Badok 13, banderen aparretan

Badok 13, banderen aparretan

Nerea Uranga

Zarauzko Arraun Elkarteko Badok 13 beteranoen taldeak bost bandera lortu ditu errenkadan; tartean, Gipuzkoako Txapelketa. “Abiada handia hartu dugu. Ez genuen espero bat-batean horrelako emaitzak lortzea”, dio Juan Angel Garmendia Xarpas traineruaren entrenatzaileak.

Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatzen duen ABE ligan lehiatzen dira Badok 13ko arraunlariak. Bi ontzi dituzte: taldearena bat, eta Elantxobek utzitakoa bestea. Biekin joaten dira estropadetara: bat, lehiatzera; eta bestea, gonbidatu gisa. Liga bukatzeko bi estropada falta direnean, Zarauzko beteranoen trainerua bigarren dago sailkapenean, Getxoren atzetik, hiru puntura. “Lehen bi estropadak pattalak egin genituen, eta puntu pila bat galdu genuen orduan”, azaldu du Xarpasek.

Azkenaldian lortutako banderek Arraunlari Beteranoen liga eta Badok 13 taldea ezagutarazteko balio izan dute Edu Mugertza arraunlariaren ustez. “Zarata gehiago ateratzen ari gara. Orain arte gutxik ezagutzen zuten Badok 13 taldea”. Bat dator David Elustondo arraunlaria ere. “Interesa sortzen ari dela antzematen da Zarautzen”.

Arraunlari Beteranoen ligak baditu berezitasun batzuk. Adinari lotuta, 45 urtetik gorakoak lehiatu daitezke. Hala ere, 38 urtetik 45era arteko hiru arraunlari izan daitezke traineruan, gehienez. Estropadaren bukaeran, berriz, traineruaren batez besteko adinaren arabera, denbora handikapa ezartzen da. “Nahiz eta estropadan azkarrena izan, bandera gal daiteke handikapa ezarrita. Horregatik, ona da traineruan 65-66 urte artekoak eta sasoikoak edukitzea. Hori da gakoa”, dio entrenatzaileak. 54 urteko batez bestekoarekin ari da lehian Zarauzko trainerua, baina badaukate hortik gorako bat baino gehiago: “69 urte ditu zaharrenak, eta badaude 66koak, 64koak… 41 urtekoa da gazteena”.

Estropadaren ondorena da beteranoen ligaren beste berezitasun bat: arraunlarien luntxa. Hala kontatu du Elustondok: “Ehun arraunlarirentzako luntxa prestatu behar izaten du estropada antolatzen duen taldeak. Zenbait kasutan, 200 pertsona inguru biltzen gara luntxerako. Bosgarren luzea deitzen diogu guk. Errugbian bada hirugarren denbora, eta, gure kasuan, luntxa da bosgarren luzea”.

Ateak, denentzat irekita

“Zahar, gazte, gizon, emakume… Mediku, irakasle, ingeniari, sukaldari, erretiratu… Denetik dago taldean”. 32 fitxa dituzte egun. Sorreran, baina, bestelakoa zen egoera; hortik taldearen izena. Hala gogorarazi du Antselmo Berasaluze patroiak: “Hamahiru kide eta patroia ginen traineruan, eta neu bakarrik izango nintzen arraunean ibilitakoa. Justu-justu osatzen genuen taldea”.

2012an eman zituzten Zarauzko Arraun Elkartean (ZAE) beteranoen taldea sortzeko aurreneko pausoak. Orduan, Mugertza zen elkarteko presidentea. “Arraunlari gazteen gurasoak arraunean probatzen hasteko-eta traineru bat jartzea pentsatu genuen. Egurrezko bat jarri genuen horretarako”. 2013an, gonbidatu gisa sartu zen Badok 13 ABE ligan, eta 2014an hasi zen lehian.

Sorrerari lotuta, Badok 13ko kideek kutuna dute Orioko estropada. “Garrantzitsua da Oriaren jaitsiera. Hura izan zen taldearen lehen estropada, 2013ko martxoaren 13an”. Garai batean “nazioarteko trainerua” ere izan zutela dio Mugertzak: “Bi ukrainar, hiru txiletar, espainiar bat, ingeles bat… Hainbat herritakoak gabiltza orain ere: eibartarrak, donostiarrak, aretxabaletar bat, zortzi oriotar, lau zarauztar, bi getariar…”.

Arraunak “asko” eman diela diote Zarauzko arraunlari beteranoek. 55 urterekin hasi zen Mugertza arraunean. “Ordura arte sekula ez nuen egin arraunean; zorakeria izan daiteke adin horrekin hastea, baina mesede handia egin dit; oso sanoa da. Arraunean baino gehiago nekatzen naiz lanean”.

Elustondorentzat, berriz, utzita zeukan kirola egiten hasteko erronka izan da Badok 13 taldea: “Aurretik arraunean ibilitakoa naiz, baina ezkondu eta utzi egin nuen. Gero, seme-alabak hazi direnean, kirola egiten hasteko erronka izan da berriro arraunari heltzea. Hamabost kilo galdu ditut aitzakia horrekin, eta oso ondo nago fisikoki, gustura”.

Euskadikoa eta Kontxa

Sasoian aldea nabaritu du Efren Floresek ere. Minbizia pasatu berritan, ahul zegoela, Mugertzak arraunera gonbidatu zuen Eibarko umetako laguna. “Gaur egun Efrenek daukan aurpegia eta itxura ikusita… Niretzat zoragarria izan da hau”, aitortu du Mugertzak. Flores astean hirutan joaten da Eibartik Oriora Badok 13 taldearekin arraun egitera. “Arraunak lotu egiten du”.

Arraunlari ohiak eta hasiberriak ari dira batzen Zarauzko beteranoen taldera, eta, hainbat erronka buruan, ilusioz ari dira lanean: “Ea aurten Beteranoen Euskadiko Txapelketa antolatzea lortzen dugun, eta hurrengoan Kontxakoa jokatzeko aukera eskatuko dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.