Euriak blaitutako enplastu bat

Danel Agirre

Horrela ez dago herriminik sentitzerik, benetan. Aurten lehenbizikoz etxera hurbildu naizen asteburu berean, euskarazko panfleto arrazistak azaldu dira Zarauzko malekoiko jarlekuetan botata. Manifestu korporatibista izena du gorozkiak, eta Askatasunaren Liga izeneko kolektibo anonimo koldar baten sabel hustea da. Arrazistarena ez da balorazio bat, testutik hautatutako entresakan egiaztatu ahal den moduan, sailkapen enpiriko askoa baizik: “[…] Garai zailak datoz Euskal Herrira aurreikuspen guztien arabera: kapitalaren globalizazioaren erruz, euskaldunak behartuak egongo gara gure lurrak komunitate etniko ezberdinekin partekatzera, kolono espainiar eta frantziarrez gain. Euskaldunon (eta europarron) krisi demografikoaren aurrean, arazo argi bat bilakatzen da etorri-berri afrikar eta mairuen jaiotze-tasa altua, ordezkapen etnikoaren mehatxua ortzi-mugan ageri delarik. Aniztasun etno-kulturalak gora egin ahala, areagotu egingo da gizartearen baitako desordena, zatiketa eta gatazka, murriztu egingo delarik Estatu, lege eta erakunde publikoen eraginkortasuna […]”.

Aurkikuntzak zeharo atsekabetu nau, eta eskerrak behintzat eguraldi kaskarrari. Atergabeko euriak fotokopiatutako eta elkarrekin grapatutako orrialdeak blaitu, eta enplastu nardagarri bihurtu ditu. Enplastu are nardagarriago, esan nahi da. Testua gizatalde ñimiño eta marjinal baten obra dela jakitun, erreferentzia kulturalez jositako hizkuntza jasoan idatzia egoteak eman dit zer hausnartu gehien. Manifestua egotzi duten sozio-patak irakasleak dira, edo hor nonbait. Eta hilabeteak emango zituzten komun-ontzitik altxatu gabe, kakapirria 49.000 karaktere pasatxo badelako (irakurtzen ari zaren hau ia hogei bider). Arrazistei doako publizitatea eskaintzeagatik kargu hartuko didazu akaso, baina alfonbrapean ezkutatzen saiatzea baino eraginkorragotzat dut horrelakoei aurre egin, salatu eta baztertzea.

Panfletoa muturreko lagina izaki, harrigarria badirudi ere bizirik darraien independentismoaren korronte aldrebesenaren beste agerpen bat da. Bere burua outsider eta pentsalari libretzat duten batzuen (BERRIAren zutabegile arrakastatsuenetakoa barne) proposamen politikoa 2018. urtean mitifikatutako herri puru bat berreskuratzen ahalegintzean datza. Aitzakia historikoen gainean eraikitako garbiketa etniko batean, alegia. Oraindik horrelakoak badirela ohartzeak goibeldu, asaldatu, dibertitu eta izutu egiten nau ni, guztiak batera. Eta, manifestuaren terminologia baliatuta, kapitalaren globalizazioak bultzatutako multikulturalismoaren aktibista oso harro bilakatu, bidenabar.

Nongoa ote naizen jakin nahi, eta Baske —lehenago Spanier hitza jarri gabe— erantzundakoan, muturra amiñi bat okertu ohi didate alemaniar zintzo askok. Eskuin mutur usaina duen edozeri alergia izan, eta nazionalismo baztertzailearekin lotu ohi dute Euskal Herria. Nik zuriketa saiakerei ekin ohi nien lehen, gu guztiok jendarte abegikor eta ireki gisara aurkeztuz. Europan izurritea den xenofobiak eragiten ote zigun galdetutakoan, zorionez ezetz ihardesten nuen, tonu irmoarekin. Aspaldian, Baske-arekin muturra amiñi bat okertzen didatenean, isil-isilik geratu ohi naiz. Zahartzearen ondorioa izango da, baina neure buruari iruzur egin eta sinesten ez ditudanak hurkoari irentsaraztea gero eta zailagoa suertatzen zait.

Leave a Reply

Your email address will not be published.