Hondartzaz hondartza, garbi

Hondartzaz hondartza, garbi

Xabier Regil Agirre

Hondartzetako erabiltzaileak hondakinen inguruan kontzientziatzeko helburuarekin, sentsibilizazio kanpaina jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Surfrider fundazioarekin eta Emaus erakundearekin elkarlanean. Uztailaren 3an ekin zioten bideari, Hondarribian, eta Gipuzkoako hainbat hondartzatan barrena ibiliko da informazio gune ibiltaria, abuztuaren 31ra bitartean. Donostian, Kontxako hondartzan egingo du azken geldialdia.

Jakina da itsasoan dauden plastiko eta hondakinek sortzen dutela planetako ingurumen arazo handienetakoa. Hori dela eta, hondartzan eta itsasoan gelditzen diren hondakinek dauzkaten ondorioez informatu nahi dute kanpainaren bidez, hondartza erabiltzaileak kontura daitezen hondakin horiek zenbateko kalteak sor ditzaketen; jarrera eta jokabide egokiak sustatu nahi dituzte horien artean. “Jendea kontzientziatu nahi dugu hondartzak elementu bizidunak direla eta horiek garbi mantendu behar ditugula”, azaldu du Martin Santiustek, egitasmoan parte hartzen ari den Emauseko kideak.

Hiru eremutan banatuta egongo da hondartzaz hondartza mugituko den informazio gune ibiltaria, eta gai konkretu bat landuko du zati bakoitzean. Hondartzen inguruko informazioa izango da eskuragarri lehenengoan, hondartza bakoitzaren datuak eskainiz eta bakoitza zein egoeratan dagoen azalduz; horrez gain, edozein hondartzatan hondakinek zein kalte sortzen duten eta horrek zein ondorio dituen ere azalduko dute, eta baita hori ekiditeko eta modu arduratsuan jokatzeko hainbat aholku eman ere.

Azalpen horiek emateaz gain, informazio guneko arduraduna prest egongo da bertaratzen direnen galderak erantzuteko. Hondakinen gaikako bilketa sustatzeko erabiliko da bigarren atala, eta hondartzetan hondakinekin jokabide egokia izan dezaten heziko dituzte txikienak; lokotx bilketan oinarritutako jolas pedagogiko bat erabiliko dute nola birziklatu ikasteko, eta haur bakoitzak hautatu beharko du hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar duen. Plastikoek itsasoari eta bertako bizidunei nolako kaltea egiten dieten ohartarazteko baliatuko dute hirugarren eremua. Eremu horrekin lotuta, garbiketa lanak ere egingo dituzte zenbait hondartzatan; bildutako hondakinak identifikatu eta katalogatuko dituzte bertan. Horrez gain, bildutako hondakin horiekin musika instrumentuak sortzen ikasteko tailerrak ere izango dira, eta instrumentu horiekin kontzertu bat eskainiko dute abuztuan.

Santiustek adierazi duenez, herritarrak sarri ez dira kontziente izaten egin dezaketen kalteaz: “Askotan, ahaztu egiten zaigu hondartzara eramaten ditugun produktuak jasotzea”. Guztiz kaltegarriak dira horrelako oharkabekeriak. “Plastikoak sekulako kaltea eragiten du ingurumenean eta itsasoko zein hondartzako ekosisteman, eta eragin zuzena du mundu mailako itsas-biodibertsitatearen galeran”.

Emauseko kideak positibotzat jo du jendearen erreakzioa; adierazi du informazio gunean badela mugimendua. Jakin-minak bultzaturik, jendea informazio gunera joaten dela azaldu du; eta hasieran galderak egitera ausartu ez arren, eurekin hizketan hastean gaiarekiko interesa adierazten dutela azpimarratu du, baita galdera ugari egin ere. Haurrak dira postura joateko lotsarik izaten ez dutenak; haur asko biltzen da informazio gunera, eta gogotsu parte hartzen dute eurentzat prestatuta dauden jolasetan —egunero, 17:30etik 19:00etara—.

Jarrera arduratsua, hazten

Santiustek txalotu egin du horien jarrera: “Erabat jarrera aktiboa dute, asko ikasten dute, eta egoeraz kontzientzia hartzen dute. Jolasen bidez, egoerarekin arduratzeaz gain, hondakin eta objektu bakoitza zein koloretako edukiontzitara eraman behar duten ikasten dute. Zenbait akats egiten dituzte hasieran, baina, akats horietatik ikasi, eta gero eta hobeto egiten dituzte gauzak”.

“Orokorrean, bere zaborrez arduratzen da jendea, baina oraindik lana dago egiteko, eta horretarako gaude gu hemen”, adierazi du Santiustek. Hondartza batetik bestera egoera erabat desberdina dela gaineratu du. “Oso garbi egoten dira batzuk, eta zabor asko pilatzen da beste batzuetan”. Egitasmoaren helburuak jendea jokabide egokia izatera bultzatzea eta hondartzak eta itsasoa garbi mantentzea izanik, uda sasoia amaitzen denean egingo dute balorazio orokorra, jaso beharreko datu guztiak jasotakoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.