Zubian, tokien %75etik gora betetzea aurreikusi dute hoteletan

Zubian, tokien %75etik gora betetzea aurreikusi dute hoteletan

X. Regil Agirre

Ez da errepideetan soilik nabarituko udako oporraldiek sortutako mugimendua. Gipuzkoako hainbat hotel, landetxe eta kanpinetan ere izango du eragina, eta bezero kopuruan gorakada sumatuko dute asteburu honetatik aurrera. Euskadiko Camping Federazioak aurreko urteetako datuetan oinarrituta egin du aurreikuspena, eta antzeko bezero kopurua espero dute aurtengo: ia bungalow guztiak alokatzea eta partzelen %60-70 inguru betetzea. Dena den, gehienetan bezala, eragin handia izango du eguraldiak.

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen datuen arabera, uztaileko azken astean eta abuztuko lehen hamabostaldian Gipuzkoako hoteletan eskainitako lekuen %75etik gora beteko dira batez beste, eta antzeko datuak dauzkate Donostiako hoteletan ere. Iazko zenbakiekin alderatuta, ez da izan gorabehera handirik; oso antzekoak dira 2017ko datuak. Aurtengo ekaineko zenbakiek, ordea, gorakada adierazi dute iazko urtekoaren aldean: gaualdiak %2,5 igo dira kostaldean, eta %8,9 barrualdean.

Gipuzkoako nekazaritza turismoko etxeek eta landetxeek, berriz, apur bat behera egin dute Nekatur Nekazalturismo Elkartearen arabera. 2017ko uztailean baino %3,31 bezero gutxiago izan da aurtengo uztailean; eskainitako lekuen %69,09 bete dira. Gaur hasi eta asteartera arte iraungo duen zubirako %73,26ko okupazioa izango dute; aurreko urtekoekin alderatuta, %8,74 egingo du behera.

Bisitari kopurua, gora

2016ko datuak berdintzea lortu zen iaz, eta, Eustatek emandako urte osoko datuen arabera, Gipuzkoara etorritako bidaiari kopurua %0,5 igo zen 2017an; gaualdiak, berriz, %0,1. Bisitari atzerritarrei dagokienez, Madrildik etorritako bisitariek egin dute gaualdi gehien Gipuzkoan. Herrialde Katalanetatik, Frantziatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik ere bisitari asko etorri da. Aipagarria da Errusia, Argentina eta Mexikoko bisitarien hazkundea ere. Datuak aztertuta, Denis Itxaso Turismo diputatuak oso balorazio ona egin zuen iaz: “Turismoa da, gaur egun, bizitasun handieneko Gipuzkoako sektore ekonomikoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.