotzen zituzten pasodobleak, txatxatxak eta horrelakoak. Minxoriak, Koska, Bires, Akelarre, Egan, Jaiak eta horiek hasi ziren euskaraz jotzen. Hemengo eta atzerriko musika, baina modernoa. Indar handia zuten orduan. Hori egiten genuen talde gehienok; burutik ez zitzaigun pasatzen besterik egitea.

Plaza talde gisa definitu duzu Drindots, baina Euskal Herri osoan izan du sona.

Natural sortu zen. Nafarroan jotzen hasi ginen hasieratik, ez dakit zergatik, eta han zabaldu ginen gehien; urte askoan ibili gara inguru haietan.

Diskogintzara ere jo zenuten. Lau disko atera ditu Drindotsek.

Asmo hori izan genuen urte batzuetan, baina laster konturatu ginen gaitasun handirik ez genuela sortzeko. Geroztik, gai zen jende asko izan dugu taldean. Puri-purian zeudenez, diskoak grabatzen zituzten plaza taldeek ere. Saldu egiten ziren, gainera. Gure soinu teknikari Jokin Garmendiak IZ estudioan egiten zuen lan, eta askotan joaten ginen hara, libre zegoenean. Lau disko grabatu genituen, baina beti esaten dugu besteren bat atera behar dugula.

40. urteurrenerako, agian?

Ez dakit. Baina zertxobait prestatu behar izaten da disko bat grabatzeko, eta denbora behar. Plaza talde gisa ondo funtzionatzen genuela konturatu ginen, eta hura egin behar genuela erabaki genuen: jendea dantzan jarri. Hori garbi izan dugu, eta horretan ibili izan gara beti.

Berpizten ari al da plaza giroa?

Asko aldatu da. Musika munduan sartu nintzenean, tabernetan ez zen izaten musikarik. Jartzen hasi zirenean, hustu egin ziren plazak, jendea tabernetara joan zelako. Kaleko edanaren edo botilatzarraren fenomenoa hasi zenean, toki batzuetan atzera bete egin ziren dantzaldiak. Beste mundu bat ere badago orain: umeena, afalaurre hori. Lehen, inork ez zuen jo nahi izaten hor, baina ordutegi erosoa da, eta esker onekoena ere bai. Izan dira orain baino garai txarragoak.

Ez daukazu lehengo garaien oroiminik?

Ez. Egia esan, oso ondo pasatu izan dugu, baina orain ere ondo pasatzen dut. Desberdin, baina ondo. Drindots zaharrak deitzen diot guk arrakasta izan genuen urteetako taldeari. Lau eta teknikaria izatetik, boskotea izatera pasatu ginen: Xabi Auzmendi gitarra jotzailea —kantatu ere egiten zuen—, Igor Oiarbide baxu jotzailea, Miguel Angel Caballero bateria, Triku eta ni. Hiru disko grabatu genituen orduan; gure garairik onena izan zen. Oso ondo pasatzen genuen, ondo moldatzen ginelako. Ordu asko ziren elkarrekin. Baina ordukoaren minik ez dut.

Gaur egungo Drindotsek musika kalitate handia du, izan ere.

Zaila da musikalki konparatzea. Inoiz baino jende prestatuagoa dugu taldean. Autodidakta izan naiz ni, baina musika irakasleak dira oraingo beste lau taldekideak: Joxean Flores bateria, Beñat Barandiaran gitarra, Jon Arruti baxu jotzailea eta Fredi Pelaez teklista. Akordeak, partiturak… idatz ditzakete, eta jotzeko maila oso ona dute. Instrumentuei dagokienez, orain daukagu inoizko maila onena. Lehen, hobeak ginen ahotsetan eta kantatzen, bi taldekidek abesten genuelako, besteak beste.

Urte askoan jarraitzeko moduan zarete, hortaz?

35 urterekin erretiratzeko asmoa neukan hasieran. Gero konturatu nintzen beharbada gaizki egina zela kalkulua, eta, 35 urtez musika jotakoan, hor jarri nuen muga. Hori ere pasatu dut. Orduan…

2035 arte?

Ez, asko izango da hori. Oso gustura gaude orain. Urtero, urrian edo azaroan elkartu, eta afari bat eginez aztertzen dugu hurrengo urtean zer egin. “Jarraitu egin beharko diagu, ezta?”, esaten dugu. Beste talde batzuetan ere jotzen dute taldekide batzuek, eta askotan pentsatzen dut neure artean: “Hauek zer egiten dute hemen?”. Izugarrizko maila daukate. Baina, era berean, oso ondo pasatzen dugu, eta “kristorenak gaituk” esaten dute haiek ere.

Ez da bizimodu nekagarria?

Azkenerako nahikoak dira ditugun saioak; beste gauza batzuk egiteko aukera ere badugu, eta bizitzeko ere bai. Oso gauza fisikoa eta nekagarria da musika jotzera joatea, jota egoten naiz hurrengo egunean, baina estresa kentzeko balio dit. Korrika egitera joango dira beste batzuk, eta niretzat berbena batean jotzea da maratoia. Abeslari maratoilaria naiz, gainera: hiru orduz, hiru egunean segidan abesteko dohaina dut; eta, ondoegi kantatu gabe, ia edozein abesti kanta dezaket.

Bada, egunez daukazun lana ez da isilik egoteko aproposena; euskara irakasle zara Maizpide euskaltegian.

Bai. Normalean ez dut oso altu hitz egiten. Alde horretatik, zortea eduki dut azken urteotan: online egin dut lan, eta zuzendari ere izan naiz beste urte batzuetan.

Internet bidez irakasle. Nolatan?

Hiru ikas-eredu dauzkagu euskaltegian. Aurrez aurrekoa da bat, eta sei ordu izaten dira egunean; noski, hori da euskara ikasteko modurik onena eta eraginkorrena, ikaslea euskararen munduan murgiltzen delako. Ordukakoa da beste bat, astean zortzi-hamar ordu sartuta. Eta online sistema da hirugarrena.

Zer motatako ikasleek jotzen dute Internetera?

Baditugu Euskal Herriko ikasleak: Maizpiden izan zirenak, gustura geratu zirenak, eta etxera itzulitakoan gurekin jarraitu nahi izan dutenak. Bide ona da horiekin jarraitzeko. Atzerriko ikasleak dira gainerakoak, Hego Amerikakoak. 2004an hasi ginen.

Eta eroso sentitzen zara urrutiko irakas-ereduan?

Beti izan dut zalantza musikari edo irakasle, zer naizen gehiago. Bi gauzak gustatzen zaizkit asko, eta biek eskatzen dute jendearekin harremanetan egotea. Aspergarria izango da 30 urtez irakasle gisa beti gauza bera egitea. Horretarako oso leku ona da Maizpide; asko aldatzen dira ikasleak, eta lan mota asko daude egiteko.

Zer moduzkoa izan zen zuzendari garaia?

Beste lan bat da hori [barrez]. Gauza asko ikasten dira, baina lanbide gogorra da. Gurasoek lan asko egin zuten euskalgintzan; ama Maizpideko sukaldari izandakoa da, eta txikitatik ezagutzen nuen mundu hori. Oso proiektu garrantzitsua da niretzat, eta poza ematen du zuzendari izateak, halako harrotasun bat. Garai zailak tokatu zitzaizkigun, baina pentsatzen dut beti direla garai zailak euskalgintzaren munduan.

Lantokian jendea euskalduntzen, eta plazara joandakoan ere euskara zabaldu nahian.

Gu Troiako zaldia bezala joaten gara plazara: pixkanaka euskara sartuz. Euskaraz, gaztelaniaz eta Goierriko ingeles-ez dugu errepertorioa [barrez]. Kosta egiten zait agertokian erdaraz egitea, baina toki batzuetan eskatu egiten digute arratsaldean erdaraz abesteko. Abesti asko ez ditugu gaztelaniaz; estrategikoki banatzen ditugu, zerbait egiten dugula emateko. Zaila da batzuetan. Nafarroan askotan gertatu izan zaigu orkestrak egunero erdaraz jarri, egun batean talde euskalduna eraman zinegotziren batek eskatu duelako, eta dantzan ari diren gehienak erdaldunak izatea. Festa giroan daude, edanda… Behin atxilotu ere egin gintuzten ia-ia.

Atxilotu?

Lizarran. Punk talde bat ari zen jotzen gure soinu taldearekin, udalak antolatuta. Tabernari bat etorri zen udaltzainarekin, eta musika jaisteko esan zigun, terraza hutsik zeukalako kexaka. Ez zegoela altu, eta ezetz esan genion. Bultzatu eta lurrera bota ninduen tabernariak, udaltzainak borra atera zuen, eta eskuetatik kendu zion soinu teknikariak, instintuz. Atxilotu egin zuen, eta taldekideak parrandan, bitartean.

Nola bukatu zen?

Libre utzi zuten gero. Ikastolakoak ere etorri zitzaizkien kontu eske. Berbena jo genuen gero.

Leave a Reply

Your email address will not be published.