Juanjo Aranburu: “Saretzeak nabarmentzeko aukera ematen digu”

Juanjo Aranburu: “Saretzeak nabarmentzeko aukera ematen digu”

Eider Goenaga Lizaso

Bost urte dira Ice Age Europe sarea sortu zela, eta bigarren urtean batu zitzaion Ekainberri. Ekainberri kudeatzen duen Arazi-Aranzadiko gerentea da Juanjo Aranburu (Zarautz, 1973), eta saretzeak Ekainberriri ekartzen dizkion onurak azaldu ditu. Donostiako Zuloaga plazan jarrita dagoen Ice Age Europe Now erakusketa ibiltaria da horietako bat. Ekainaren 10a arte egongo da ikusgai.

Zer da Ice Age Europe sarea?

Duela bost bat urte Alemaniako bazkideek bultzatu zuten Europako sare bat da. Historiaurreari buruzko ezagutza zentroak biltzen ditu, eta sare gisa funtzionatzeko aukera ematen digu.

Ekainberri nola batu zitzaion proiektu horri?

Bigarren urtean sartu ginen gu. Kontuan hartuta gizateriaren ondare eta mundu mailako esangura duen kobazulo baten legatua garela, eta sarearen gaia historiaurrea izanik, bertan tokia genuela ikusten genuen. Bestalde, Europa mailako proiektu bat zen, eta Europako Batasuneko lan lerroekin bateratzeko aukera ematen zigun. Esperientziak trukatzeko, elkarrekin proiektuak garatzeko eta elkarrengandik ikasteko gune ezin hobea da.

Nola egiten du lan sareak?

Lurralde ezberdinetako hemezortzi bazkide gara, eta urtean bitan biltzen gara, bazkide baten egoitzan. Urteotan zuzenean ezagutu ditugu hainbat proiektu; bertako esperientziak eta lan egiteko moduak ikusi, bertako langileekin hitz egin, jakin zertan asmatu duten eta zertan ez… Bestetik, produktu turistiko gisa, saretzeak nabarmentzeko aukera ematen digu; bestela, oso zaila da mundu mailan zure produktuaren izaera nabarmentzea.

Beraz, nazioartean tokia egiteko modua ere bada.

Bai, sareak badu aldizkari bat, badu webgune bat, eta, gero, sareak berak sortutako proiektuak daude; adibidez, Donostian dagoen erakusketa ibiltaria. Gainera, oso esanguratsuak eta izen handikoak dira sareko zentro batzuk. Adibidez, Neanderthal Museum [Mettman, Alemania] zentro historiko bat da, eta, gure arloan, erreferentzia handikoa; edo Frantzian, Solutreko Historiaurreko Museoa, aro bati izena ematen diona… Zentro horietako bisitariek gure berri ere jasotzen dute; ukimenezko interakzio panelak daude zentro guztietan, eta sareko kideen informazio zabala ematen dute.

Hemezortzi zentro aipatu dituzu, baina hogei kidek osatzen duzue Ice Age Europe sarea, ezta?

Bai, baina beste kategoria batean sartzen dira beste bi kideak. Ez dute erakusketa lekurik, ikerketa zentroak dira. Burgosen [Espainia] dago horietako bat, eta erreferentziazkoak dira ikerketa mailan: datazioak egiten dituzte Europako aditu askorentzat, eta laborategi oso-oso modernoa dute.

Euskal Herrian daude hemezortzitik hiru: Ekainberri, Santimamiñe eta Izturitze-Otsozelai.

Bueno, logikoa da. Historiaurreaz edo labar arteaz ari garenean, ardatz nagusi bat dago, Hegal Atlantikoa deiturikoa, eta orain arte erreferente garbia izan dena: Asturiasen [Espainia] hasi, Pirinioak eta Frantziako erdialdeko lautada zeharkatu, eta handik Alpeetara. Orain arte, hor agertu da nagusiki labar artea, eta mota honetako aztarnategien jomuga nagusia da. Euskal Herriko hirurak hor gaude kokatuta.

Izotz Aroa oso luzea izan zen; aro ezberdinak lantzen dira sareko museoetan?

Ekainberrik, adibidez, Izotz Aroaren azken zatia hartzen du; Homo sapiens sapiens-ak egon ziren bertan. Mettmaneko museoak, berriz, Neanderthal-ak ditu abiapuntu. Giza eboluzioan pauso handiak eman ziren Izotz Aroan.

Halere, Izotz Aroak batzen zaituzte.

Agian ez da polita gelditzen, baina lobby izateko asmoak batzen gaitu: elkarri indarra ematen diogu, eta guztien artean bisitari pila bat ditugu. Batuta ahaltsuagoak gara, bai bisitariei dagokienez, bai ikerketari lotuta, bai erakundeen laguntza eskatzeko orduan; Alemaniako Gobernuak, adibidez, diruz lagundu du sarea. Bestalde, gu baino tradizio handiagokoak dira kideetako asko, eta mezenasgoa ere ezagutzen dute, guk ez bezala. Alemaniako enpresa pribatu batek babesten du orain Donostian dagoen Ice Age Europe Now erakusketa. Aipatu nahiko nuke, halaber, kide garen guztien hizkuntzan daudela erakusketako testuak, eta horrek euskara presente egingo duela Europako hainbat tokitan: Kroazian, Alemanian… eta baita Espainian ere.

Ekainaren 10a arte egongo da erakusketa Donostian. Zer ikus daiteke bertan?

Lehenik eta behin, esan behar dut sarean egon ez bagina Ekainberrirentzat ezinezkoa izango litzatekeela halako erakusketa ibiltari bat antolatzea. Tamaina handiko hamabost argazki panel dira, eta Neanderthal Museumen abiatu zen erakusketa, iazko apirilean; joan den apirilean heldu zen gurera, urtebete geroago, Kroaziatik, Italiatik eta Frantziatik igaro ostean. Erakusketaren abiapuntua zen ea zer eskain diezaiekegun gaur egungo europarrei, guk daukagun legatu horretatik; eta ikusten genuen izan behar zuela gaur egungo arazoen konponbidean lagungarri eta, maila horretan, iritzi kritikoaren sortzaile. Horregatik, modulu guztietan dago historiaurreko irudi bat, eta gaur egungo bat kontrajartzen zaio. Lurraren eta ingurumenaren aldeko mezu argi bat eman nahi du erakusketak.

Bisita gidatuak ere badaude?

Kalean dagoenez, gau eta egun bisita daiteke; baina bisita gidatuak ere badaude, astearte, larunbat eta igandeetan. Sakonagoa da bisita, eta San Telmo museoko historiaurreko piezak ikus daitezke aurretik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.