‘Gitarra zahartxo bat’ hartuta, bidaian

‘Gitarra zahartxo bat’ hartuta, bidaian

Miriam Luki

Urretxuko Santa Anastasia jaietan, irailean, bada kantuagatik bereizten den une bat. Igandean, Euskal Jai egunean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldea osatzen duten musikariek geldialdia egiten dute, eguerdi partean, Jose Maria Iparragirre koblakaria (Urretxu, 1820-1881) jaio zen etxearen parean —Alde Zaharrean, garai bateko Kale Nagusian eta gaur egungo Iparragirre kalean—. Geldialdia egin, eta jendez inguratuta daudenean, kantuan hasten dira den-denak elkarrekin. Kantuz kantu, momentu batean kale zaharrean barreiatzen dira Iparragirreren Trapu zaharrak abestiaren doinuak. Urretxuarrek orduan bizi izaten dute txinparta baten moduko une berezi hori; neurri batean eurena den ondareaz harro, ahots bakar bat irudikatuz bezala kantatzen dute herriko semearen kantu ezagun hori.

Iparragirre jaio zela 200 urte beteko dira 2020an, eta urteurrena ospatzeko proiektu zabala prestatzen ari dira Urretxuko Udalean. “Mendeurrena zetorrela jakinda, jaialdi bakar eta handi bat antolatzeko aukera zegoen, batetik, eta denboraz landutako egitasmo zabalago bat sortzekoa, bestetik”, azaldu du Maialen Fidalgo Kultura zinegotziak. Bigarrenari heldu zioten azkenean, eta orain gutxi abiarazi dute Iparragirre2020 proiektua. “Hainbat arlo landuko dituen proiektua nahi dugu; Urretxutik mundura irtenda, eta, bide batez, gurean, Iparragirreren ondarea oinarri hartuta, zer edo zer eraikitzeko balioko digun lanketa egin nahi dugu”.

Hasteko eta behin, urretxuarrek Jose Maria Iparragirre nor izan zen jakin dezaten nahi dute. “Hari buruzko informazio askorik ez daukagula konturatu gara, eta, are gehiago, dakigun horrek Iparragirreren ustezko ospe txarra duela oinarri”. Proiektu poliedrikoa izan dadin nahi dute. “Horrelakoxea zelako Iparragirre bera”, zehaztu du Fidalgok. “Mundura zabaldu nahi dugu haren izena, hark Euskal Herriarena eta Urretxurena zabaldu zituen bezala”.

Baina ez dituzte jorratu nahi kulturaren, musikaren edo euskararen esparruak soilik. “Urretxuko arkitekturari, turismoari, ekonomiari eta merkataritzari bultzada emango dion proiektua izan dadin nahi dugu”. Finean, 2020ko ospakizunek gerora arrastoa uztea da helburua. Mahai gainean dago Urretxuko Alde Zaharra biziberritzeko aukera, eta baita ikasmaterialetan Iparragirre nor izan zen transmititzeko erremintak txertatzea ere, belaunaldi berriei historiaren berri emateko.

Victor Hugo eta Henri Beyle Stendhal frantziarrek idatzitako eleberrietako heroietatik gertu dago Jose Maria Iparragirreren biografia. Alabaina, Erromantizismo garaiko eleberri haietako heroiekin gerrak, zauriak, erbestealdiak, aberriarekiko maitasuna, askatasun gosea eta espetxealdiak partekatzen baditu ere, antiheroitik asko izan zuen urretxuarrak. Beharbada, diru goserik ez eduki izanak, negozioetarako gaitasun eskasak eta orduko konbentzioetatik urrun ibili izanak itzalez bete zuten Iparragirreren ospea.

Argirik gabe ez dago itzalik, ordea, eta Iparragirre liburuan bestelako soslaia egin zuen Jaxinto Fernandez Setien urnietarrak, ikastolen mugimenduaren bultzatzaileetako batek. Haren hitzetan, Iparragirrek beste ezeren gainetik jarri zituen askatasuna eta arte sorkuntza —musika eta poesia—. Urretxuarra guztiz pertsona periferikoa zen, Setienen esanetan. Gitarra bera, Iparragirreren irudian gerora ezinbestekoa izan den musika tresna, ez zen batere ohikoa garai hartan; ez, behintzat, txistuarekin, txirularekin, albokarekin edo txalapartarekin alderatuta. “Gitarra herritartu egin zuen Iparragirrek, eta aitzindari izan zen zentzu horretan, egungo kantarien gisan, gitarraren bidez arnasberritu zuelako herriaren giroa”, idatzi zuen Setienek.

Familia utzita, etxera

Uruguain familia utzita —Anjela Kerexeta emaztea, alegiarra, eta zortzi seme-alabak— 1877an Euskal Herrira itzuli zenekoa, horixe da Iparragirreren biografian ulertzeko zaila den pasarteetako bat. Familia ez zen sekula berriro elkartu. Euskal Herriari foruak kendu zizkiotela-eta, haiek defendatzera itzuli zen koblakaria herrira; eta baita Ameriketan herriminak jota bizi zelako ere. Hainbat idatziren arabera, familia osoa Euskal Herrira ekartzea izan zuen helburu; ez zuen lortu, ordea. 1881ean hil zen Iparragirre, Ezkioko Zozabarro-Txiki baserrian, eta Uruguain hil zen Kerexeta, 1920an.

Iparragirre2020 proiektuaren barruan, Urretxuko Udalak ibilbide bat egingo du datorren udazkenean, Kerexetaren biografia aletzeko. Urteurrena iritsi bitartean, material ugari biltzen ari dira herrian: eskulturak, margolanak, zigiluak, liburuak… Gernikako Arbola, Ara nun diran, Gitarra zahartxo bat, Trapu zaharrak eta beste zortziko ugari sortu zituen koblakari urretxuarrari aitorpena egiteko guztiak. Ezinezkoa izango da poliedroaren pieza guztiak batzea, eta beti geldituko da galdera markaren bat bidean. Baina Iparragirreren abestiek denboraren galbahea pasatu dute, eta hori da garrantzitsuena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.