Eredu berri baten uberan

Eredu berri baten uberan

Olatz Mitxelena

Gaur arratsaldean inauguratuko dute Pasai Donibaneko liburutegi berria. Hilabeteak luze joan dira zaharra itxi eta udal liburutegi berria atondu bitartean, eta irekiera ospatzeko gogoz daude herritarrak. Bibliotekaren Lagunak taldean bilduta, sanjuandarrek mimoz landu dute inaugurazio ekitaldia, Marga Anzuela liburuzainarekin elkarlanean. Denetik dago plazaratu duten egitarauan: musika, antzerkia, dantza… eta baita dibulgazioa eta hausnarketa ere.

Izan ere, proiektu berria gorpuztu bitartean, Pasai Donibanen hausnarketa luzean aritu dira gaur egungo gizartean liburutegiek zein rol izan beharko luketen jakiteko, eta beren esperientzia partekatu eta beste hainbat gertuagotik ezagutu nahi dituzte orain sanjuandarrek. Horregatik, ekainaren 1erako mahai inguru bat antolatu dute, Komunitatea eta liburutegiak izenburupean. 18:00etan hasiko da, Pasai Donibaneko Ubera liburutegian.

Azken urteotan inguruko herrietan landu dituzten bestelako hainbat esperientzia erakutsi nahi dituzte mahai inguru horretan, eta ondorengo hizlariak gonbidatu dituzte: Arantxa Mariskal Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko ordezkaria; Aitor Bengoetxea Azpeitiko Sanagustin kulturguneko kidea, Raquel Gonzalez Hernaniko udal liburuzaina, eta Eva Salaberria Pasai Donibaneko Ubera Bibliotekaren Lagunak taldeko kidea. Mertxe Perez de Zirizak egingo ditu moderatzaile lanak, liburuzain eta artxibozainen elkarteko kideak. Mahai ingurua hasi aurretik, Anzuelak egingo du aurkezpena. Azken horrek azaldu du mahai inguruaren helburua zein den: “Liburutegiaren ereduari buruzko hausnarketa bat egin dugu guk gure prozesuan, eta interesgarria iruditu zaigu bestelako eredu batzuk erakustea”.

Horrenbestez, sorkuntza liburutegi bat zer den azaldu nahi diete herritarrei, eta Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen esperientzian sakontzea ere bada erronka. “Oso lan interesgarria egin dute Azpeitian. Kooperatiba bat sortu dute herritarrek, eta behetik gora eraiki dute kultur proiektua, komunitatean txertatuta”, goraipatu du Anzuelak. Herritarrek sortutako proiektua izan da Azpeitikoa. “Luzea izan da lana, baina oso interesgarria”.

Anzuelaren arabera, “aberasgarria” da bestelako proiektuen berri izatea, eta horixe izango da, hain zuzen, mahai inguruaren asmoa, esperientziak trukatuz, elkar aberastea. Horregatik, gonbidapena ez diete egin herritarrei bakarrik; liburuzainei ere dei egin diete, profesionalek eurek hausnarketarako denbora hartzea oso aberasgarria izango dela iritzita. “Ekimen hau abiapuntu izatea nahi dugu; hausnarketa egiteko eta elkartzeko abiapuntua, bakartuta egoten garelako askotan; gure egunerokoan murgilduta eta denborarik gabe”.

Jakin-mina sortzeko gunea

Ubera liburutegiaren inguruan “kultur proiektu sendo bat” sortu nahi dute Pasai Donibanen, komunitatean txertatuta. Horregatik, parte hartze prozesu baten bidez adostu dute liburutegiaren izena bera ere, herriak itsasoarekin duen harremana kontuan hartuta. “XXI. mendeko liburutegi bat garen heinean, gure komunitatearen identitatea indartu nahi dugu, hori da helburua”, zehaztu du Anzuelak. Eta, “orain arte bezala”, aurrerantzean ere “Pasaiako kultur ondarea jasotzen” jarraitzeko asmoa dutela azaldu du.

Sorkuntzari ere bultzada eman nahi diote proiektuarekin, eta, horregatik, xede horri begira antolatu dute Ubera liburutegiaren espazioa, “jakin-mina sortzeko espazioa” izan dadin. Altzari berezi bat ere badaukate Ubera liburutegian, adin askotako sanjuandarrek auzolanean diseinatu eta sortutakoa. Egurrezko txintxorro bat da, Albaolako arotzen laguntzaz eraikia, eta Haurren Txokoan egongo da, “irakurketa intimoa” egiten laguntzeko ez ezik, helburu duten eredu berriaren uberan, iparra galdu gabe, arraunean jarraitzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.