Mendiak emandako bizipoza

Mendiak emandako bizipoza

Loinaz Agirre

Mendizaletasunak elkartuta, Goierriko 21 aurre-erretiratuk eta erretiratuk Goierriko Mendizale Beteranoak taldea sortu zuten, 2009an. Gaur egun, 92 mendizalek osatzen dute taldea: hemeretzi emakumezkok eta 73 gizonezkok. 67 urtekoa da batez besteko adina, eta Joxe Imaz da taldeko beteranoena, 80 urtekoa. Hamargarren urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta Goierriko eta Euskal Herri guztiko beste hainbat mendizalerekin ospatu nahi dute; Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa eta Goierriko Mugetatik Bira antolatu dituzte, besteak beste.

Taldeko jarduera fisikoa bizi ohituratzat hartuta, Goierriko Mendizale Beteranoak taldeak erretiro garaian zahartze aktiboa eta osasungarria izatea du helburu nagusi. Jarduera fisikoaz eta emozionalaz gain, kohesio soziala ere lantzen dute, “adin horretan hain ohikoa den gizarte isolamendua baztertzeko asmoarekin”. Taldeak badu hirugarren helburu bat ere: Euskal Herria ezagutzea.

Otsailetik uztailera eta irailetik azarora, ibilaldi bat antolatzen dute astero Euskal Herriko txokoren bat ezagutzeko. Bederatzi zeharkaldi eta bira ere egin dituzte, 222 etapatan; 4.825 kilometro guztira. Euskal Pirinioetako bira izan zen lehenengo zeharkaldia, eta Arabako mugetan zehar ibili dira azkenekoan.

Juanjo Mujika eta Koldo Auzmendi hasiera-hasieratik daude taldean, eta oso gustura daude hamar urteotako bilakaerarekin. “Ez genekien zenbat denboran ibili ahal izango genuen, edo zer egin ahal izango genuen. Baina gero eta jende gehiago hasi zen izena ematen, eta denek taldean jarraitzen dute”, azaldu du Auzmendik. “Ahoz ahokoarekin haziz joan gara, eta oso esperientzia ona izaten ari da”.

Astearte, asteazken edo ostegunetan egiten dute irteera, eguraldiaren arabera. “Bizipoz izugarria da guretzat. Askotan, eguraldi txarragatik mendi irteerarik gabe geratzen bagara, hutsunea izaten da aste horretan”, aitortu du Auzmendik. Iritzi berekoa da Mujika ere: “Pertsonalki, taldeak asko eman dit: batetik, lagun giroa; bestetik, Euskal Herria ezagutzeko aukera. Hain txikia izanda, zein gutxi ezagutzen dugun gure herria!”. Araba jarri dute horren adibide. “Harritu egin gaitu”.

Emakume bakarrak hartu zuen parte Goierriko Mendizale Beteranoak taldearen lehenengo zeharkaldian, eta asko hazi da kopurua. Gurutze Iraola iaz hasi zen taldean, eta “oso gustura” dabil. “Hasiberria naiz ni. Hiru bat irteera egin nituen iaz, eta gehientsuenak egiten ari naiz orain. Oso ondo nabil, oso-oso gustura. Oso ondo antolatzen dute irteera bakoitza”.

Karmele Barandiaran, berriz, 2012an iritsi zen taldera, aurre-erretiroa hartu zuenean, Nafarroako bira bukatzear zegoela: “Oso-oso gustura nabil; lagun berriak egiteko eta Euskal Herria ezagutzeko modua da hau. Zenbat mendi eta herri ezagutu ditudan talde honi esker, antolaketa lanetan dabiltzanei esker!”. Barandiaranek nabarmendu duenez, Goierriko Mendizale Beteranoak taldeak badu beste ezaugarri on bat ere: “Elkarrekin hasi eta elkarrekin bukatzen dugu ibilaldia. Nahiz eta batzuek besteek baino azkarrago joateko aukera duten, elkarri itxaroten diogu beti. Norbaitek gelditu beharra badauka, aurrekoei abisatzen die. Garrantzitsua da bakoitza bere erritmoan ibiltzea”. Hain zuzen ere, Mujikaren ustez, horixe izan da taldearen arrakastaren gakoa: denak batera abiatzea eta helmugara denak batera iristea: “Pazientzia edukitzea da gakoa; zain egotea”.

Teknologia berriak

Goierriko mendizale beteranoak abilak dira teknologia berriak erabiltzen. “Hasi ginenean, ibilbide guztiak ez zeuden GR gisa markatuta, eta GPSarekin hasi behar izan genuen; beste aurkikuntza bat izan zen hori”, azaldu du Auzmendik. “Horren laguntzaz, leku gutxitan ibili gara galduta, eta nahiko ondo moldatu izan gara”.

Auzmendik adierazi du lauzpabost meteorologia agentziaren webguneak aztertzen dituztela irteeraren eguna aukeratzeko ere. “Astebete lehenago hasten gara eguraldia aztertzen, eta zeremonia izaten da hori ere! Askotan, meteorologia agentziak ez dira bat etortzen iragarpena egitean. Gehienak ez dira ondo ibiltzen hego haizearen joerarekin”.

Ardurak ondo banatuta dituzte. “Horrelako talde batek funtzionatuko badu, lanak banatu egin behar dira”. Autobusa antolatzeko, bazkaltzeko lekua lortzeko, bazkalondoren kafea eta bestelakoak hartzeko, dirua biltzeko, argazkietarako, trackak egiteko… 8-12 bat lagun arduratzen dira antolaketaz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.