“Anonimoak gara; ez gara klandestinoak”

“Anonimoak gara; ez gara klandestinoak”

A. Arzallus

Ohio estatuko Akron hirian sortu zuten Alkoholiko Anonimoak erakundea, AEBetan. 83 urte beteko dira ekainaren 10ean. O. William Griffith Wilson —Bill W.— eta Bob Smith izan ziren sortzaileak. New Yorkeko burtsako artekaria zen bata, eta zirujau ospetsua bestea; biak ala biak alkoholikoak. Bill W.-k sei hilabete edan gabe zeramatzanean ezagutu zuen Bob Smith, eta mendekotasunari aurre egiten lagundu zion. Smithek 1935eko ekainaren 10ean hartu zuen azken tragoa, eta horregatik hartzen da ekainaren 10a erakundea sortu zuten eguntzat.

Irabazi asmorik ez duen erakundea da Alkoholiko Anonimoak, inolako erlijio, alderdi politiko eta erakunderekin loturarik gabea. Talde bakoitzak finantzatzen du bere burua, eta debekatua dute inoren diru laguntzarik jasotzea. 36 oinarri ditu erakundeak: hamabi urrats, hamabi tradizio eta hamabi kontzeptu, mundu guztiak bere egin ditzakeenak. Urrats horiek alkohola uzteko eta alkoholikoei bizitza proiektu bat eraikitzen laguntzeko gida gisa sortu zituzten arren, beste hainbat mendekotasunen aurka borroka egiteko ere erabiltzen dituzte gaur egun.

Egun, munduko 180 herrialdetan egiten dituzte Alkoholiko Anonimoen batzarrak. Guztira, 116.000 talde baino gehiago biltzen dira, eta, kalkuluen arabera, talde horiei esker bi milioitik gora lagunek utzi diote alkohola edateari. Gipuzkoan, duela 57 urte sortu zen lehendabiziko batzarra, Errenterian, eta 36 talde daude gaur egun, horietatik zortzi Donostian. Talde gehienek soilik alkoholikoentzat diren batzar itxiak egiten dituzte astean behin, bitan edo hirutan, eta batzar ireki bana egiten dute hilean behin, interesa duen edonorentzat. Alkoholikoen senideak, ingurukoak nahiz alkoholikoak eurak joaten dira batzar irekietara; informazio bila, batez ere.

Tolosako Zumalakarregi kaleko 7. zenbakian duten bulego nagusira jo dezakete informazio gehiago nahi duten herritarrek edo laguntza behar dutela sentitzen dutenek; aaarea3@gmail.com helbidera idatzi edo honako telefono zenbaki hauetara ere deitu daiteke: 649-14 18 74 eta 943-24 84 74. Laguntza zenbakia ere bada sakelako zenbaki hori, eta herritarren eskura egoten da urteko egun guztietan eta 24 orduz.

Gizartearen begirada

Erakundearen urtemugaren harira, ekainaren 10erako ekitaldi berezi bat antolatu dute Donostiako Karmelo ikastetxean. 10:00etan hasita, euren bizipenen berri emango dute bi alkoholikok, bi senidek eta mediku batek, gaia gizarteratzeko helburuarekin. Antolatzaileen hitzetan, alkoholarekiko mendekotasuna “oso zabalduta” dago. “Baina gizartean, oraindik ere, oso gaizki ikusita dago”. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaie “ahalik eta jende gehienarengana iristea”, jakin dezaten irtenbidea badagoela. “Kalera ateratzen gara aukera dugunetan, anonimoak garelako, baina ez klandestinoak. Ahalik eta leku gehienetara iristen saiatzen gara, ez dakigulako non topa gaitzakeen alkoholiko batek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.