Eskaerak

Honako hauek dira Gipuzkoako hondartzetako sorosleen eskaera nagusiak:

Soldata igoera. Euren soldata gutxienez igerilekuetako sorosleekin parekatzea eskatzen dute. Hondartzetakoek mila euroren bueltan kobratzen dute; igerilekuetakoak, berriz, 1.500-1.600 euro inguruan ibiltzen direla dio ELAk.

Ordutegia. Hilabetean hamar orduko hamazazpi egun lan egin behar dituzte sorosleek, baina astean 39 ordukoa da euren kontratua: beraz, hamalau ordu gehiago egiten dituzte hilean. Ulertzen dute hamar orduko jarduna ezin dela jaitsi; beraz, egun kopurua jaitsi eta jende gehiago kontratatzea eskatzen dute.

Aldizkako kontratu finkoa. Proba teoriko eta fisiko bana gainditu behar dute sorosleek, urtero, lanpostua lortzeko; eta lau hilabeteren buruan kalera joaten dira. Sorosleen ustez, langile finko gisa hartu beharko litzateke hiru urtez hondartza batean lan egiteko kontratatzen duten soroslea, eta aldizkako kontratu finkoa egin. Sorosleak prest daude, hala ere, urteroko proba fisikoak egiteko, euren lanak hala eskatzen duela onartuta.

Antzinatasuna. Hondartza batean sorosle hasiberria izatea edo esperientziaduna izatea ez da berdina, eta hori antzinatasun sari batekin ordaintzea eskatzen dute. Gainera, esperientzia dutenek trebatzaile eta formatzaile lana egiten dute hasiberriekin, eta haiek egin ohi dute hondartza horretako zerbitzuaren arduradun lana.

Baldintzen bermea. Negoziazioa, Gurutze Gorriarekin baino gehiago, udalekin egin behar dutela uste dute sorosleek. Izan ere, zerbitzua orain Gurutze Gorriak duen bezala, hurrengo urtean beste erakunde edo enpresa batek izan dezake. Udalekin lortu nahi dute gutxienekoen gaineko akordioa, zerbitzua edozeinek hartzen duela ere lortutako baldintzek berme bat izan dezaten, eta udalek euren pleguetan jaso ditzaten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.