Geure burua plastifikatzen gabiltza

Leire Narbaiza

Goizean okindegira joan naiz. Etxetik irtetean ez zen euririk, baina zaparrada ederra bota dit bidean. Ogia eta erositakoa plastikozko zorro garden baten sartu dizkit dendariak, busti ez zitezen. Esan diot ea poltsa garden horretan sartu beharrean, heltzeko lekua duen baten sartuko zidan guztia, euria goian-behean ziharduelako; berak ezetz, kobratu barik ezin zidala halakorik eman.

Gero, botikan sartu naiz. Zoritxarrez, gauza bat baino gehiago erosi dut, eta ezer esan gabe, plastikozko poltsa heldulekudun baten sartu dizkit botikok. Eskatu eta kobratu barik. Eskerrak, pentsatu dut, horrela okindegian erositakoa hala moduz eroateko aukera emango dit.

Askoz geroago, Eroskira joan naiz. Ordaintzeko ilaran jarri, eta kutxara ailegatu bezain laster, langileak, agurtu ostean, “poltsarik?” galdetu dit, era guztiz automatizatuan, agurraren partea balitz lez. Ordurako, etxetik pasatuta nengoen, eta zorro iraunkorragoa, errekaduetarako poltsa, hartuta nengoen. Jakina, ezetz esan diot.

Hiru saltegi, hiru errealitate. Beti plastikoa protagonista. Hiruretan, baina, poltsa hauen kudeaketaz badago zer esana. Batetik, okindegian. Eskatu (eta kobratu) barik zorro garden bat eman dit, plastikozkoa, jakina. Heldulekuduna handixeagoa izango da, baina ez horrenbeste. Beraz, zergatik bata kobratu eta bestea, gardena, kobratu ez? Ez ote dute biek antzera kutsatzen? Inguruneari sortzen dioten kaltea ez ote da parekoa?

Bestetik, botikan —inongo botikatan— ez dute inoiz zorrorik kobratzen. Normalean, produktu bakarra erosita ere, zorrotxo ñimiño baten entregatzen ahalegintzen dira botikariak. Eta beti esan behar mesedez ez emateko plastikozko poltsarik, nire eskuko poltsan sartuko dudala. Sarritan, hau esaten dudanean harridura aurpegiz begiratzen didate, jende gutxik errefusatuko dien seinale.

Azkenik, Eroskin egiten dutena bada bitxia, zerbait esateagatik. Arrandiaz zabaldu dute lau haizeetara plastikoen murrizketaren alde dabiltzala, halako neurriak (poltsak kobratuta, alegia) ezarrita. Baina, era berean, soltean erositako produktu batzuk plastikozko doako poltsa gardenetan sartu behar dira, bai ala bai. Esate baterako, fruta eta barazkiak. Pieza bakarra erosita ere, plastikoan sartu behar da pisatu eta etiketa jartzeko (hori zoritxarrez, supermerkatuetan ez ezik, auzoko fruta-dendetan ere pasatzen da). Antzeko-pareko supermerkatuetako arrandegi, harategi, urdaitegi eta abarretan. Baina kutxara iritsitakoan ordaintzeko poltsa eskaini. Zein da helburua, beste salgai bat gehiago izatea zorroa? Edota gizartearen aurrean ekologista itxura ematea?

Honetaz gain, ezin dugu ahaztu alferreko zenbat ontzi daramaten jaki askok, batez ere fruta eta ortuariek. Platanoak, esaterako, poltsaratuta egoten dira ia gehienetan. Absurdoetan absurdoena. Normala da Biluztu ezazu fruta kanpaina martxan jarri izana. #DesnudaLaFruta sartuz gero, edozein bilatzailetan ikusiko dituzue zenbat plastiko alferretan dauden ontziratuta elikagaiak. Noren mesedetan? Zein asmorekin? Etxe, kale eta itsasoak mukuru betetzeko? Gu geu plastiko bihurtzeko?

Zer egin? Birziklatu! Ezinbestekoa da, jakina. Ezinbestekoagoa, baina, berrerabiltzea. Baina guztiaren gainetik murriztea da premiazkoena, zeharo plastifikatu ez gaitezen, ez gaitzaten. Biluztu dezagun gure erosketa!

Leave a Reply

Your email address will not be published.