Sorosleen itolarria

Sorosleen itolarria

Eider Goenaga Lizaso

Grebara deitu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek. Astelehenean egin zuten batzarra, eta, ikusita urte osoan euren lan baldintzak hobetzeko egindako esfortzuak ez duela etekinik eman, uztailaren 29an, 30ean eta 31n greba egitea erabaki zuten. 115 bat sorosle aritzen dira Gipuzkoan, eta, aurten, Gurutze Gorriak kudeatzen ditu hondartza guztietako zerbitzuak, tokian tokiko udalak azpikontratatuta. “Profesionaltasuna eskatzen digute, eta hala gara; eta, gainera, argi daukagu zerbitzu honek profesionala izan behar duela; baina, gero, ez gaituzte profesional gisa hartzen, eta ez digute profesionaltasunik aitortzen”, adierazi du Mikel Ianzi sorosleak. Zurriolako hondartzako sorosle arduradunetako bat da, eta zortzigarren urtea du lan horretan.

Sorosleen artean ez da berria lan baldintzen inguruko kezka, baina antolatu gabeko lan arlo bat izan da beti. Urtean lau hilabetez kontratatzen dituzte, eta irailean, kalera; ordezkaririk ere ez dute Gurutze Gorriko langile batzordean. “Iazko udan aritu ginen Gurutze Gorriko langile batzordearekin hizketan, baina erantzuna ez zen ona izan; haientzat gu ez gara ezer”, azaldu du Jon Ibargurenek. Laugarren urtea du Ibargurenek sorosle gisa, eta Kontxako hondartzan dago aurten. “Berez, Mikel eta biok Zurriolako arduradun ginen iaz; baina, aurten, ikusita gauzak mugitzen ari zen talde horretan geundela, banandu egin gaituzte. Ez dute aitortuko, baina hala da”.

Greba, irtenbide bakarra

Babes bila ELA sindikatura jo zuten sorosleek, irailean, eta sindikatuak itxaroteko aholkatu zien; hobe zela neguan gaia sakon aztertu eta lantzea, akordioa lortzen saiatzea, eta, lortu ezean, auzia publiko egin eta pausoak ematea. Puntu horretara iritsi dira, eta, sorosleek diotenez, ez dute greba egitea beste irtenbiderik ikusten.

Gurutze Gorriko arduradunekin urtarrilean egin zuten bilera. “Mahai gainean jarri genien gure planteamendua, eta entzun gintuzten, baina hautaketa probak egin arte ez zen erantzunik izan”. Hobekuntza txikiren bat badela aitortu dute bi sorosleek, baina eurek eskatutakora hurbildu ere ez dira egiten. “Azaldu behar da, hala ere, Gurutze Gorriak zerbitzu hau eskaintzeagatik ez duela mozkinik ateratzen; gastuak estaltzeko ematen dio justu. Beraz, udalek langileen baldintzak pleguetan zehaztea eta diru gehiago jartzea da sorosleek eskatzen dituzten hobekuntzak lortzeko modu bakarra”, gehitu du Maddi Aspiazu ELA sindikatuko ordezkariak.

Uda baino lehen Donostiako Udalarekin ere egin zuten bilera sorosleek. “Eta hitz egin genuen, eta entzun gintuzten, baina hortik aurrera… Esan ziguten beraiek ez zekitela ezer”, dio Ibargurenek. Aspiazuk, baina, esan du udalek badutela lan baldintzen berri: “Gurutze Gorriak, urtero-urtero, uda sasoia amaitzean, memoria bat aurkezten du, eta hor jasota daude langileen baldintzak. Ezin dute esan ez dakitenik”.

“Udal batek jakin beharko luke berak azpikontratatzen dituen zerbitzu bateko langileak zein baldintzatan ari diren lanean; eta pleguetan gutxieneko batzuk ere zehaztu beharko lituzke, langileen baldintzei dagokienez”, aldarrikatu du Ibargurenek. Kasu honetan, azpikontratekin beste askotan gertatzen den gauza bera gertatzen dela azaldu du Aspiazuk: “Betikoa: udalak zerbitzu bat kontratatzen du, ahalik eta merkeen, noski, eta gero ez die jaramonik egiten langileen baldintzei. Noski, langileak kexatzen direnean, esaten dute ez zekitela ezer. Baina eurena da ardura”.

Pilota, udalen teilatuan

Donostiakoarekin ez ezik, Orioko Udalarekin ere egon dira sorosleak, eta beste udal guztiekin bilerak egiteko prest daude. Argi dute, egoera aldatuko bada, hortik etorriko dela aldaketa. “Orain sorosleen egoera mahai gainean dagoela, nik uste dut udalei dagokiela pausoa ematea; gu prest gaude haiekin hitz egiteko, negoziatzeko, baina beraiena da hitza orain. Gurutze Gorriak esan digunez, diru gehiago baldin badago, beraiek prest daude diruaz hitz egiteko, baina udalek jarri behar dute diru hori”.

Ibargureni, ordea, ez zaio iruditzen pilota soilik udalen teilatuan dagoenik. “Gurutze Gorriak ere egin zezakeen presioa, eta udalei argi eta garbi esan ordaintzen dutenarekin ezin dela zerbitzu on bat eman. Baina Donostiaren kasuan, adibidez, nik uste dut Gurutze Gorriari gehiago interesatzen zaiola bere irudia Zurriolan, Kontxan eta Ondarretan handi-handian ikustea, langileen eskubideen alde egitea baino”.

Euren lan baldintzak hobetuko eta bermatuko dituen hitzarmen bat nahi dute hondartzetako sorosleek, eta hitzarmen horretan euren baldintzak, gutxienez, igerilekuetako sorosleen parekoak izatea. ELAko ordezkariaren arabera, alde handia dago bien artean. “Hondartzetakoek mila euro inguru kobratzen dituzte; igerilekuetakoak, berriz, 1.500-1.600 euro inguruan ibiltzen dira. Kontua da igerilekuetakoek izan zutela lan hitzarmen bat, eta lan erreformarekin bertan behera gelditu zen arren, langileen borrokari esker, enpresek oraindik eusten diete han jasotako baldintzei”.

Igerilekuetako lana gutxietsi gabe, Ianzik azpimarratu du igerileku batean ez dauden faktore asko daudela hondartzan. “Hondartza batean biltzen den jende kopurua ezin da alderatu igerileku batekoarekin; hondartzako arriskuak ezin dira alderatu igerilekuko arriskuarekin… Gainera, hondartzako sorosleoi titulu bat gehiago eskatzen digute; beraz, haiekin parekatuta egon beharko genuke, gutxien-gutxienez”.

Sorosleen lana “gutxietsia” dela adierazi dute hirurek. “Ez gaituzte serio hartzen. Jende askok pentsatzen du udan sos batzuk irabazteko lan egiten dugun gazteak garela, gure lana erraza dela, hondartzan paseatzea dela gure lana. Baina profesionalak gara gu, eta ardura handiz egiten dugu ardura handiko lana”, aldarrikatu du Ianzik.

Euripean zein eguzkitan

10:00etatik 20:00ak artekoa izaten da sorosleen zerbitzua. “Baina ordu laurden lehenago joaten gara lanera, dena prest izateko, eta ordu laurden beranduago irteten gara, dena jasotzeko. Gu ados gaude gure jardunak hamar ordukoa izan behar duela, baina ordu erdi hori kontuan hartzea eta ordaintzea eskatzen dugu”.

Egunero-egunero lan egiten dute, eta jaiegunetan, hondartza beteta, are gogorragoa da lana; baina lanegun guztiak berdin kobratzen dituzte, ez dute beste ordainik jasotzen jaiegunetan lan egiteagatik. “Eta berdin du bero egitea edo egun osoa euritan egotea, zerbitzua berdin-berdin eman behar dugu. Zurriolan, adibidez, surf ikastaro pila bat egiten dira, taulak alokatzen dira, baita euria ari duenean ere; arrisku handia sortzen da halakoetan: eguraldi txarra, itsaso zakarra, eta esperientziarik gabeko jende pila bat taularekin itsasoan”.

Eta egun osoa euritan igarotzea gogorra bada, bero egunak ez dira hobeak. “Lagunei askotan esan izan diet: ‘Joan hondartzara eta egon han hamar orduz, siesta egin, irakurri, bainu bat hartu, bazkaldu, jan izozki bat, entzun musika, ibili palan, eman paseo bat, ea nola iristen zaren etxera. Bueno, bada, orain, horri gehitu ni egunean ordu erdi bakarrik esertzen naizela, eta bazkaltzeko ere ezin dudala utzi lanpostua”.

Sorosleen lana ardura handikoa dela dio Ianzik, eta beraiei ez dagozkien lanak ere egiten dituztela: “Guk psikologo lana egiten dugu, polizia lana ere bai, haur zaintzailearena, sanitario lana… Eta badaukagu prestakuntza bat, baina batzuetan gauza benetan larriak gertatzen dira, eta horiek ere guk artatu behar ditugu hasiera batean”.

Ianzik nabarmendu duenez, edonor ez da gai hondartzako zaintza lana egiteko. “Gure lanaren berezitasunagatik eta, batez ere, lan baldintza eskasengatik, mugikortasun handia dago sorosleen artean. Aurten, hogei sorosle beterano bakarrik aurkeztu ginen; beste guztiak berriak dira. Eta saia zaitez hondartza bateko zaintza soilik sorosle berriekin egiten; ezinezkoa da. Hondartza bakoitzak bere ezaugarriak eta berezitasunak ditu, eta denbora behar da horiek ezagutzeko”. Esperientzia duten sorosleek, beraz, urtero-urtero trebatzaile lana egin behar dutela gaineratu du Ianzik. “Eta okerrena da pertsona horiek hondartza ezagutzen hasten direnerako amaitu dela udako sasoia. Eta batzuk bueltatuko dira, baina beste asko ez, eta ez da harritzekoa, gure baldintzak ezagututa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.