Teresa Olabarria: “Aztertutako umeen %10-15ek dituzte ikusmen arazoak”

Teresa Olabarria: “Aztertutako umeen %10-15ek dituzte ikusmen arazoak”

Eider Goenaga Lizaso

Optometrista da Teresa Olabarria (Madril, 1967), eta Tolosan du kontsulta. Ikusmenaren terapia egiten dute bertan, eta umeekin aritzen dira lanean batik bat. Olabarriak dio ikusmen arazoetan dagoela ikasteko zailtasun askoren jatorria; haiek tratatzen dituzten arazoak, ordea, ez dira betaurrekoak jarrita konpontzen. Ikusmen abilezia entrenatzea da haien lanaren ardatza.

Zer da optometria?

Ikusmenaren zaintzaz arduratzen da optometria; sistema osoaren zaintzari erreparatzen dion zientzia da. Izan ere, gauza bat da bista edo ikusmen zorroztasuna, eta beste bat ikusmena eta ikusmen abileziak. Ikusmen abilezia horien neurketa egiten du optometristak, eta, ikusmenaren terapiaren bidez, abilezia horiek garatzeko entrenamendua egiten dugu.

Optometrista konportamentala zarela jartzen du zure kontsultako atean.

Optometriaren espezializazio bat da, eta ikusmenaren abileziak beste parametro batzuekin uztartuta neurtzen eta lantzen ditu; besteak beste, motrizitatearekin. Halaber, kontuan hartzen dira bai aldagai pertsonalak (garapena, adina, alderdi kognitiboa…), eta bai inguruneari dagozkion aldagaiak (maila akademikoa, ergonomia, behar sozialak…). Kontsultan artatzen ditugun arazo batzuek zerikusi handiagoa dute ikusmenarekin (fokuratzea, konbergentzia…) eta beste batzuek ikusten denaren interpretazioarekin: gauza bat baita ikustea, eta beste bat, ikusten dena ulertzea.

Batez ere umeekin aritzen zarete lanean. Zeintzuk dira ikusten dituzuen arazo nagusiak?

Irakurtzeko arazoekin etortzen dira ume gehienak: ez du ulertzen irakurritakoa, asko kostatzen zaio irakurtzea, nekatu egiten da… Ondorioz, ezin du jarraitu ikasketen martxa; ikasteko arazo bihurtzen dira irakurketa arazoak. Begien mugimendua da asko lantzen dugun arloetako bat; begiak behar bezala mugitzen erakusten diegu, testu bat irakurtzeko gai izan daitezen gero; begiekin jarraitzen erakusten diegu, lerro batetik besterako saltoa egiteko mugimendu sakadikoak lantzen ditugu…

Zeri erreparatu beharko liokete gurasoek umea optometrista batengana eramateko?

5-6 urterekin irakurtzen hastea da normalena, baina ume batzuek uko egiten diote irakurtzeari; estresa sortzen die, larritasuna eragiten die eta ez da aurrerapenik ikusten. Prozesua normala bada, umeak pixkanaka automatizatzen du irakurketa, zailtasunik gabe irakurri arte. Bada, automatizatzen ez denean, hizkiak ezagutu arren erritmo bat hartzea lortzen ez denean, irakurritakoa ulertzen ez denean… ikusmen arloko arazoak izan daitezke, eta komeni da begiratzea.

Zer egiten duzue ume horrek irakurketa automatiza dezan?

Beste modu batera irakurtzen erakusten diegu. Umeak zailtasunak izaten jarraituko du egunero irakurtzera behartu arren, eta oso-oso mantso egingo du aurrera. Beraz, ikusmen abilezia horiek lantzen ditugu irakurtzeko gai izan daitezen. Hemen, umeek ez dute irakurtzen, baina berehala ematen dituzte aurrerapausoak.

Irakurtzerakoan bezala, idazteko garaian ere antzemango zaie.

Bai; ezaugarrietako bat da akats asko egiten dituztela arbeletik kopiatzean. Oso mantso kopiatzen dute, hizkiak jaten dituzte, hizkiak eta zenbakiak alderantziz idazten dituzte… Begien mugimendua entrenatuz gaindi daiteke hori.

Irakurtzen hasi aurretik, badaude ikusmen arazo horiek egon daitezkeela dioten zantzuak?

Bai, ume askok izaten dituzte ikusmen eta motrizitate arazoak batera; lotuta joan daitezke biak, eta batera landu behar dira. Baldar samarrak dira pilota jokoetan, estropezu egiten dute, distantziak ez dituzte ondo kalkulatzen, gauza bat hartzera joan eta bi botatzen dituzte… Ikusmenaren eta motrizitatearen arteko koordinazio baxua izaten dute ume horiek, eta izugarri laguntzen die terapiak, ariketa asko egiten baitira bi sistemak batera lantzeko.

Arazo horiek konpontzen ditu terapiak?

Ume horiek dira gehien hobetzen dutenak. Ume horiek, normalki, ez dute egin nahi izaten hainbeste kostatzen zaien hori, eta, hain justu ere, hori da gakoa; hain trebeak ez diren arlo horiek beste modu batera lantzea, abileziak garatu ditzaten. Jolasen bidez, ariketa arinekin, entrenatu egiten dugu ikusmena, eta, konstantzia behar den arren, erraz konpontzen da.

Ume horiek izugarri sufrituko dute eskolan, ezta?

Guregana etortzen diren ume askori aurpegia aldatzen zaie esaten diegunean arazoak dituztela eta lagundu diezaiekegula. Izan ere, ume horietako asko oso azkarrak dira, eta askotan oso saiatuak ere bai, baina, saiatu arren, ez dute lortzen besteen mailara iristea. Frustrazioa eragiten du horrek, etsipena, beren buruarekiko konfiantza falta, motibazioa galtzea…

Aipatutako arazoez gain, badago ikusmen arazoekin lotutako bestelako sintomarik?

Bai; fokuratzeko arazoak dituzten umeek, adibidez, oso sintoma argiak izaten dituzte: begiak igurzten dituzte, nekatu egiten dira, berehala galtzen dute arreta gertuko gauzetan, ez dituzte lanak amaitzen… Gaur egun, ume askok dituzte fokuratzeko arazoak.

“Zer alferra den” pentsa dezakete guraso askok.

Bai, arrisku hori badago. Are gehiago, arreta defizitarekin nahas daitezke fokuratze eta konbergentzia arazoak. Diagnostiko bat egin baino lehen optometristari kontsulta egitea aholkatuko nuke nik, eta balizko ikusmen arazoak baztertzea.

Komeni da optometristak ume guztiei azterketa egitea?

Bai, aspaldian ari gara hori aldarrikatzen. 4 urte dituztela, bistaren azterketa egiten zaie umeei, baina begien zorroztasunari erreparatuta soilik. Bestelako parametroak ez dituzte begiratzen. Gu hainbat ikastetxetan aritzen gara lanean, eta beste parametro horiek begiratzen dizkiegu 5-6 urterekin. Prebentzio azterketak dira, eta umeak izan ditzakeen ahulguneei buruzko aholkuak eman eta hainbat ariketa erabilgarri erakusten dizkiegu gurasoei. Arazo handiagoak detektatuz gero, azterketa sakonagoa egin behar zaio ume horri, eta, behar badu, terapian hasi. Bestalde, kasu askotan irakasleek bidaltzen dizkigute umeak; haiek detektatzen dute inork baino hobeto umeak zailtasunak dituen edo ez.

Zuek aztertzen dituzuen umeen artean, zenbatek izaten dute ikusmen arazoren bat?

Aztertutako umeen %10-15ek dituzte ikusmen arazoak. Horrek ez du esan nahi guztiek terapia behar dutenik. Adibidez, %5 inguru izaten dira daltonikoak. Daltonismoa ezin da konpondu, baina ume horrentzat garrantzitsua da daltonikoa dela jakitea.

Duela 30-40 urte zer gertatzen zen halako arazoak zituzten umeekin? Eskola porrota?

Optometria ez da berria, baina ikusmenaren terapia bai, nahiko berria da gurean. Duela 30-40 urte, arazo horiei ez zitzaien erreparatzen, eta bai, eskola porrota ia ziurra zen gehienetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.