Pilotaren azken erromantikoak

Pilotaren azken erromantikoak

Asier Imaz

Reyes Azkoitiak, Luis Galarragak eta Xalton Zabalak bizitza erdia baino gehiago eman dute pilotaren munduan. 60 urtetik gora dituzte hirurek, eta erretiroan pentsatzen hasiak dira. Horrek ez du esan nahi pilotarekin duten lotura amaitu egingo denik. Luis Galarragak amaitu zituen Aurrera Saiazen egin beharreko lanak, baina pilota irakasten jarraitzen du bere herrian, Bidania-Goiatzen. Garai berrietara egokitu nahian, hausnarketa fasean dago Amezketako Zazpi Iturri pilota eskola, Xalton Zabalaren kluba. Bergaran, aldiz, belaunaldi berriaren esku geratuko da, laster, pilota elkartea. Ibilbide luzea izan dute hirurek, gertaeraz betetakoa, eta, ondorioz, ideia pentsamendu ugariren sortzaile izan da.

Elkarte horietatik ateratako pilotariak dira, besteak beste, Beñat Rezusta, Erik Jaka, Jokin Altuna, Iker Irribarria, Iñaki Artola eta Beñat Urretabizkaia. Profesionalak dira egun. Datuak aztertuta, beraz, osasuntsu dago Gipuzkoako pilota harrobia. “Momentu honetan, baietz uste dut”, dio Azkoitiak, eta ondorengoa gehitu du: “Gauzak aldatzen ari direla uste dut. Zikloak izaten dira, eta Gipuzkoari tokatu zaio orain. Izugarrizko aberastasuna da pilotari horiek goian ibiltzea”. Ados daude Zabala eta Galarraga.

Alde batetik, beraz, ziklo aberats baten isla da momentua. Buruz Buruko Txapelketa aztertuta, Joxean Tolosa amezketarrak irabazi zuen 1989an; nafarrak izan ziren txapeldun ondorengo 21 urteetan, jarraian; Yves Salaberri Xala lapurtarra agertu zen 2011n; eta Iker Irribarriak jantzi zuen txapela 2016an. Buruz burukoan, beraz, 27 urtekoa izan da gipuzkoarren basamortua. Azken hiru urteetan, berriz, bi txapeldun izan dira: Irribarria bera eta Altuna III.a.

Baina Azkoitiak zer esan nahi du gauzak aldatzen ari direla aitortzen duenean? Zein zentzutan ari dira aldatzen gauzak? Bergararrak aitortu du galdera horri erantzuteko gauza asko hartu behar direla kontuan. Isilik egotekoa ez denez, Galarraga hasi da mahai gainean baldintzak jartzen: “Azken 10-15 urteetan asko aldatu da familia eredua. Gaur egungo haurren guraso gehienak ez dira izan pilotazaleak. Gurasoak futbola ikusten badu, semeak ere futbola ikusiko du. Eta amonari pilota gustatzen bazaio, umeak ere pilota ikusiko du”. Zabalari ez zaio horrenbeste gustatzen burua nekatzea: “Lehen, pilotan ibiltzen ziren ume guztiak; orain, ez. Eta umea etxean isilik egon dadin, Golt T jarriko diote gero”.

Bergaran gertatu zaiena kontatu du Azkoitiak, ondorio eta guzti: “Ez daukagu 2000tik 2004ra arteko bergararrik; kadeteak eta gazte mailakoak. 11 urte zeuzkatenean, 18 geneuzkan, baina, banaka-banaka, futbolera joan ziren denak. Zerbait gaizki egin genuen hor, derrigor”. Bidania-Goiatzen, gaur egun, 58 ume joaten dira eskolara, eta horietatik bi bakarrik ibiltzen dira, gaur egun, pilotan. Eta Amezketan ere bide beretik doazela azaldu du Zabalak: “Kadete mailan, gazteetan eta seniorretan, hogei lizentzietatik bakarra da Amezketakoa”.

Egungo kirol eskaintza da aurrera begira kontuan hartu beharreko baldintzetako bat, beraz. “Futbola, batez ere, oso indartsu sartu baita”, diote hirurek. Espainiako Kirol Kontseiluak indarrean sartu nahi duen “monitoreen araudia” izan daiteke beste baldintzetako bat. “Monitore tituludunak eskatuko dituzte, Gizarte Segurantza ordaintzeko… Guk titulua atera genuen bere garaian, baina horrek ez omen du balio”, dio Zabalak. “Araudiak ez du kontuan hartzen borondatezko lana, eta pilota eskola hauek badakigu, ehuneko handi batean, zergatik egin duten aurrera: orduak eta orduak sartu ditugulako”, gaineratu du Galarragak. Azkoitiak ere argi dauka laguntza baino traba gehiago sor ditzakeela araudi berriak. Amezketarrak jarri du puntua: “Araudia sartuta ere nork debekatuko digu lanean jarraitzea?”.

Pilotariaren ibilbidea

Hiru adituen ustez, pilotariak bere ibilbidean aurkituko dituen eragileak aztertu behar dira Gipuzkoako pilota harrobiaren etorkizuna nolakoa izango den aztertzeko. Pilota eskola eta elkarteak aipatuta, federazioa, txapelketa pribatuak eta enpresak gelditzen dira aztertzeko. Eragile horiek ba al daukate loturarik elkarren artean? “Txapelketa pribatuen eta pilota elkarteen artean nahiko ondo moldatzen garela uste dut”, hasi du azalpena Azkoitiak. “Gure kasuan, behintzat, bai. Elkartearen oniritzia bilatzen dute lehenengo, eta pilotariari esaten diote gero”. Enpresa pribatuekin, berriz, “inolako harremanik” ez daukatela azpimarratu du. Zabalak argi dauka: “Enpresa profesionalek ez dute ezer egiten pilotaren alde. Eta ez dezatela esan aurkakorik, euren pilotarien alde ere ez baitute ezertxo ere egiten”.

Adibide bezala, pilotari batzuk “euren seguruarekin” dabiltzala azpimarratu du amezketarrak. Baietz erantzun du Galarragak, eta ez du ulertzen zergatia: “Pilotari batek enpresarekin kontratua sinatzen duenean, zer ematen dio hark pilotariari? Kamisetak eta ezer gutxi gehiago. Pilotariek euren gain hartu behar izaten dute gainerakoa. Lan munduan, zein enpresatan ikusten da hori?”.

Aipagarria da formakuntza eskubideekin gertatzen ari dena ere. Futbola eta egungo kirol nagusiak albo batera utzita, arraunean, esaterako, eskubide horiek onartzea lortu dute elkarteek. Pilotan antzekoak gertatu izan direla azaldu dute Galarragak eta Zabalak, nahiz eta duela urte batzuetako kasu bakanak izan. “Ruben Belokiren kasua bakarrik ezagutu dut nik”, dio Zazpi Itturriko arduradunak. “Enpresarekin debuta egin zuenean, 1992an, Asegarcek milioi bat pezeta eman zizkion bere elkarteari”. Aurrera Saiazekoak Mikel Belloso, Javier Oteiza eta Jokin Argote gehitu ditu zerrendara. “Baina segituan moztu zuten hori”. Rezustaren kasuaz hitz egin du Azkoitiak: “Beñat bera etorri zitzaigun enpresarekin debuta egitera zihoala esanez. Eta Iker Muruamendiarazek ere eman zuen saltoa, ez dakit ziur noiz. Dakidana da elkarteak ez zuela ezertxo ere kobratu”.

Pilota eskolek eta elkarteek lan egiten dute harrobiarekin; hortik ateratzen dira pilotariak. Eta, ondorioz, horiei lagunduz gero, errazagoa izango da pilotariak profesionaletara iristea. Enpresek pilotariak behar dituzte irauteko, baina, hiruren esanetan, ez dute laguntzen. Hala aitortu du Galarragak: “Pilotan beste kiroletan dagoen koordinazioa egotea gustatuko litzaidake; oso aberasgarria litzateke pilotarentzat. Horretarako, ordea, enpresek nahi izan behar dute, eta ez dut uste eurek gogo handirik daukatenik”.

Egoera horretan, zer egin dezaketen aztertu beharko dute pilota elkarteek. Federazioari begiratu dio Zabalak: “Pilotarien ordezkariak elkarteak badira, federazioa da elkarteen ordezkaria. Aspaldiko urteetan, ordea, federazioa ez da izan nire ordezkaria”. Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federazioko presidente zen garaian saiakeraren bat egin zutela azaldu du Galarragak. “Baina atzera egin zuen enpresetako batek, eta ezerezean geratu zen”. Horretarako “federazio indartsu bat” behar dela azpimarratu du amezketarrak. “Baina bere arazoak ezin konponduta dabilela ikusten dugu”.

Alde batetik, federazioak berak antolatzen dituen txapelketak jarri ditu adibide gisa Zabalak. “Moztu eta itsatsi egiten dute; datak aldatu eta zozketak ia berdinak izaten dira urtero. Ez dago seriotasunik. Zertan geratu da Gipuzkoako Txapelketa? Erdiak erretiratu egiten dira; finalak jokatu gabe geratu izan dira beste txapelketa bat jokatzen ari zenez pilotari bat ez zelako aurkezten… Ez da serioa”.

Bestetik, epaileekin gertatu dena aipatu du amezketarrak: “Lehen, epaileak egoten ziren federazioaren partidetan, baina orain herri bakoitzak jarri behar izaten ditu epaile horiek; bestela, epaile lanak kobratzen zaizkie elkarteei. 66 urterekin epaile ibili behar al dut beste inor ez dagoelako?”. Epailerik ez al dagoen galdetuta, zurruna izaten omen da erantzuna. “Lan hori norberak egin behar duela esaten digute. Zer demontretarako daude orduan? Horretarako ez dugu behar ez federaziorik eta ez epaile batzorderik”.

Federazioarekin, kritiko

Galarragaren ustez, azken urteotan “geldirik” dago federazioaren lana; ez du ikusten berrikuntzarik. Arrazoi ekonomikoak aipatu ditu bergararrak: “Kutxaren babesa izaten zuen lehen, baina urte batetik bestera kendu egin zioten laguntza hori. Nondik atera behar du dirua? Sari onak izaten ziren lehen, baina, orain, ez”. Horren eraginez egin dute gora txapelketa pribatuek, eta pilotariek norabide jakina hartzen dute bat edo beste aukeratu behar izaten dutenean. “Alde horretatik, hutsune bat betetzen dute txapelketa pribatuek, eta, aldi berean, pisua galduz doa federazioa”.

Txapelketa pribatuak antolatzeaz gain, enpresa pribatuak sartzen ari dira pilota elkarteetan, eta, Zabalaren ustez, ezin da onartu halakorik: “Alde batetik, irabazi asmorik gabeko erakundeak gara pilota elkarteak. Bestetik, enpresa batek hamar elkarte hartzen baditu, federazioan enpresak berak ordezkatuko ditu elkarte horiek, hamar botorekin. Hori gertatzen ari da, eta federazioak ez du ezezkorik esaten. Zer zentzu dauka horrek?”.

Federazio indartsu bat sortzeak, hiruren ustez horrek edukiko luke zentzua. “Talde bat sortu eta pixkanaka joan beharko litzateke gauzak lantzen; ordu asko pasatu behar dira hizketan”, azaldu du Galarragak. “Nire ustez, federazioa erori arte jai dago. Hutsetik hasi behar da lanean, beste egitura eta filosofia batekin. Elkarteen ordezkaria izan behar du federazioak, eta ez alderantziz”, gaineratu du Zabalak. “Erromantiko askok bat egin dugulako daude pilota eskolak. Ahultasun horretan, gero eta boluntario gutxiago egongo da federaziora joateko prest”, ondorioztatu du Azkoitiak.

Pilota lurrean jarri eta hari begira gauzak aztertuz gero, geldirik, iragan luzea duenak etorkizun eskasa duela pentsatu ohi da sarritan. Pilota, ordea, mugimenduari esker dago bizirik. Ikuspegi hori kontuan hartuta, zenbat eta esperientzia handiagoa pilatu, orduan eta etorkizun oparoagoa izango du kirol horrek. Pilota bezala, geldirik ez dagoen zerbait delako jakintza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.